Erromatar hiriak hartu zuen lekuan aurretik baskoi herrixka bat egon zen[2], Burdin Aroko kultura-osagaiak dituena, K.a. IV. eta K.a. III. mende artekoak. Herri txiki hori Andeloren ondoan zegoen eta erromatar hiri handiagora tokialdatu ziren[3].
K.a. I. mendeanopus signinum zoruekin apaindutako etxeak zeuden arren, hiriak I. eta II. mendeetan lortu zuen aldi gorena. Orduan, hiri-garapenarekin batera hornikuntza hidraulikoko sistema konplexua ezarri zuten[4].
Konplexu hidrauliko horrek bi presa (1980an aurkitutako Iturranduz urtegia eta 1983an aurkitutakoa), ubide bat, akueduktu-sifoi bat eta castellum aquae edo banaketarako kutxatila ditu.
Gainera Nafarroako museoan dagoen "Bakoren garaipena" izeneko mosaikoa eta Apolori eskainitako brontzezko plaka bat topatu dituzte. Hala ere, 1993an aurkitutako idazkuna da denetan bitxiena. Bertan agertzen da Likine abuloRaune ekien bilbiliaRs esaldia, batzuen ustez, aitzineuskaraz, eta beste batzuen ustez, berriz, iberieraz idatzia[5].
Etimologia
Etimologiaren arabera, ikerketek diote and horrek handia hitzari eginen liokeela erreferentzia; beraz, hiri handia litzateke Andelo[3][6]. Kontuan hartzekoa da, halaber, Akitanian, Andosto, Andots, Andossus edo Andossius jainkoa aipatzen duten inskripzioak daudela jainko horri eskainitako aldaretan.