Armiarmak, halaber ainarbak (Zub.), aramuak (Bizk.), marasmak edo
parasmak (Lekeitio) (Bizk.), Araneaeordenako zortzi hanka dituzten eta pozoia injektatzeko kelizero modifikatuak dituzten artropodokelizeratuak dira. Munduko txoko guztietan bizi dira, Antartikan salbu, eta ia txoko ekologiko guztietan finkatu dira, airean eta itsasoan salbu. 2008rako, taxonomoek 109 familiatan sailkatutako 40.000 espezie inguru identifikatu zituzten[1]. Hala ere, sailkapen irizpideak ez dira homogeneoak eta nahasketa handia dago; 1900. urtetik 20 sailkapen proposatu dira armiarmentzat[2].
Anatomiari dagokionez, armiarmen eta gainerako artropodoen arteko ezberdintasun nagusia gorputzaren forma da: gorputzeko segmentuak bi tagmatan batuta dauzkate, zefalotoraxa eta abdomena hain zuzen, eta biak lotzeko pedizelo zilindriko txikia daukate. Armiarmen Mesothelae taldean salbu —primitiboena da—, armiarmek artropodo guztien arteko nerbio-sistema zentralizatuena daukate, haien gongoil guztiak zefalotoraxean kokatutako masa bakarrean elkartuta baitauzkate. Artropodo askok ez bezala, ez daukate muskulu hedatzailerik gorputz-adarretan; horren ordez, presio hidraulikoaren bidez luzatzen dira.
Abdomenean irun-organo modura garatu diren apendizeak dauzkate zeta ekoizteko. Zeta sortzeko sei guruin mota eduki ditzakete. Armiarma-sarea edo amarauna deitutakoa sortzeko gai dira, tamaina, forma eta zeta-kopuru askotakoak.
Izenak
Euskalkitik euskalkira izena zeharo aldatzen da. Lekeition adibidez, parasma izena du. Beste izen batzuk lupu, ainarba edo aramu dira.
Ezaugarri fisikoak
Armiarmen ezaugarri fisikoak beste araknidoen antzekoak dira. Gorputza prosoma eta opistosoma deituriko zatietan banatzen da eta beste araknido gehienen antzera apendizeak dituzte: bi kelizero, bi pedipalo eta lau hanka lokomotorez osatzen dira.
Tamaina
Armiarmen tamaina 0,5 mm eta 9 cm artekoa da. Armiarmarik handienek hegazti txikiak ehizatu ditzakete eta hankak zabalduta 25 cm baino gehiago izatera hel daitezke. Karbonifero eta permiar aroan 50 cm baino handiagoko armiarmak bizi izan ziren. Gaur egungo handiena Theraphosa blondi edo goliat tarantula deiturikoa da: 30 cm neurtzera hel daiteke eta Amerikar jatorrikoa da.[3]
Prosoma
Aurrez aipaturiko apendizeak prosoman txertatzen dira begi sinpleekin batera. Kelizeroek artikulazio bakarra izaten dute eta gehienetan muturrean pozoidun glandulak dituzte. Pedipaloak hanken oso antzekoak dira, baina lurreraino iritsi beharrean, gorputzaren aurrealdean airean eramaten dituzte. Kasu askotan, espezie askotako arrek pedipaloak emeak gorteatzeko erabiltzen dituzte: horrelakoetan, pedipalo horiek handiak eta ikusgarriak izan daitezke. Funtzio horretaz gain, ugalketa elementu funtzioa ere betetzen dute, emearen gorputzean esperma boltsa bat txertatuz.
Funtzio lokomotorea betetzen duten hankak prosomaren azpian daude, zazpi zatitan banatuta: koxa, trokanterra, femurra, belauna, tibia, metatarsoa eta tarsoa.
Opistosoma
Zati horretan, zeta ekoizteko glandulak daude eta kanporantz irekitzen dira, errenkada deituriko zatien bitartez. Opistosomaren Zetaepiginoa, birikak, trakea sistema eta arnasketa barrunbeak aurki daitezke.
Barne-anatomia
Armiarmak animalia harrapariak dira, kelizeroetako pozoiarekin harrapakinak geldiarazten dituztenak. Armiarmarik gehienek digestio-entzimak txertatzen dizkiote harrapakinari, kanpo digestio bat eraginez. Kelizeroetako zati diren hortzekin harrapakina murtxikatzen dute armiarma askok. Hortz horietan daude elikagaia iragazteko (partikula solido eta likidoak banatzeko) balio duten ileak.
Digestio aparatu gisara, digestio hodiaren sarreran faringea dago. Horren ondoren, prosomaren erdialdetik opistosoma amaierara arte dibertikuloz osatutako hestea egoten da: kasu batzuetan, hanketara ere iristen da. Zirkulazio aparatuari dagokionez, irekia daukate, bihotza opistosoman kokaturik. Taupadak minutuko 30 eta 100 bitartean izaten dira, baina armiarma txikien kasuan, maiztasuna handiagoa da. Presio altuko zirkulazioa dute, hanken mugimendurako gakoa izaten dena. Arnasketa funtzioa barneratutako organoen bitartez egiten da, liburu erako birika edo filotrakea deiturikoen bitartez.
Sentsore ekipamendua
Armiarmek antenarik ez dutenez, pedipaloak erabiltzen dituzte ukimen eta usaimen organo gisa. Orokorrean, armiarmen ikusmena oso txarra izaten da begi sinpledun pare bat baino gehiago izan arren. Dauzkaten begi pareen nolakotasunaren arabera armiarma mota ezberdinak bereiz daitezke. Gutxi batzuen kasuan ikusmena oso eraginkorra da eta saltizidoen kasuan ornogabeen arteko ikusmenik onena daukate.[4]
Zeta
Armiarma guztiek zeta ekoizten dute. Proteina konplexuz osatutako materiala da, funtzio asko betetzen dituena: harrapakinak ehizatu eta bertan bidu, tunelak eta horrelakoak eraiki, etab. Zenbait armiarmak zetazko hari luze bat ekoizten dute, bela gisara erabili eta haizeak eraman ditzan. Horri armiarma-hegaldia[5] esaten zaio eta haizearen indarra erabiltzen dute ehizerako edo norabide zehatz batean mugitzeko. Zeta ekoizteko, errenkada deituriko glandulak erabiltzen dituzte eta airearen kontaktuarekin gogortzen den fluido bat ekoizten dute.[6]
Elikadura
Armiarmak harrapariak direnez, harrapakinak aktiboki ehizatzen dituzte. Batzuk amarauna ekoitzi eta erabiltzen dute, horrela harrapakina bertan eroriz edo itsatsiz errazago harrapatu ahal izateko. Kasu horietan, armiarma zain egoten da, hankak sarean zabalduta dituelarik, sarearen bibrazioen bitartez zerbait harrapatu duela antzeman eta hurbiltzeko. Armiarmek ez dituzte harrapakinak zatikatu eta irensten, baizik eta pozoiaren bitartez paralizatu ondoren, zuku digestibo batzuk txertatzen dizkiete, kanpo digestio bat sortzeko. Behin digestio hori eginda, geratzen dena zurrupatzen dute.
Eboluzioa
Forma primitiboak
Armiarmen antza eduki dezaketen lehenengo araknidoak Trigonotarbida ordenekoak dira. Hauek dira lurrean egindako lehenkotariko artropodoak. Armiarmen gisara trigonotarbidoak ere lurtarrak ziren, liburu erako biriken bitartez arnasten zuten eta zortzi hanka zituzten. Hala ere, ez ziren osotasunean armiarma kontsideratzeko modukoak, ez eta haien arbaso gisara hartzeko modukoak ere. Ez dira gaur egungo armiarmen ahaideak, baina oso antzekoak dira.
Benetako armiarmak
Egun, armiarma izenarekin izendatzen ditugun araknidoek prosoma eta opistosoma elkarzten dituen gerrialde fin bat daukate eta orain dela 400 milioi urte inguru eboluzionatu zuten. Horiek ere, errenkaden bitartez ekoizten zuten zeta. Aurkitu den fosilik zaharrena orain dela 380 milioi urtekoa da (deboniko arokoa) eta Attercorpus fimbriungus izenaz ezagutzen da.
Aurkitu diren lehen fosil gehienak Mesothelae azpitaldekoak dira. Armiarma horien berezitasuna errenkadak opistosomaren erdialdean izatea zen (egungo gehienek opistosomaren bukaeran izaten dituzte, ordea). Ziurrenik, horiek ere lurtar harrapariak bide ziren, Peleozoikoaren erdialdean bizi izan zirenak eta ekoitzitako zeta arrautzak babestu eta gordelekuei estalkia jartzeko erabiltzen zuten. Errenkadan opistosomaren behealdean dituzten armiarma espezieak (Mygalomorphae eta Araneomorphae) orain dela 250 milioi urte agertu ziren.
↑Foelix, Rainer F.. (1996). Biology of Spiders. 198 Madison Ave. NY, New York, 10016: Oxford University Press, 3 or. ISBN0-19-509593-6. (Noiz kontsultatua: 2009-04-09).