Iparraldean, batez ere, arteriei talkazain[1][2] edo zain handi[2] izenak eman izan zaizkie.
Anatomia
Arteriak organo luzeak dira, tutu edo hodi itxurakoa eta hiru geruzek osatua: barnekoa (endoteliala), erdikoa (giharrezkoa) eta kanpokoa (konjuntiboa). Azken horretan bukatzen dira arteriaren elikadura hodiak eta zentzumen nerbioen buruak. Arteria batzuek euren izena dute: hala, karotida bikoitza da eta burmuinetara eramaten du odola; aorta bihotzaren ezkerreko barrunbean sortzen da eta gorputzeko handiena da. Gainerako arteriak, zeri dagozkion haren arabera izendatzen dira; esate baterako, sabel arteria: odola urdailera eta sabelaldeko beste organoetara eramaten duena; arteria koronarioak: bihotzaren berezko arteriak; giltzurrun arteriak: odola giltzurrunetara eramaten dutenak; arteria subklabioak: bi dira eta enbor brakeozefalikotik eta arku aortikotik abiatu eta leporantz bideratzen dira.
Arteriek zeregin bat baino gehiago dituzte zirkulazio nagusian eta txikian. Zirkulazio nagusian odol arteriala (oxigenoduna) garraiatzen dute; aortaren albo adarrak dira. Horretarako, bihotzaren taupadek ahalbidetzen dute biriketan garbitutako odol hori organo guztietara ailegatzea. Zirkulazio txikian odol benosoa eramaten dute bihotzetik biriketara, han oxigenoa har dezan; birika arteriaren adarrak dira.