Artikulu hau lurralde bateko hizkerari buruzkoa da; adiera zabalago batean, edonolako hizkera mota gaitzat duena beste hau da: «Hizkera»
Dialektoa, batzuetan aldaera diatopiko eta geolekto ere deitua, sistema fonetiko, lexiko eta morfosintaktikoan ezaugarri bereziak dituen hizkuntza aldaera da, lurralde mugatu batean mintzatzen dena. Zenbaitetan, hizkuntzalaritzatik kanpora, gizarte-prestigioko arrazoiak direla tarteko, dialektoa "hizkuntza baino maila apalagoa duen mintzaira" dela jotzen da.
Dialektoaren eta hizkuntzaren arteko banaketa
Hizkuntza baten eta dialekto baten arteko en daezberdintasuna ez da argia.
Alde batetik, arrazoi linguistikoak daude. Ikuspegi horren arabera, hizkuntza batetik edota hizkuntza-talde batetik datorren hizkera dialektoa das. Horrela, gaztelania, italiera, galiziera, errumaniera, eta abar, latinaren dialektoak dira.
Historikoki, baina, hitz hori hizkuntza bat gutxiesteko erabili den terminoa da. Dialekto, hortaz, gizarte onespenik gabeko hizkuntzei deitu izan zaie (asturiera, aragoiera, frankoproventzera, eta beste hainbatekin gertatu bezala). Hizkuntza gutxitu gehienek egoera hori pairatu izan dute edo oraindik pairatzen dute.
Bestetik, askotan arrazoi politikoak direla medio, dialekto bat hizkuntza bilakatu da, eta alderantziz. Serbokroazieraren dialekto izan dira kroaziera, serbiera, montenegroera eta bosniera urte askoan, baina hizkuntza talde horien herrialde bakoitzak independentzia lortu zuenetik, hizkuntza bihurtu dira, arrazoi politikoen indarra agerian utziz. Egoeraren argigarri, serbieraren eta kroazieraren ia desberdintasun bakarra alfabetoa da: kroazierak latindarra darabil eta serbierak, zirilikoa.
Max Weinreich hizkuntzalariak hau dio: "Armada duen dialektoa hizkuntza da". Haren arabera, hizkuntzaren eta dialektoaren arteko bereizketa, beraz, politikoa da, linguistikoa bainoago.