Share to: share facebook share twitter share wa share telegram print page

Enrique Rodríguez Galindo

Enrique Rodríguez Galindo
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakEnrique Rodríguez Galindo
JaiotzaGranada1939ko otsailaren 5a
Herrialdea Espainia
HeriotzaZaragoza2021eko otsailaren 13a (82 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: COVID-19a
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
JarduerakGuardia Zibila
Enplegatzailea(k)Espainiako Barne Arazoetako Ministerioa  (1958 -  2002ko apirilaren 3a)
Jasotako sariak
KidetzaGrupos Antiterroristas de Liberación
Graduabrigada-jeneral
komandante
koronel
teniente
kapitain
teniente koronel

Enrique Rodríguez Galindo (Granada, Espainia, 1939ko otsailaren 5a - Zaragoza, 2021ko otsailaren 13a) Guardia Zibileko jenerala izan zen. Erakundean 1958an hasi eta 1980rako komandantea zen. Orduan Intxaurrondon egoitza duen 513. komandantziaren agintaritza lortu zuen. 1992ko otsailaren 26an jeneral izendatu zuten.

Gerra zikinean ibiltzeagatik, eta Lasa eta Zabalaren hilketan inplikatuta egoteagatik GALeko partaide bezala, 2000. urtean 71 urteko espetxe-zigorra jaso zuen.[1] 2004an, osasun-arazoak zituela eta, kartzelatik atera zuten.[2] 2021eko otsailaren 13an hil zen, COVID-19aren eraginez.

Biografia

Lehen Urteak

Granadan (Espainia) jaio zen 1939ko otsailaren 5ean, Guardia Zibileko ofizialorde baten semea, eta Ubedako Guardien Akademian sartu zen 1958an. Bigarren guardiako lana lortu ondoren, oposizio baten ondoren, Zaragozako Akademia Militar Nagusira sartzea lortu zuen, non teniente bezala graduatu zen 1965ean, bere lehen destinoa Huescako herri bat izan zelarik.

Ondoren, Ekuatore Gineako kolonia zaharrean borondatezko destinoa eskatu zuen. 1970ean teniente izendatu zuten Gipuzkoako Trafiko azpisektore desagertuan, Donostian, eta 1971n kapitain lana lortu zuen. Ondoren, lau urtez, Guardia Zibilaren Sustapen Zentroan aritu zen irakaskuntzan, polizia-ekintzara itzultzea erabaki eta Cadizeko Komandantzian destinoa eskatu zuen arte. Han eman zituen kapitain izateko azken bost urteak.

Intxaurrondora iritsiera

Enrique Rodriguez Galindo 1980an iritsi zen Euskal Herrira, Donostiako Intxaurrondo auzoko Guardia Zibilaren kuartelera. Kuarteleko bigarrena zen. Ofizialki ez zen hura Intxaurrondoko burua, gainetik beti zeukan beste norbait; baina de facto harena zen Intxaurrondoko agintea, eta haren goikoek apenas egiten zuten denboraldi motz bat Donostian. 1988an lortu zuen kuarteleko buru izatea[3].

PSOEk 1982ko hauteskundeak irabazi eta gero, Barne eta Justizia Ministerioko talde berriak kargutik kendu nahi zuen. "Kargutik kentzea zaila zen", Fernando Lopez Agudin Ministerioko prentsa arduradunaren esanetan. "ETAri buruzko aditu nagusia zen eta sekulako babesa zeukan Espainia osoan". Galindo botatzeak eragingo lituzkeen kritiken beldur, karguan utzi zuten. Ez hori bakarrik. Jeneral izendatu zuten 1995eko abuztuan[3].

GALen sorrera

CESIDen 1983ko irailaren 28ko paper baten arabera -Frantzia hegoaldea-, "ekintza bortitzak" egingo ziren laster. Ekintzak Intxaurrondoko Guardia Zibilek egin behar zituzten; beste batzuk, berriz, Frantzian kontratatutako beste pertsona batzuek[3].

Erabaki politiko hori hartu eta ekintzak gauzatzerako bide labur horretan, beste bilera bati buruzko erreferentzia bat ere badago, eta CESIDeko bi bulego oharren arteko mugimendu bat islatzen du. Intxaurrondoko guardia zibil batek -Jose Maria Velazquez Sorianok- Lasa-Zabala auziaren sumarioan deklaratuzuenez, 1983ko abuztuan Galindoren etxean bilera bat egin zuten, eta Intxaurrondoko hamabost guardia zibil inguruk parte hartu zuten[3].

Honela jasotzen ditu sumarioak Velazquez Sorianoren adierazpenak: "Galindok esan zigun Espainiako Gobernuaren agindua zuela ETAren kontra borrokatzeko,baina ez ordura arte erabilitako bideekin. Aukeratuak izan ginela esan zigun, eta Iparraldera joan behar genuela,legez kanpoko ekintzak egitera". Velazquez Sorianok sei aldiz berretsi zuen deklarazio hori instrukzio epailearen aurrean, nahiz eta epaiketan ukatu[3].

Espainiako Gobernua eta Galindo gero eta ataka estuagoan zeuden GALen ekintzengatik, baina Espainiako Gobernuak probokaziotzat har zitekeen erabakia hartu zuen: 1992ko abuztuan Galindo brigadako jeneral izendatu zuen, koronel karguan sei hilabete eskas eginda[3].

Lasa-Zabala auzia

Gomez de Liañok Galindo espetxeratu zuen 1996ko maiatzean. Epailearen esanetan, "Galindo izan zen, ikusita oinazeek bi mutilak ze egoera negargarritan utzi zituen, erabaki zuena Lasa eta Zabala Alicantera eramatea eta desagerraraztea". Barrionuevok, Verak eta Corcuerak prentsaurrekoa antolatu zuten, esateko Galindoren lekua hartu nahi zutela espetxean. Gomez de Liañoren erabakiak "tristura eta frustrazioa" eragin zizkion Felipe Gonzalezi[3].

"1983ko urriaren 16tik Jose Antonio Lasa Arostegui eta Jose Ignacio Zabala Artano La Cumbren egon ziren atxilotuta eta haien zaintza, Enrique Rodriguez Galindo komandantearen aginduak jarraituz, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardien esku utzi zuen Angel Vaquero Hernandez kapitainak. Txandak egiten zituzten eta beste zenbait pertsonak ere parte hartu zuten", dio epaiak hitzez hitz. Hala, epaiak berak onartu zuen jende gehiagok ere parte hartu zuela Lasa eta Zabalaren bahiketan, nahiz eta haien izenik ez den inoiz argitu[3].

Lasa eta Zabala galdekatuak eta torturatuak izan ziren La Cumbre jauregian. Epaiaren arabera, Dorado eta Bayo aritu ziren haiek galdekatzen -torturarik ez zuen frogatutzat jo epaiak, gorpuak aurkitu zirenerako hezurrak bakarrik gelditzen zirela eta horrekin torturatuak izan zirela baieztatzea ezinezkoa zela argudiatuta-, eta Angel Vaquero kapitainak ere "maiztasunez" bisitatu zituen. "Lehen egunean Enrique Rodriguez Galindo eta Jose Julian Elgorriaga Goienetxek ere bisitatu zituzten", dio epaiak[3].

Epaiketan "jainkoagatik" eta bere "ohorearengatik" zin egin zuen ez zuela zerikusirik izan hilketekin. Bayori eta Doradori buruz esan zuen "inoiz" eduki zituen "gizonik onenak" zirela terrorismoaren kontrako borrokan, eta haien pareko sei gizonekin "Hego Amerika osoa konkistatu" zitekeela. Ordurako Bayo eta Doradok zigorrak jaso zituzten torturengatik eta armazko lapurretagatik[3].

71 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Galindori, Lasa eta Zabalaren bahiketagatik eta hilketengatik. Auzitegi Gorenak lau urte gehiago ezarri zizkion,bere karguaren izaera publikoa larrigarria zela iritzita[3].

Rodriguez Galindok helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, baina Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen, 2001ean. Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen akusazio partikularraren helegite bat ere, eta Lasa eta Zabala auzian zigortuei ez zieten leporatu talde armatuko kide izatea. Auzitegiaren esanetan,zigortuak ez ziren talde armatuko kide, GAL epaitutako ekintzak baino hilabete batzuk beranduago sortu zelako, 1983ko abenduan -Lasa eta Zabala 1983ko urrian bahitu eta hil zituzten-[3].

Beste kasu batzuk

Garzonek Oñederra kasuko susmagarritzat ere jo zuen Enrique Rodriguez Galindo, Andres Cassinello Guardia Zibileko Estatu Nagusiko buru ohiarekin eta Jose Antonio Saenz de Santamaria, Guardia Zibileko zuzendari nagusia eta Poliziako inspektore nagusi ohiarekin batera. Peroteri espetxeko ziegan -CESIDeko sekretuak kaleratzeagatik zegoen preso- atzemandako agirietan (gero CESIDek desklasifikatu behar izan zituenak) oinarritu zen. Garzonek ez zien zehazki ekintza bat egozten, GAL Berdearekin lotura izatea baizik. 2002an epaileak inputazioa kendu zien Casinello, Galindo eta Manglanori -lehenago kendu zion Saenz de Santamariari-; delitu konkreturik ezin zitzaiela leporatu, eta erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribituta zegoelako. Auzia 2003an artxibatu zuten[3].

Bere karreran zehar, hedabide desberdinek, Diario 16, Egin eta Egunkariak, narkotrafiko sareei lotuta egotea eta gizakien salerosketa leporatu zioten, nahiz eta epaileek ez zuten horregatik kondenatu[4]. 2006an, El Mundo egunkariak Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak 1992ko urriaren 17an egindako txosten sekretu bat argitaratu zuen, non Galindok narkotrafikoarekin dirua irabazi zuela onartzen zen. Txostenaren arabera, irabaziak terrorismoaren aurkako borrokara desbideratu ziren, eta, geroago, horien zati bat Galindoren diru kutxara joan zen[5][4]. Galindok Diario 16 eta Egin egunkariak salatu zituen albiste horiek argitaratzeagatik, baina 1999an eta 2000n epaiketak galdu zituen. Era berean, Negu Gorriak euskal taldea salatu zuen "Ustelkeria" abestiaren letragatik, non taldeak Egunkarian argitaratutako albistearen berri eman zuen, nahiz eta guardia zibilak auzia galdu zuen.

Kokainaren afera

1988ko maiatzaren 7an, Espainiako poliziak Irunen atzemandako 150 kilo kokaina desagertu ziren, inork ikertu gabe. Ia mila kilo kokaina atzeman zituztela jakinarazi zuten eta bi urtera jakin zen bi egunera 850 zirela zeuzkatenak, azalpenik gabe. Gertaeran oinarriturik, Negu Gorriak taldeak gertaerei buruzko Ustelkeria abestia kaleratu zuen 1991ko Gure jarrera diskoan, Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko kuarteleko burua seinalatuz. Galindok salaketa jarri zuen –eta 2001ean epaiketa galdu– taldearen eta Esan Ozenki diskoetxearen aurka, elkartasun oldea eraginez. 1989an abiatutako “Navajas txostenak” Intxaurrondoko Guardia Zibilaren hainbat buruzagi narkotrafikoko operazioekin lotzen zituen, baina txostena “desagertu” egin zen.[6][7]

Kartzela eta gero

Rodriguez Galindo 2000. urteko maiatzaren 9an sartu zen Alcala de Henaresko espetxe militarrean. 2003ko uztailaren 14an Ocaña IIra eraman zuten, militar estatusa kendu ziotelako. Senideek indultua eskatu zuten, 100.000 sinaduraren babesarekin. Auzitegi Goreneko Fiskaltzak indultua baztertu egin zuen. 2004ko irailaren 29an, Espainiako PSOEren gobernuak aske uztea erabaki zuen.[8] Hala ere, Rodriguez Galindo hilabete gutxira atera zen espetxetik, 2004ko urriaren 1ean, gaixotasunagatik. 2005eko urtarrilaren hirugarren gradua eman zioten eta, ondoren, urriaren 4an baldintzapeko askatasuna eman zioten. 75 urteko kartzela zigorretik lau urte eta lau hilabete inguru egin zituen espetxean[3].

2021eko otsailaren 13an hil zen, COVID-19 pandemiaren ondorioz[9] Azkenengo egunak Zainketa Intentsiboetako Unitatean igaro zituen oso larri eta otsailaren 2tik koma egoeran zegoen[10].

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Kembali kehalaman sebelumnya