Europako Estaturik gabeko beste nazioekin alderatuta (Euskal Herria, Katalunia, Flandria, Galizia, Gales, Korsika, Hego Tirol...) eskoziar nazionalismoak ez dio arreta berezirik ematen berezko hizkuntzari (gaelerari), argudio historiko eta ekonomikoak erabiliz, batik bat, bere tesi independentistak plazaratzeko.
Halere 1999an bigarren berpizkunde bat etorri zen: Eskoziako devolution delakoaren ondorioz Eskoziako Legebiltzarra eratu eta bertan Eskoziako Alderdi Nazionala bigarren indarra izan zen, laborista eta liberal demokratek osatutako gobernuari oposizioa eginez. Emaitza honen arduradun nabarmenetako bat alderdi horretako buruzagia zen Alex Salmond izan zen. Urte honetan Eskoziako independentziaren gaiak Britainia Handiko politikan berriz ere protagonismoa jaso zuen-
Garai honetan eskoziar nazionalismoak mundu mailan ospetsuak diren eskoziarren babesa jaso zuen, esate baterako Sean Connery aktorea edota The Proclaimers eskoziar musika taldea. Hauek sarritan Eskoziako independentziaren alde mintzatu direlarik.
2007komaiatzaren 3an egindako hauteskundeetan (Eskoziako parlamentua berritzeko hauteskundeak) Eskoziako Alderdi Nazionala herrialde honetako alderdirik bozkatuena izan zen, urte askotan nagusitasuna eduki duen Alderdi Laborista bigarren postuan utziz. Ondorioz, ordurarte eskoziako nazionalismoak bere historia osoko emaitzik onena lortu zuen. Eskoziako biztanleen bozken %37a eta legebiltzarreko 129 eserlekuetatik 47 eserleku lortu zituen. Alex Salmond Eskoziako aurreneko Lehen Ministro nazionalista bilakatu zen.
2011ko Eskoziako Hauteskundeetan Eskoziako Alderdi Nazionalak oraindik emaitza hobeak atera zituen: bozka guztien %44,04a eta 129 eserlekuetatik 69 lortu zituen. Hortaz, gehiengo absolutua lortu zuen.
2011ko garaipenak (gehiengo osoarekin) argudio indartsuak eman zizkion Eskoziako Alderdi Nazionalari (SNP) independentziaren gaia Londresekin negoziatzeko. Izan ere, hauteskunde kanpainan SNPk independentziari buruzko erreferenduma agindu zien haren boto-emaileei, eta nagusitasun politikoa lortu ostean gaiari tinko heldu zion.
Hola, 2012an Edinburgo eta Londresen arteko negoziazioak burutu ziren, eta urte horretako urrian Edinburgoko Ituna sinatu zen [1] erreferendumari argi berdea ematen ziona.
2014ko irailaren 19an independentziari buruzko erreferenduma burutu zen. Herritarrek galdera honi eman behar izan zioten erantzuna: "Eskoziak herrialde independentea izan beharko luke? Bai ala ez" [2]. Ezezkoaren aldekoek irabazi zuten, botoen %55arekin (baietz bozkatu zuten %45ak). Parte hartzea %84,5eko izan zen.
Gaur egun (2017an) Eskoziako independentziaren alde, SNPaz gain, Eskoziako Alderdi Berdea eta Eskoziako Alderdi Sozialista ere badaude. Eskoziako Parlamentuan alderdi independentistek gehiengoa dute.
Eskoziar nazionalismoaren ispilua
Sarritan eskoziar nazionalismoa beste herrialdeetako nazionalismoaren oinarri edo ispilu izan da, bereziki kataluniar nazionalismoarentzat edota Euskal HerrianEAJ alderdiarentzat, nagusiki eta aldameneko Irlandan ez bezala, teorian bortizkeria edo gatazka armaturik gabeko nazionalismoa izan baita.