Giberelinakfitohormona edo landare-hormonetako mota bat dira, funtsezko zeregina betetzen dutenak landareen hainbat prozesu fisiologikotan. Hazien latentzia moztuz erne egiten ditu eta kimuen eta fruituen hazkuntza aktibatzen du besteak beste[1]. Azido abszisikoaren aurkako eragina du.
Etimologia
Haien izena onddo batetik dator (Gibberella fujikuroi), 1935ean onddo horretatik isolatu baitzen estreinakoz.
Egitura kimikoa eta motak
Egitura kimikoari dagokionez diterpenoide azidoak dira. Bi giberelina multzo daude, 20 karbono dituztenak eta 19 dituztenak. 20 karbonotakoak ez dira aktiboak baina garaia iristen denean karbono bat galdu eta hirugarren karbonoa hidroxilatzen zaie. Orduan aktibatu egiten dira.
Ehun giberelina baino gehiago ezagutzen dira egun, GA letrekin eta zenbaki batekin izendatzen direnak (GA1, GA2.....GAn)
Funtzioak
Kontzentrazio baxua nahikoa dute beren funtzioa betetzeko. Ehunetan kaltzio kontzentrazioa handitzen dute eta ondorioz zelulen zatiketa eta hazkuntza aktibatzen dute. Horrela beraz, zurtoinen hazkuntza abiatu, erneketa bultzatu, eta ernamuin eta fruituen garapena eragiten dute.
Erabilerak
Nekazaritzan interes handiko substantziak dira, aplikazio praktiko ugari dituztenak hainbat landaren ekoizpenean
Erreferentziak
↑Srivastava, Lalit M.. (2002). Plant Growth and Development: Hormones and Environment. San Diego, California: Associated Press, 171-190 or. ISBN978-0-12-660570-9..