Iberiarra (latinez: Hibērī, grezierazko Ιβηρία hitzetik ekarria), erromatarren aurretik Iberiar penintsularen ekialdean eta Galiako hegoaldean kokatutako herria izan zen, erromatar eta greziar iturrien arabera (besteak beste, Hekateo Miletokoa, Avieno, Herodoto eta Estrabon). Iberiar talde etnikoa, kultura eta entitate politikoa ez daude zehazki definiturik. Terminoa oso zabala da, eta haren barrenean Burdin Aroko zenbait herri sartzen dira, historian zehar iberiar identifikazioa jaso dutenak. Edonola ere, herri horiek ezaugarri komun batzuk zituzten, hala nola, K.a. VI. mendetik aurrera feniziarren eta greziarren eragina jaso izana.
Historiaurrean Iberiar Penintsulako hegoaldean eta ekialdean bizi ziren herri bateko kideak ziren iberiarrak. K.a. VIII. eta VI. mendean zelten migrazio oldeak izan ziren penintsularen iparraldean eta erdialdean, Portugalen eta Galizian batez ere, baina Brontze Aroan penintsularen hegoaldean eta ekialdean bizi ziren iberiarren lurraldeetaraino ez ziren iritsi.
Geografo greziarrek iberiar izena eman zieten Ebro (Iberus) ibaiaren hego-ekialdeko bazterrean bizi ziren leinuei, baina K.a. V. menderako Ebro eta Guadalquivir ibaien artean bizi ziren guztiak izendatzeko erabiltzen zuten iberiar izena. Hala ere, lurralde batzuetan izan ziren iberiarren eta zelten artean harremanak, hala nola Iberiar Penintsularen erdialdeko ordokiaren iparraldean eta ekialdean eta baita ere gaurko Kataluniako eta Aragoiko lurraldeetan. Almerian eta Granadako mendietan bastetani-ak bizi ziren; bastetani-en mendebalean tartesiarrak bizi ziren; eta turdetani-ak Guadalquivir ibarreko herri indartsuena zen. Gaurko Kataluniako eta Valentziako kostaldeko leinuengan greziarren eragina handia izan zen, eta Alacantekoengan feniziarrena. Iberiar Penintsulako ekialdeko kostaldean hiri estatuetan biltzen ziren iberiar leinuak, eta hegoaldean, berriz, erregeak zituzten. Ibero estiloko brontzezko eta buztinezko ontziak aurkitu dira hilobietan; Elxeko Dama eskultura iberiarrak greziarren eragina erakusten du.
Hizkuntza hau ez da ia ulertzen, hitz solte batzuk kenduta, ziur asko lekukotasun nahikorik ez dagoelako eta ez delako hizkuntza indoeuroparra delako. Alfabetoa edo, hobeto esanda, signarioa, ia osorik deskodeturik dago, signario horretan bertan idatzita dauden zeltiberierako idazkunei esker. Fonetika nahiko ondo ezagutzen da, eta euskararenaren antzekoa da, hasperentze ezaz landa.
Ez dago argi zein adar linguistikori atxiki ahal zaion, ezeinekin lotu ahal bada. Historian zehar, euskararekin lotu nahi izan da, baina teoria horrek, eusko-iberismoak, ez du emaitza argirik izan orain arte. Zenbait ikertzaile saiatu dira iberiera deszifratzen euskara erabilita, baina huts egin dute. Beste batzuk iberieraren eta aitzineuskararen arteko antzekotasunak aurkitu dituzte, baina gehienek uste dute elkarren alboan esparru geografiko hurbilean izan zirelako elkarren arteko trukeak gertatu zirela.
Iberieraren eta euskararen arteko hitz batzuk antzekoak dira.
Artea
Eskulturan hiru aldi nagusi bereizten dira: lehen aldian (k.a 550-450) sortaldeko herrien eragina nagusi da; bigarren aldia (k.a 450-erromanizazioaren garaia arte) animalien irudiek markatzen dute; hirugarren aldia, berriz, erromanizazioarena da. Zeramikan mota askotako apaindurak erabiltzen zituzten (“damak”, animaliak, gizonak), eta gerra eta ehizako irudirik ere tankeratzen zuten. Garai hartako txanponak ere aurkitu dira: alde batean izurdeak zituzten, eta bestean zaldun lantzadun bat.
Iberiar gastronomia garaiko gastronomia mediterraneoaren parte zen. Bertoko produktuez gain, greziarrekin eta kartagotarrekin harremanak komertzialak egiteko produktuak ere ekoizten zituzten.