Idiakaitz (Irikaitz) Paleolito garaiko aire zabaleko arkeologia-aztarnategi bat da, Zestoan, Urola ibaiaren ezkerraldean dagoen ordoki batean, bainuetxearen eta herriko futbol zelaiaren artean.
2001eko uztailaren 30an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].
2011ko abuztuan, duela 25.000 urteko zintzilikario bat topatu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Alvaro Arrizabalagak zuzendutako indusketan, 13. kanpainan[2][3]. Pieza benetan da berezia, aldi berean apaingarri eta tresna baita.
Ezaugarriak
Urola ibaiak mugatzen du aztarnategia ekialdetik, baina beste gainerako mugak ezin izan dira orain arte zehatz-mehatz finkatu. Mugak orain arte egindako katen arabera ezarri dira eta, beraz, esan daiteke gutxieneko mugak direla, gaur arte egindako azterketa arkeologikoetan oinarrituta finkatu baitira.
Gaur egun egindako mugaketaren ekialdean Urolako trenaren lubakia dago eta hori egiterakoan, ziur aski, aztarnategiaren zati bat hondatu egingo zen. Lan horien ondorioz bertako materialak aztarnategian barrena barreiatu ziren. Baina egindako katen arabera badirudi badela arrasto gehiagorik sedimentuaren leku sakonagotan.
Hauek dira aurkitutako materiala aztertu ondoren ateratako ondorioak:
- Ez da bigarren mailako aztarnategia, esan nahi baita bertan aurkitutako materialak ez direla ibaiak ekarriak, izan ere, ebaki, ertz eta punta guztiak zorrotzak dira eta ez ibaian zehar arrastaka ibiltzearen ondorioz biribilduak edo koskatuak. Pieza hauek, beraz, bertan landu ziren eta, horrenbestez, lehen mailako aztarnategia dela esan behar. Aurkitutako nukleo pilak eta taila-hondarrek ere gauza bera adierazten dute.
- Materialek aditzera ematen dutenez Paleolito garaikoak dira:
- Goi Paleolitoko garai bat antzematen da (ziur aski grabetiensea), aurkitutako Nolaillesko eskropeek eta horiekin bat datozen beste pieza batzuk erakusten dutenaren arabera. Silexa da gehien erabilitako lehengaia.
- Beste garai zaharrago bat, orain arte bainuetxearen inguruan bakarrik kokatu dena. Behar bada Behe Paleolitokoa izan da, hareharriz eta argilitaz egindako gauzak topatu baitira, eta horiek garai hartakoak direla erakusten dute.
Erreferentziak
Kanpo estekak