Share to: share facebook share twitter share wa share telegram print page

Isabel Urkiola

Isabel Urkiola

Bizitza
JaiotzaGasteiz1854ko uztailaren 8a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaValsaín1911ko irailaren 16a (57 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Manuel Iradier
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea

Isabel Urkiola Estala (Gasteiz, Araba, 1854ko uztailaren 8a- Valsaín, Segovia, 1911ko irailaren 16a) esploratzaile eta meteorologo arabarra izan zen.

Manuel Iradier senarrarekin eta Juliana Urkiola ahizparekin batera, XIX. mendean Afrikako mendebaldea esploratu zuen, hainbat ikerketa zientifiko eta kultural eginez. Gaur egungo Ekuatore Gineara, orduan "País del Muni" deitutakora espedizio handia egin zuen: 1875 eta 1877 artean. Gorriak ikusi zituen Afrikan eta handik gaixorik itzuli zen.[1]

Biografia

Isabel Urkiola Gasteizen jaio zen. Domingo de Urquiola okinaren eta Sebastiana de Erlataren alaba izan zen. Nerabe ekintzailea izan zen, gurasoen okindegian lan egiten zuena. Batzuetan Enrique nebari laguntzen zion La Joven Exploradora elkartearen bileretara; elkarte hori 1868an sortu zuen Manuel Iradierrek. Hantxe ezagutu zuen Manuel, herrialde urrun eta exotikoez hitz egiten entzuten ari zen bitartean.[1]

1874ko azaroaren 16an, Isabel Gasteizko San Pedro elizan ezkondu zen Manuel Iradierrekin, Manuelek Gineara esplorazio-bidaia bat egiteko erabakia hartu ondoren, Henry Morton Stanley esploratzaile eta kazetari ezagunaren aholkuari jarraituz. Isabelen ahizpa txikia ere, Juliana izenekoa, haiekin joan zen. Ordura arte Arabako mugetatik atera gabeak ziren. Manuelek eta Isabelek hogeita bat urte besterik ez zuten, eta Julianak hemezortzi urte.[2]

Bidaia Afrikan

Ezkondu eta hilabetera, taldeak Gasteiz utzi eta Cadizera joan zen. Han Afrika izeneko lurrun-itsasontzian ontziratzeko.

Afrikan bidaiatzeko lehen etapa Kanariar Uharteetan izan zen. Manuel, Isabel eta Julianak hilabete batzuk eman zituzten Afrikako klimara egokitzen eta ikerketa zientifikoetarako erabili behar zituzten tresnak probatzen. 1875eko apirilaren 25ean ontziratu ziren Loanda lurrun-itsasontzi britainiarrean, Coriscoko badiara. Gineako Golkoko Espainiaren jabegoetatik Afrikaren barrualdera iristeko bidea bilatzea zuten helburu.

Biografo eta espezialistentzat, Iradierren biografian garai hartako beste esploratzaileekiko funtsezko aldea dago: hirurek espedizioa elkarrekin egin izana. Salbuespenen batekin, adibidez, Samuel White Baker-enaNilo ibaiaren esploratzaile britainiarra—, ez zegoen ia esploratzailerik emakumeak beren bidaietan eramatea onartuko zutenik, eta gutxiago emakume haiek landa-lana egingo zutenik, Urkiola ahizpek ohar meteorologikoak jaso zituzten bezala.[2]

Garai hartan Afrikako kostaldeko bide horretan zihoazen lurrun-ontziak ez zeuden egokituta bidaiariak eramateko, karga besterik ez, eta hogei portu baino gehiagotan egiten zuten eskala. Ontziek ez zuten bainurik eta, gainera, itsaso zabalean harrapatzen zituzten ekaitz eta urakanek beren instalazio eskasak urez betetzen zituzten. Isabelek eta Julianak berea jasan zuten Loandan, lau oheko itsasontziko ganbara ñimiñoan, non labezomorroak eta arratoiak beren gustura ibiltzen ziren eta ez zieten lo egiten uzten. Egunez, basoz betetako Senegalgo eta Ganbiako kostaldeen ikuspegiak ikusita, deserosotasun guztiak ahazten zituzten. Urrutira, palmondoen atzean ezkutatutako herrixketako ke-zutabeak eta muinoen goiko aldeetan eraikitako eraikin eta misiolarien elizak ikusten ziren. 21 eguneko nabigazioaren ondoren, Loanda lurrun-itsasontzia Santa Isabel badian sartu zen eta hirurak Fernando Poora iritsi ziren azkenean. Bidaiariak 1875eko maiatzaren 18an iritsi ziren Elobey Chico uhartera, Camarones ibaia Loanda lurrun-ontzian nabigatuz. Leku hori aukeratu zuten Muniko esplorazioetarako kanpaleku-oinarri gisa.[3] [4]

Helburua lortzeko, Iradierrek Muni ibaiaren ("Peligro" edo 'Arrisku' ere deitua) ibai-sarea zeharkatu zuen. Bien bitartean, Urkiola ahizpek, Isabelek eta Julianak, klima aldakor eta krudela jasan behar izan zuten —Manuelek eskatuta tenperaturan, haizean, hodeietan eta abarretan gertatzen ziren aldaketa guztiak jasoz—. Horri gehitzen badiogu, Manuel Iradier zer egoeratan zegoen ez jakitearen etengabeko estuasuna; eguneroko bizitzaren monotonia saihestezinarekin batera eta maite zituenekin harremanik izan gabe egoteak, damen gogoari eragin zion. Garai hartan, Isabel Urkiola haurdun zegoen eta Juliana bere ahizpak bakarrik zekien eta behar zituen zainketa guztiak eman zizkion. Aldi berean, bere ibilaldian, Manuel hilzorian zegoen, bertakoek pozoitu egin baitzuten eta, gainera, sukar izugarria izan zuen. Ibiltzeko adina indarberritu ondoren, familiarengana itzuli zen.

1876ko urtarrilaren 18an Isabela alaba jaio zen Elobey-n. Familia Santa Isabelera joan zen emakumeen ongizatearen alde; hala ere, kaltegarria gertatu zitzaien, leku horretako klima Elobeykoa baino askoz okerragoa baitzen, eta, beraz, guztiek izan zituzten sukar bortitzak. Azkenik, alaba galdu egin zuten.[5] [3]

Espainiara itzultzea

Iradierrek, 1876an, maisu kargua onartu zuen Santa Isabelgo eskolan, non Fernando Pooko bertako biztanleei gaztelania, irakurketa eta aritmetika irakasten baitzien, eta emaztea ere animatu zuen neskekin zentro berean lan egitera. Hilabete batzuetan, Isabel Urkiolak bitarteko maistra gisa jardun zuen, Ginea Garaiko neskei irakurtzen eta idazten irakatsiz.[4] Isabel Urkiola berriro haurdun geratu zenean, osasun arazo gehiago ez izateko, Manuel Iradierrek erabaki zuen emaztea eta koinata Kanariar Uharteetara bidaltzea, espedizioa amaitu ondoren han elkartzeko asmotan. 1877an Iradier Tenerifera abiatu zen emaztearekin elkartzeko, Isabel Urkiolak ordurako Amalia alaba Santa Cruzen erditu baitzuen.

Iradier familiak atsedena hartu zuen Kanariar Uharteetan eta, ondoren, Amerika lurrun-itsasontzian ontziratu ziren Cádizera bidean. Inork ez zituen espero Andaluziako portuan eta prentsak ere ez zuen jaso hirian barrena ibili zirenik. Iradierrek hogeita hiru urte zituen orduan, eta psikikoki hondoratuta, porrot eginda eta elikatzeko familia batekin itzuli zen. Afrikara egindako lehen bidaiak zortziehun egun iraun zuen, eta 1.870 kilometro inguru egin zituela esan zuen Iradierrek. Hirurak 1877ko abenduan itzuli ziren beren jaioterrira, anonimatuan, inor ez baitzen joan haiek jasotzera, eta agintariek ez baitzioten garrantzirik eman haien Afrikako abenturari. Urkiola familiak hotz handiz hartu zuen familia bidaiaria, zor zioten dirua ere ukatuz: Isabelen aitaren etxean gela txiki batean hartu behar izan zuten ostatu, eta ezin zioten alokairua ere ordaindu, Domingo de Urquiolaren menpe egotera behartu zituena.[4]

Isabel Urkiola eta Manuel Iradier osasunez eta ekonomikoki porrot eginda zeuden eta haien arteko harremana ere garraztu egin zen, porrot egin zutela uste baitzuen. Bi urte ziren Afrikatik itzuli zirela, eta gauzak ez ziren hobetzen. Isabel Urkiolak ohean egon behar izaten zuen birika arazoak eta sukar erasoak zirela eta. Ez zuen ia harremanik senarrarekin eta alaba bakarra, Amalia, zaintzen, pasatzen zituen egunak, hark ere osasun txarra baitzuen.

Iradier 1884an itzuli zen Afrikara, Espainiako Afrikar eta Kolonialisten Elkartearen laguntzarekin, Gineako Golkoan Elkarterako lurrak erosteko eta esplorazio zientifikoekin jarraitzeko asmoz.

1886an Espainiara itzuli zen Isabel Urkiola. Ez zen sekula Afrikako lurretan egindako bidaiaren ondoren errekuperatu. Bere osasuna oso ahulduta geratu zen, eta bizitza osoan denboraldi luzeak eman zituen gaixorik eta bere oroitzapen tristeetan murgilduta.

1888ko irailaren 12an jaio zen Gasteizen Manuel izeneko semea. Bere arreba Amaliak bezala, haurrak osasun eskasa zuen eta haurtzaroan gaixotasun ugari izan zituen.

1899ko apirilaren 21ean, Amalia alaba hil egin zen, ezkondu aurreko egunean, familia-etxeko bigarren solairuko balkoitik salto egin zuen. Hogeita bat urte zituen, eta, itxuraz, bere buruaz beste egin zuen, sukar jasanezinak baitzituen. Iradier senar-emazteak beste etxebizitza batera joan ziren oroitzapenetatik ihes egiteko eta Isabel Urkiolak etxetik irteteari utzi zion.

1911n, Iradierren osasunak nabarmen egin zuen okerrera, eta, atsedena behar zuenez, Valsaín herriko lagun baten etxera joatea erabaki zuten. Han hil zen abuztuan, eta Afrikan Isabela alabarekin lurperatzea gustatuko zitzaiokeen arren, haren gorpuzkiak La Granjako hilerrian (Segovia) hilobiratu zituzten (Gaztelaniazko Wikipediaren arabera Valsaínen (Segovia) hil zen, ingelesekoan, ostera, Madrilen).[6][7]

Isabel Urkiola ere handik aste gutxira hil zen, berrogeita hamazazpi urte zituela, denek ahaztuta.[7]

Semea ere Afrikan

Isabel Urkiolak eta Manuel Iradierrek izandako semea Afrikara joan zen 1942an, Alfontso XIII.ak familiari emandako mila hektareako finka ustiatzeko. Harekin batera, Francisca Ibarrondo (1858-1918), Paca andrea joan zen, Durangoko baserri batean jaiotakoa, eta gai zen erriflea erabiltzeko lehoinabarrak harrapatzeko; matxeteaz mandrilak uxatzeko eta ibaietan nabigatzeko. Era berean Paca Ibarrondo izan zen egonaldiaren ekonomiaz arduratu zena, 1948an Gasteizera itzuli arte.[7]

Erreferentziak

  1. a b (Gaztelaniaz) Extramiana, Marta. (2019-11-13). «Isabel Urquiola: la viajera africana y esposa de Manuel Iradier Bulfy» Gasteiz Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  2. a b Mielost, Christian. (2013-12-17). «EL MENTIDERO DE MIELOST: GRANDES EXPLORADORES: MANUEL IRADIER Y EL PRECIO DE LA AVENTURA (SEGUNDA PARTE)» EL MENTIDERO DE MIELOST (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  3. a b (Gaztelaniaz) «ESPAÑOLES EN ÁFRICA | FERNANDO BALLANO | Casa del Libro» casadellibro 2013-09-16 (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  4. a b c (Gaztelaniaz) Morató, Cristina. (2010-12-17). Las reinas de África: Viajeras y exploradoras por el continente negro. Penguin Random House Grupo Editorial España ISBN 978-84-01-39075-3. (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  5. (Gaztelaniaz) Gómez, Kike. (2018-03-18). Manuel Iradier, olvidado explorador de África - Jot Down Cultural Magazine. (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  6. (Ingelesez) Murray, N. Michelle; Tsuchiya, Akiko. (2019-10-01). Unsettling Colonialism: Gender and Race in the Nineteenth-Century Global Hispanic World. SUNY Press ISBN 978-1-4384-7645-2. (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
  7. a b c «Aventureras en África - laverdad.es» web.archive.org 2009-08-13 (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).

Kanpo estekak

Kembali kehalaman sebelumnya