JaizkibelGipuzkoako ipar-ekialdean dagoen mendia da, Higer lurmuturretik Pasaiako badiaraino luzatzen dena, gutxigorabehera ekialdetik mendebaldera mendilerro bat osatuz, 547 metrotan gailentzen dena, mendilerroaren erdialdean. Mendiaren eremuak Hondarribia, Lezo eta Pasaia udalerrien barnean daude, eta udalerri horiek dira hain zuzen mendiaren eremu handien jabe. Europako ekologia sarean Natura 2000 garrantzizko toki izendapena du.
Izena
Antza denez, mendiaren jatorrizko izena Oleartzu zen (gaztelaniazko idazkeran, Olearso), eta Jaizkibel berez mendiaren atzealdea zen, eta izena haitz gibel hitzetatik dator: «haitzaren atzealdea», alegia.[erreferentzia behar]Aiako Harriari erreferentzia eginez akaso.
Jaizkibel mendiaren aurrealdeko zati baten izena, berriz, Allerru da.
Historia
Madozko hiztegiak [1](1802), Jaizkibeli buruz hitz egitean, honela zioen: "Bi lego urri ditu, Pasaiako portuan dagoen Arando Grande Peñatik Higer lurmuturreraino (Hondarribia). Ipar-ekialdetik hego-mendebalderanzko norabidea du. Mendi honen gailurrean, nahiz eta altuerarik handiena ez izan, Guadalupeko baseliza dago, Hondarribiko zaindaria. Hareharrizko harrobietan ugaria da eta harri litografikoa ere bai. Hegaletan haritz, gaztainondo eta lezka ugari daude, eta beste zuhaitz batzuk ere badaude. Higerreko gaztelua izen horren atzetik dago ipar-ekialdeko muturrean, eta Hondarribiko barraren eta portuaren sarrera babesten du. Antzina, Olearson edo Oeaso mendi handi horri izena eman zitzaion, antza denez, inguruan zegoen hiriari izena eman zion eta Ptolomeo, Pomponio Mela eta beste geografo batzuk markaz markatu zituen."
Madozek aipatzen zuen hiri erromatarra Oiasso zen, Plinio, Ptolomeo eta Estrabon geografo erromatarrek izendatua. Indusketa arkeologikoek hiri hori egungo Irunekin identifikatzen dute. Claudio Ptolomeok (II. mendea) aipatu zuen Oiassó izena, bi zentzutan: hiria izendatzeko eta Pirinioetako Oiassó muinoa izendatzeko, Jaizkibelekin identifikatuko zena.
Kroniken artean "Bella Easo" ere aipatzen zen, hiria ibai baten bokalean zegoela deskribatuz, estuario handi batean. XIX. mendean, garai hartako intelektualek zalantzarik gabe eman zioten izen hori Donostiari, Gipuzkoako hiriburu eta errege-erreginen oporretako egoitza izan baitzen. Hala ere, erromatarren garaiko aztarnek baieztatzen dute Irun zela, eta aipatutako estuarioa Bidasoa (Txingudi) zela. Bidasoa izenak berak egoera hori adierazten duela dirudi (Bide easo = Easoko bidea), hiria penintsulako barnealderanzko bide nagusietan baitzegoen, Akitania eta Pompaelo (Iruñea) elkartuta. Gaur egun, izenaren jatorria berreskuratu da, eskualdea Oiartzualdea izenez ezagutzen baita.
Jaizkibelek garrantzia izan du gerra karlistetan. Bost dorre eta gotorleku batzuen lerro bat Jaizkibelgo gailurrean zehar hedatzen zen, eta horietako batzuk gaur egun ere ikus daitezke. Pasai Donibanetik hurbil Lord John Hay gotorlekua dugu, gero hiru defentsa-dorre gailurreraino, San Enrike gotorlekua zegoen tokiraino. Guadalupeko jaitsieran beste bi dorre ikusten dira. Gotortutako egiturarik handiena, ordea, III. karlistaldiaren ondoren eraiki zen eta Guadalupen kokatzen du, hain zuzen ere. 1900ean inauguratu zuten, eta 500 soldadu ingururentzako lekua zuen. Pirinioetako mugako linea defendatzeko planarekin lotuta zegoen hura gauzatzea.
Geologia
Jaizkibel mendia Ulia, Igeldo eta Jaizkibel bera biltzen dituen flysch motako Jaizkibel formazioan dago, orain dela 54-45 milioi urte sortutakoa, Eozenoan hain zuzen. Hareharrizko estratu lodiz dago osaturik eta geroztik izandako karstifikazio prozesuen eraginez hainbat haitzulo sortu dira mendian, disoluzio eta prezipitazio erreakzioen ondorioz. Horretaz gainera, geoforma ugari ere sortu dira mendiko arroketan, albeolo eta abaraska formakoak, harri-bolak (paramoudras) eta espeleotema ugari ere badaude. [2]
Fauna eta flora
Fauna eta florak espezie bereziak bizi dira bertan. Aipatzekoak dira: galzorian dagoen Armeria euskadiensisitsaslabarretako landarea, eta Euskal Herriko endemismoa eta oso arraroa den Thelypteris palustris garoaren populazio txikiak.
Erdi askatasunean bizi diren zaldi eta behien presentzia ere handia da.
Jaizkibelgo ekosistemei eta eskualdeko beste zenbait baliori egingo litzaiekeen kalteez kezkaturik, superportuaren egitasmoaren aurka azaldu dira inguruko hainbat udal, hala nola Pasaiakoa, Lezokoa eta Oiartzungoa.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko arduradunek ere, beren kezka azaldu dute superportuaren aurrean, Jaizkibelgo kosta gehiena eta mendiko larre, txilardi eta basoak babestuta baitaude, dituzten balio ekologikoengatik. Gainera, Natura 2000 sarean dagoela kontuan izanez gero, ezingo litzateke kosta horretan ezer eraiki.
Azkenik, hainbat talde ekologista ere —Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, WWF...— kezkatuta agertu dira, egitasmoa aurrera eramanez gero egingo diren kalte larriak direla kausa.
Mendi honen kostaldeko itsalabarretan barrena Gipuzkoa osoari itzulingurua egiten dion GR 121 ibilbidea doa, kostaldeako zatian, hots, Hondarribia eta Mutriku artean Talaia ibilbidea jasotzen duelarik. Jaizkibelen Talai ibilbideko 1. etapa kokatzen da, hain zuzen ere, Hondarribia eta Pasai Donibane artekoa.
Ondarea
Jaizkibelgoko Estazio Megalitikoa: mendiaren ipar-ekialdearen erdian daude, gailur-lerroan eta itsasaldeko isurialdean, Hondarribiko udalerrian. Gaur egun, gune megalitiko horrek hiru trikuharri (Atxiñar, Jaizkibel III, eta Jaizkibel IV) eta piriniar harrespil-multzo bat (Jaizkibel II mairubaratza) biltzen ditu.