Sir John Everett Millais (Southampton, Ingalaterra, 1829ko ekainaren 8a - Londres, Ingalaterra, 1896ko abuztuaren 13a) Ingalaterrako margolaria izan zen. Prerrafaelismoaren sortzaileetako bat izan zen, Hunt eta Rossetirekin batera.
Biografia
Oso gazterik hasi zen lanean, eta Royal Academyko domina lortu zuen hamazazpi urte zituenean. Bera izan zen, orobat, prerrafaelisten taldearen aitzindaria eta teknika bikainena zuena. Lorenzo eta Isabella (1849) obran erakutsi zituen, lehenengoz, higikunde haren ezaugarri nagusiak: Berpizkunde aurreko egileetatik harturiko gaia, lerro mehe baina gogorra erabiltzea irudiak marrazteko, xehetasunekiko zaletasuna, argi-itzalen arteko kontraste gutxi, kolore distiratsuak eta osagai sinbolikoen erabilera. Ezaugarri horiek agertzen dira, orobat, Kristo bere gurasoen etxean (1850) errealismo handiko obran. Hala ere, Millaisen obretan ez da gainerako prerrafaelisten obran bezain nabarmena itxuraldaketarako joera.
Kristo bere gurasoen etxean obragatik kritika latzak egin zizkioten, errealismo biziz adierazi baitzituen gai erlijiosoak eta horrek mindu egin baitzituen izpiritu asko. Kritika haiek medio, harrezkero gai literarioak erabili zituen, Shakespearen pertsonaiak bereziki (Ofelia, 1851-1852). Hasierako eztabaiden ostean, ordea, John Ruskinen laguntzari esker, kritika onak jaso zituen.
Obra aipagarriak ditu orobat Usoa ontzira itzultzen (1851), Askapen agindua (1853) eta Neska gazte itsua (1856). Azkenaldiko obretan azpimarratzekoa da Raleighen haurtzaroa (1870; National Gallery, Londres). Garai horretan obra errazagoak eta akademikoagoak egin zituen, oro har.
Iruditegia
|
Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.
|
-
Kristo bere gurasoen etxean, 1850, Tate Britain, London.
-
Ophelia, 1851-1852, Tate Britain, Londres.
-
Neska gazte itsua, 1856, Birmingham Museum and Art Gallery.
-
The Boyhood of Raleigh, 1871, Birmingham Museum and Art Gallery.
Erreferentziak