Euskal zinemaren inguruan ikerketak egina da Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea. Eta hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin ditu alor horretan. Besteak beste, haren lanari esker ezagutu eta berreskuratu dira Gure sor lekua, euskarazko lehen filma, Louis Lumière-k 1937an "cinema en relief" teknika esperimentalaz ekoitzi zuen Euskadi filma, eta kasik Manuel Ynchaustiren ondare filmiko erraldoia.
2012an, André Madré-ren arrastoaren atzetik, Gure Sor Lekua filmaren kopia mutu bat aurkitu zuen Parisen; eta haren inguruan doktore-tesia idatzi zuen, euskarazko zinemaren hastapenez, Josu Amezagaren zuzendaritzapean. "Gure (zinemaren) sor lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia".[3][4] Orduan ohartu zen izugarrizko ezjakintasuna zegoela euskarazko zinemaren historiaz.[5]
Hasitako bide horri jarraiki, orain arte bildu ez den euskal zinemaren historia biltzea izan zuen helburu 2022an aurkeztu zuen Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburuak. Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan ematen duten Juan San Martin beka jaso zuen 2019an, eta horren emaitza izan zen liburua. Obrak zinemak euskararekin izandako harremanean jarri du fokua, XX. mendeko sorkuntzaren ibilbide baten bidez. Ordura arte ezezagunak ziren hainbat datu azaleratu zituen liburuak, sinpleki, aurretik ikerketa egin dutenek ez dutelako jo euskarazko iturrietara, euskarazko prentsara edota ahozko lekukotzetara”.[5]
Zinemagilea
Sorkuntza-arloan, Josu Martinez izen ezaguna da azken urteetako euskal zinemagintzan, bereziki, dokumentalgile gisa. Bederatzi dokumental luze burutu ditu, haietarik zortzi Donostiako Zinemaldian estreinatuak, eta munduko hainbat herrialdetako zinemalditan programatuak. Bakarka, zein taldean aritu da dokumental zuzendari gisa, eta besteak beste, Txaber Larreategi eta Samara Velterekin sinatu ditu lan batzuk.
FIkzioaren alorrean, Bizkarsoro film luzea zuzendu du, bost film laburrek osatua.[6][7]