Asti ezizenez ezaguna, Nautika hiru urtez ikasi eta marinel bihurtu zen. Gaztea zela PCEn sartu eta Espainian zehar ibili zen zelula klandestinoak antolatzen. Gipuzkoa itsasaldeko langile-mugimenduaren buruzagietako bat izan zen. 1932an, Jose Bullejos idazkari nagusia partidutik kanporatu zutenean Kominternarekin edukitako liskarrengatik, Astigarribia zuzendaritzan sartzekotan zegoen, baina alderdi barneko tirabirak zirela eta, azkenean José Díaz hautatu zuten, Internazional Komunistaren gogoko hautagaia zena.
1934an, Espainiako Alderdi Komunistaren Federazio Euskal-Nafarreko (Federación Vasco-Navarra) idazkari nagusi bihurtu zen. Erakundearen ordezkari gisa, hurrengo urtean Moskura joan zen III. Internazionalaren VII. Kongresura, baina etsitua itzuli zen. Astigarribia kexu zen bere partiduak zeukan autonomia gutxiagatik Kominternak hartutako erabakien aurrean.
1959anKubako Iraultzak garaipena lortu eta gero, Kubara joan zen bizitzera bere familiarekin. 1974anEuskadiko Partidu Komunista berrantolatu zutenean, berriro zuzendaritzara itzuli zen, nahiz eta bertako zuzendari lanetan Ormazabal antzinako arerioa egon. Bien arteko tirabirak biziberritu egin ziren, eta Asti, partiduko gehiengoarekin batera eta Roberto Lertxundiren zuzendaritzapean, Euskadiko Ezkerran sartu zen. Hantxe militatzen eman zituen azken urteak, 1989an hil arte.