Kairo[1][2] (arabieraz, القاهرة, al-Qāhirah) Egiptoko hiriburua da. Erdialdeko Egiptoko iparraldean dago, Niloren eskuinaldeko ibarrean, Mukatam mendiaren mendebaldean. Egiptoko eta arabiar munduko hiri handiena da, Afrikako hiririk handienetan bigarrena (Lagosen ondoren), eta Afrikako metropoli-gunerik handiena (15.546.100).
Gobernuaren egoitza eta unibertsitategunea da: Al Azhar arabiar unibertsitatea, Amerikar Unibertsitatea, Gizako Unibertsitatea eta Ain al Shams Unibertsitatea.
Iturria: World Meteorological Organization (NBE)[3], BBC Weather[4] eguzki-orduak
Historia
Faraoien garaian ezaguna zen lekua: Horusen eta Sethen arteko borroka han izan zela esan ohi zen. Erromatarrek gotorleku bat eraiki zuten bertan, Babilonia izenekoa, K. a. 116. urtean, hiriaren egungo kokapenetik oso gertu.
640. urtean arabiarrek Egipto inbaditu zuten. Amr ibn al-As jeneralak, Islama Egiptora eraman zuenak, gotorleku bat eraiki zuen erromatar gotorlekutik gertu, Al-Fustat izenekoa ("kanpamendua"), geroago gotortu zuena. Lehen hiri hori administrazio zentroa eta zergak kobratzen ziren tokia izan zen. Baita Egiptoko lehen meskitaren kokapena ere[5].
Ondorengo dinastiek (abasida, fatimiak eta ajubiak) hainbat gotorleku sortu zituzten, aurrekoak administrazio gune bezala baztertuz. 750ean, Suleiman fatimitarren buruak Al-Askar gotorlekua ("armada") eraiki zuen Al Fustaten ondoan. Garai hartan bizirik iraun zuen eraikin bakarra arkitektura musulmanaren bitxietako bat da, Ahmad Ibn Tulun meskita.
Beste fatimitar batek, Yawhar al-Qaid kalifak 969an Al-Qahira jauregi-hiria sortu zuen, abbastarren hiriburu zen Bagdadi lehia egiteko. Garaitzailea, hori da izen hark esan nahi duena eta Kairo izenaren etimologia, beste hizkuntzetan eraldaketekin zabaldu dena. Agintari hari zor zaio, halaber, Al-Azhar meskita eraikitzea, munduko bigarren unibertsitate islamiko zaharrena.
Garai oparoena mamelukoena izan zen, izurri gogorrak zabaldu baziren ere (1295, 1347 eta 1492an). Otomanoen aginpideak ez zion aldaketa nabarmenik eragin hiriari. Bigarren Mundu Gerraren ondoren oso bizkor hasi zen handitzen: hala, 1945ean 1.300.000 biztanle zituen, eta gaur egun 19.439.541 ditu, ingurunea ere kontuan hartuta.
Ondasun nabarmenak
Kairoren bilakaera historikoaren arkeologia aztarna eta monumentu artistiko ugari gorde dira hirian: Auzune Koptoa (San Sergio eliza, V. mendean eraikia eta XI. mendean berriz moldatua); hiri hesitua, Aladinok XII. mendean eraikia; Hasan sultanaren madrasa, XIV. mendekoa, eta garai askotako ia 500 meskita. Adibidez, Al-Hakim meskita edo Ibn Tulun meskita.
Kairon daude bestalde Egiptoar Museoa, Museo Koptoa eta Arte Islamiarraren Museoa, arte mota horietako munduko bilduma nagusiak dituztenak. Kairoko Egiptoar Museoan dago erakusgai Tutankamonen altxorra.