La Polla Records edo La PollaAgurainen1979an sortutako punk musikako talde bat da. Taldearen estilo zuzena eta polemikari beldur eza izenean bertan erakusten da, gaztelaniaz «zakila» esan nahi du eta. Haren jarrera matxinoa ikur bihurtu zen, ez baitzuten inolako enbarazurik gustuko ez zutena salatzeko; gehienetan, gainera, modu barregarrian eta zuzenean. Hala ere, jarreran horien aurkakoek traba andana ipini zizkieten, hala nola mehatxuak, errepresioa, atxiloketak (Eskorbuto bezala), sabotajeak emanaldietan, eta abar.
Testuingurua
1980ko hamarkada garai mugitua izan zen, aldaketa gogoz betea, gertatu berria zen trantsizio politiko hartaz haratago. Franco hil ondoren aldaketa grina piztu zen, eta berrogei urteko zentsura bizi izan ondoren, mugimendu artistiko askok aurrera egin zuten.
Taldearen hasiera 1978an kokatu daiteke, non, Evaristo abeslariaren hitzetan, punk musikaren bi ezaugarrik bera eta Aguraingo beste lau gazte erakarri zituzten: hasteko, ez zen ezinbestekoa musikari trebea izatea; eta, bestetik, ahal kaleko hizkeran abestu zitekeen. Horrela, egiteko handirik ez zutenez, beste kuadrilletako gazteekin batu zen Evaristo La Polla Records taldea osatzeko: Fernando Murua "Fernandito" (bateria), Maleguin (baxua), Txarly (gitarra) eta Sume (gitarra).[2]
Taldearen lehen kontzertua Aguraingo diskotekan izan zen 1979an, instrumentuak erosi berriak zituztela eta entsegu gutxi batzuekin. Kontzertu motza izan zen —ordu erdi inguru—, baina jende asko agertu zen herriko gazteak zirenen kontzertua ikustera. Aipatzekoa da La Polla Records taldea beste punk taldeetatik bereizten zuen ezaugarri bat: gainerako taldeak auzo langileetatik zetozen, baina La Polla Records herri txiki batekoa zen. Horrek Euskadirekiko isolatu zituen lehen unean, eta gainera herrian bueltan egoteak hankak lurrean izatea ahalbidetzen zien.
1982ean taldeak lehen maketa grabatu zuen, Banco Vaticano (1982)[3] ez zena argitaratzera ailegatu. Lehenengo lanak argitaratu eta grabatzeko Iruñera joatea erabaki zuten Bilbora ordez diru kontuengatik, eta hori oso ongi etorri zitzaien han geroago Oihuka diskoetxea osatuko zuten Goñi anaiak ezagutuko baitzituzten. Garai hartan Soñua diskoetxea eramaten zuten eta haien laguntzaz lau kantako ¿Y ahora qué? (Soñua, 1983) lehen maketa kaleratu zuten. 1984an 19 kantako Salve (Soñua, 1984) izeneko diskoa plazaratu zuten. Letretan faxismo, kapitalismo, arrazismo, monarkia, katolizismo, moda eta bere gogoko ez ziren gizartearen beste ezaugarrien kontra jotzen zuten, ibilbide osoan egingo zuten bezala. Album honek ordura arteko panorama musikal guztia hankaz gora jarri zuen bere estilo ironiko eta indartsuarekin.
Hurrengo urtean Revolución (Soñua, 1985) albuma kaleratu zuten, Maleginen ordez Abel jarriz baxuaren atzean. Disko horretako letrak askoz ere politikoagoak dira eta abesti bakoitza estatuaren eta kapitalismoaren kontrako manifestu bat da. Lehen lan hauekin ospe handia lortu zuten, pentsaezina halako musika jotzen zuen talde batentzat eta laster pasa zen Euskal Herrian garai hartan sortu zen mugimenduaren ikur izatera: Euskal Rock Erradikala. No somos nada (Txata, 1987) haien hurrengo lana izan zen. Diskoa kaleratzeko, taldearen managerra zen Jose Maria Blascok diskoetxe propio bat sortu zuen dena kontrolpean izateko, baina salmentak ez ziren oso onak izan eta managerraren eta taldearen arteko tirabirak zirela eta, hurrengo urtean Oihuka diskoetxearekin lan egitea erabaki zuten.
1988an bi disko kaleratu zituzten: Donde se habla (Oihuka, 1988) eta En directo(Oihuka,1988). Lehenengoa disko kontzeptuala izan zen non abesti bakoitzak ("Confusión" abestia izan ezik) animali izenak zeukaten eta bigarrena Lakuntzan kontzertu batean zuzenean grabatua. Anekdotatzat, esaten da Donde se habla "El avestruz" abestia Eskorbuto taldeari eskainita dagoela, bi taldeen arteko harreman txarra zela eta. 1990ean Ellos dicen mierda nosotros amén (Oihuka, 1990) kaleratu zuten, disko gogor eta indartsu bat, taldearen abesti ezagunenetako asko gordetzen dituena. Urte berdinean kaleratzen da Los jubilados (Oihuka, 1990), Evaristo ez diren beste taldekide batzuk ahots nagusia jartzen dute lehen aldiz, eta emaitza disko esperimental eta estilo ezberdinekoa da. Baina laster bueltatuko ziren haien betiko estilora Barman (Oihuka, 1991) lau abestiko maxiarekin.
1992 urtean lau album argitaratu zituzten aldi berean: Volumen I (Oihuka, 1992), Volumen II (Oihuka, 1992), Volumen III (Oihuka, 1992) eta Volimen IV (Oihuka, 1992). Lan horiek banaketa handia izan zuten, eta horrela La Polla Recordsen musika estatu osora iritsi egin zen. Negro (Oihuka, 1992) taldearen hurrengo lan originala izan zen. Lan hau gaizki baloratua izan da, taldea une horretan eboluzio musikal bat jasaten zegoen eta. 1993an Hoy es el futuro (Oihuka, 1994) izeneko diskoa plazaratu zuten, estiloz guztiz aldatuz punk-rockaren alde.
Soinu teknikari batekin zeukaten tirabira zela eta, 1991an epai batek taldearen izena erabiltzea debekatu zien. Taldeak, epaia kontuan hartu gabe, Bajo presión (Oihuka, 1994) diskoa kaleratu zuen La Polla Records izenarekin. Lan horrekin bukatu zuten Oihuka diskoetxearekin lan egiten, eta hurrengo urtean GOR diskoetxean sartu ziren. Azkenean, epailearen erabakia zela eta, izenez aldatu zuten; eta 1996an, La Polla izena hartuta, Carne pa' la picadora (GOR, 1996) albuma atera zuten,[4]punk-rock estiloko album nihilista eta indartsua da.
La Polla en Turecto (GOR, 1998) zuzeneko albuma plazaratu zuten ondoren, Canciller aretoan emandako kontzertu batean grabatuta.[5]1999an taldearen hogeigarren urteurrena ospatzearren, Toda la puta vida igual (Maldito Records, 1999) diskoa kaleratu zuten valentziar diskoetxe berri batekin: Maldito Records. Hurrengo albuma -Bocas (Maldito Records, 2001)- grabatzeko, Txarli gitarra jotzaileak taldea utzi zuen, eta MCD gitarra zen Jokinek ordeztu zuen. Lan horietan taldearen estiloa guztiz aldatua zegoen, eta abestien kalitatea pixkanaka jaisten zihoan. Hala ere gauza berriak probatzen jarraitzen dute eta euskaraz abestutako bi abesti bakarrak daude azken disko horietan: "Shanti" eta "Oi-oi!".
2002koirailaren 22an, Fernando, bateria jotzailea hil egin zen, garun infartua bat zela eta, taldearentzat kolpe handia izan zen gertaera. Taldeak birak eta kontzertu guztiak bertan behera utzi zituen eta Tripi eta Txiki sartu ziren baterian eta gitarran Fernandito eta Txikiren ordez azken albuma grabatzeko: El último (el) de la Polla (Maldito Records, 2003). Diskoa kaleratutakoan taldea desegitea erabaki zuten, eta bi bilduma argitaratu zituzten amaierako agur gisa, 14 años (Oihuka, 2003) eta zuzenean grabatutako Vamos Entrando (Maldito Records, 2004).
Taldea utzi ondoren, Evaristok hainbat talde egin zituen, "The Meas" eta "The Kagas" RIP taldeko kideekin batera eta "Gatillazo" Tripi eta Txikirekin. Gainera, Por los hijos lo que sea izenburuko liburua argitaratu zuen, non La Pollaren zein bere hurrengo taldeen (The Kagas, The Meas eta Gatillazo) istorioak, gertaerak eta anekdotak kontatzen dituen. Taldearen abestiak, mugimendu oso baten ikur izateaz gain, mugimendu berrien erreferente ere badira, M15eko kanpaldietan eta alderdi politiko berrietan izan duen eraginean ageri denez.[6]