Kultura handiko pertsona zen eta, Guillaume Briçonnet apezpiku eta irakasleaz edo François Rabelais edo Lefèvre d’Étaples intelektual ebanjelistez gain, Erreforma protestantearen aitzindariak erakarri zituen Nafarroako gortera, Joan Kalbin bera tarteko. 1525ean eta 1527anErasmo Rotterdamgoak ere idatzi zion, baina erreginak ez zion erantzunik eman eta, gaur egun arte, ez da argitu Holandako pentsalaria Nafarroatik pasa zenentz[1]. Margarita bera ez zen protestantea baina erlijiozko elkarrizketa kritikoak sustatu zituen Parisen bezala Néracen zein Pauen, ideia protestanteek beren bidea egin zezaten. Erromarekin erabat eten gabe burutu nahi izan zuen erreforma, batez ere Elizaren jerarkiaren ustelkeri eta gehiegikeriekin amaitu asmoz[1], eta horretarako Gérard Roussel Oloroeko gotzain izendatu zuen Nafarroako erresuman erreforma sartuz joan zedin[2]. Politikan, ahaleginak egin zituen Nafarroako Erresuma berriro batzeko, baina aurka izan zituen Karlos Habsburgokoa enperadorea, Nafarroari kendutakoa ez itzultzearren protestantismoaren aurkako borroka aitzakia gisa etengabe erabili zuena, eta erreformaren alderako harrera zabal hura inoiz onetsi ez zuten Nafarroako gizarte sektore batzuk.
Obra ugari idatzi zuen. Poesiak, kantak, otoitzak, antzerkiak eta ipuinak paratu zituen, frantsesez betiere. Heptameron izeneko ipuin eta istorio bilduma (1558-1559 urteetan argitara emana) da ezagunena. Humanismo europarreko obra nagusietako bat da, BoccacciorenDekamerona-ren gisara baina gordinkeria nabarmenik gabea eta giro platoniko batean taxutua. Obra horretan, alde batetik, Margaritaren espiritualismo neoplatonikoa agerian geratzen da ideal ebanjelikoak eta maitasun aratz perfektuak lantzean; bestetik, gizartearen eta bereziki Elizaren jokabideari kritika egiten zaio. Honekin hertsiki loturik, Margaritak feminismoari egindako ekarpena goraipatzeaz gain, Simone de Beauvoir filosofoak Bigarren sexua saiakeran bere originaltasun filosofikoa ere, zeinak alderdi materiala eta espirituala elkartuko dituen, adieraziko du. Bizia eta traszendentzia bateratzeko ahalegintze horretan, kartesianismoa arbuiatu eta estoikoen edo XVI. mendeko neoplatonikoen naturalismoaren gisako dotrinetara hurbildu zuelako emakumea[3].
Beste obra batzuk: Le Dialogue (1525, Elkar-hizketa), Le miroir d’une âme pécheresse (1531, Arima bekatari baten miraila. Poema horiek heretikotzat jo zituen Sorbonako unibertsitateak) eta Contes et Nouvelles (1698an argitaratua, Ipuinak eta Noelak). 1641-1642 urteetan argitaratu ziren bere gutunak (Lettres de Marguerite d’Angoulème) eta 1896an argitaratu ziren kanta eta poema ezezagun asko (Les dernières poésies de Margarite de Navarre). Erasmok Margaritaren bertute eta dohain intelektual eta literario apartak goretsi zituen. Letra eta arteen mezenas bezala ere nabarmendu zenez "Medici frantsesa" deitzen zioten[4].
↑ ab(Gaztelaniaz)Oria Osés, Jon. (1989). «Influencia de la conquista en el pensamiento, la cultura y la literatura» Cuadernos de sección. Historia-Geografía.
Jornadas celebradas en Iruñea-Pamoplona el 14, 15, 16 y 17 de dic. de 1987 en el Aula Magna de la Escuela de Empresariales (Donostia: Eusko Ikaskuntza) 11: 59-78. ISBN84-86240-89-1..
↑Azurmendi, J. 2020: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 77 or.