Masuriar lakuetako lehen gudua (1914ko irailaren 2tik 16ra) Lehen Mundu Gerrako Ekialdeko Frontean gertatutako Alemaniar kontraerasoa izan zen, errusiarrek garatutako Ekialdeko Prusiako ofentsibaren testuinguruan. Borroka Tannenbergeko gudua gertatu eta bi egun geroago eman zen, non Zortzigarren Armada alemaniarrak II. Armada errusiarra inguratu eta suntsitu zuen. Errusiar aldeak 150.000 soldadu galdu zituen, gehienak gerra-preso, eta handik aurrera ofentsibaren abantaila operatiboa galdu zuen, frontean zehar hainbat zulo eratu baitzitzaien.
Ekialdeko Prusiako trenbide sareen laguntza erabiliz sakabanatuta zegoen Zortzigarren Armada alemaniarra errusiar I. Armadaren aurrean eraberritu zen eta fronte osoan zehar atzera eginarazi zuen, azkenik Alemaniatik kanporatuz. Rennenkampf-en Armadak azkar atzeratu egin behar izan zen: ia 40 kilometro egin zituen egunero, Zortzigarren armada atzean uzteko asmoz. Alemaniarrek aurrera egiten jarraitu nahi bazuten ere, ekialdeko hegalean errusiar X. Armadaren agerpenak erasoa gelditu zuen. [1]
Gudua amaitu zenerako errusiar I. Armadak 100.000 soldadu galdu zituen eta denbora batez ofentsiba saiakerak gelditu behar izan zituzten. Hala ere, porrota gerraren hasieran eman zenez Errusiar Inperioak oraindik armada osoak birsortzeko ahalmena zeukan, eta hala egin zuen hurrengo asteetan. Irailaren 27an bigarren ofentsiba bat hasi zen inguru berean, berriz ere Königsbergeko hiri-gotortua hartzeko helburuarekin. Guztira Paul von Hindenburgek, Erich Ludendorffen laguntzarekin, garaipen ikaragarria lortu zuen, bere prestigioa finkatzen lagundu zuena. Era berean, Alemaniar populazioak, denbora batez errusiarren mehatxuaz beldurturik, bultzada nazionalista nabaria izan zuen. [1]
Ikus, gainera
Erreferentziak
- ↑ a b (Ingelesez) Hastings, Max. (2013). Catastrophe: Europe Goes to War 1914. Knopf Press, 322-326 or. ISBN 9780307597052..
Kanpo estekak