Artikulu hau erromatar jainkoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sol».
Sol Invictus edo Sol[1] (latinez: Sol Invictus; eusk. 'garaitu gabeko eguzki') Erromatarreneguzki-jainkoa izan zen. Sol Invictusen jaiotza (Dies Natalis Solis Invictus) ilunpeari gailentzen zitzaion eguzki berri bat jaiotza adierazten zuen eta neguko solstizioaren amaieratik aurrera (abenduak 21) egunak luzeagoak bihurtuko zirela ospatzen zen. Jaialdi hau abenduaren 22tik 25era ospatzen zen.
274. urtean Aureliano enperadoreak ofizial bihurtu zuen Sol Invictusen gurtza, beste erromatar tradizioekin batera[2]. Aurelianoren ondorengo enperadoreek asko lagundu zioten jainko honi, eta Konstantino I.a iritsi arte egindako txanponetan agertu zen. Gero, JulianokHelios jainko bakartzat joko zuen, eta gainerako jainkoak jainko bakar horren adierazpen soiltzat. Enperadore honen denboran eguzkiaren erlijioa inperio barruko erlijio ofizial bihurtu zen.
XII. mendeko testu baten arabera,[3] solstizio inguruan erromatarrek Dies Natalis Solis Invicti (garaitu gabeko eguzkiaren jaiotza) izeneko jaialdia ospatzen zuten eta kristauek data hori aukeratu zuten Gabonetarako.[4] Hala ere, egungo adituek ez dute teoria guztiz onartu.[5]