Teismoa filosofian, gauza mugatu edo finitu guztiak printzipio oinarrizko edo Jainko batek sortuak direla eta sortu ondoren ere printzipio horrek mugatzen dituela dioen filosofia dotrina da.
Ezaugarriak
Jainkoa giza adimenaz haraindikoa, perfektua eta askea da teismoaren arabera, baina, era berean, munduarekin eta hango gertakariekin lotura du eta eragina du haietan; teismoak beraz Jainkoaren eta munduaren arteko harreman mota bat azaltzen du, panteismotik (Jainkoa munduarekin identifikatzen duena) eta deismotik (Jainkoak mundua sortu zuela baina mundua sortu ondoren harekiko lotura hautsi zela dioena) berezia.
Teismoak historian zehar lau argumentu eman ditu Jainkoaren existentzia frogatzeko: teleologikoa, frogarik zaharrena, unibertsoaren ordenatik eta antolamendutik abiaturik ordena horren jatorri edo iturritzat hartzen duena; kosmologikoa, Jainkoa lehen arrazoitzat edo printzipio infinitutzat, gauza finituen edo bigarren arrazoien sortzailetzat hartzen duena (Aristoteles, San Tomas Akinokoa); ontologikoa, berez perfektua den eta existitzen den zerbait badela dioen pentsamenduan oinarritzen dena (San Anselmo, Descartes); eta morala, froga modernoena, Kantek aurreko hirurak baztertu ondoren finkatua, gizonaren lege moralak gizonaz haraindiko norbaitek ezarriak izan behar dutela dioena.
Erreferentziak
Kanpo estekak