Texas[1]Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko estatua da. Alaskaren ondoren, AEBetako estaturik handiena da, eta Kaliforniaren ostean, bigarren populatuena. Austin du hiruburua, eta Houston, hiririk handiena. Texasek 691.027 km2-ko azalera du, eta 24,3 milioi biztanle inguru.
Mexikoko golkoaren ondoan lautada emankor bat zabaltzen da, estatuaren heren bat hartzen duena. Kostaldeko behe-lautadetan itsas aintzirak daude, eta barnealderago, 200-700 m-ko garaierako lautada zabalak. Mendebaldean eta ipar-mendebaldean daude lurraldeko mendi garaienak, Mendi Harritsuetan (2.666 m Guadalupe mendian).
Ibai askoren urek ureztatzen dituzte Texasko lurrak, iparraldeko Llano Estacado izan ezik. Rio Grande del Norte edo Rio Bravo ibaiak Mexiko herrialdearekin muga egiten du, eta Rojo eta Sabine ibaiek Oklahoma, Arkansas eta Louisianarekin. Aipagarriak dira, halaber, mendebaldetik ekialdera, Pecos, Colorado, Nueces, Brazos eta Trinity ibaiak.
Klima kontinentala eta lehorra da mendebaldean, kontinentala erdialdean, eta subtropikal hezea hegoaldean eta ekialdean.
24,3 milioi biztanle ditu 2008. urteko erroldaren arabera. Gaur egun, Texasko bost biztanletik bat hispanoamaerikarren ondorengoa da, eta Mexikotik hurbil dauden hirietan mexikar arkitektura eta gaztelania dira nagusi. Bertako amerindiarrak oso gutxi dira gaur egun; amerindiar gehienak hirietan bizi dira, eta gainerakoak Alabama-Coushatta (estatuaren ekialdeko mugan) eta Tiguako erreserbetan (mendebaldeko muturrean, El Pasotik hurbil).
XIX. mendeko ingelesen kolonizazioa oso sakona izan zen, eta, Texas Mexikotik bereizi zenerako, Estatu Batuetatik joandako 40.000 kolono bizi ziren. Alemaniarrak, poloniarrak, txekiarrak, suediarrak eta irlandarrak joan ziren ondoren, lur emankorrez jabetzeko zeuden erraztasunak zirela eta. Estatu Batuetako kolonoek esklabo beltzak eraman zituzten; gerra zibila amaitu ondoren, aske geratu ziren. Demografia oso bizkor hazi da XX. mendearen erdialdetik aurrera.
Ekonomia
Laborantzak (kotoia, garia, garagarra, fruta-arbolak, arroza, barazkiak, artoa, lekadunak) eta abere-hazkuntzak (behi- eta ardi-azienda) garrantzi handia dute, baina petrolio- eta gas-hobien ustiapena da diru-iturri nagusia, industria oparoa ekarri duena: petrolio-findegiak, kimika industria, informatika, hegazkingintza, nekazaritzarako makineria, altzairugintza, janari-industria, ehungintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa. Ehunka aireportu daude estatuan, eta errepide eta burdinbideek estatuko hiri garrantzitsuenak elkarren artean eta alboko estatuekin lotzen dituzte. Itsas portuak ere (Houston, Port Arthur, Corpus Christi, Beaumont) sartu-irten handikoak dira (Houstongoa munduko handienetakoa da).
Historia
Europar kolonoak, iritsi aurretik amerindiarren herri txikiak bizi ziren lurraldean. 1528an, espainiarren lehen espedizioak hasi ziren. 1685ean frantsesek Matagordako badian kokatzeko asmoa zutela hartu zuten aintzat lurraldea Espainia Berriko agintariek. Urte gutxiren buruan, misio ugari sortu ziren (1718an eraikitako San Antoniokoa garrantzitsuena izan zen).
1820an, Virginiako Moses Austinek baimena eskatu zien espainiar agintariei Texasko lurraldean bizitokia hartzeko. Hurrengo urtean, haren anaia Stephen Austini eman zioten baimena, eta harekin batera ingelesez mintzo ziren kolonoak sartzen hasi ziren. Mexiko independentearen egonkortasunik eza ez zen kolono haien gustukoa, batez ere Antonio López de Santa Ana jenerala aginpidera iritsi zenetik. 1836an armak hartu eta, mexikarrak garaitu ondoren, texastarrek hamar urteko independentzia lortu zuten. Texasko Errepublika babesteko lanetan, besteak beste, Henri Castro lapurtarra aritu zen; baita europar etorkinen koloniak sustatzen ere.[2]