Zikloi tropikalabehe-presio gune baten inguruan indar handiz biratzen den ekaitz-sistema da[1], tropikoetako itsasoetan sortu, eta haize bortitzak eta euri ugariak dituena. Indar eta kokapenaren arabera, zikloi tropikalak hainbat izen izan dezake: beheraldi tropikala, ekaitz tropikala, urakana[2] edo tifoia[3]. Izena egitura zikloiko eta jatorri tropikala izatetik datorkie.
Zikloiak erdiguneko ardatzaren inguruan biratzen dira, erloju orratzen kontra ipar hemisferioan, eta erloju orratzen arabera hego hemisferioan. Zikloi tropikalak udan eta udazkenean gertatzen dira, batez ere; 80-480 km bitarteko diametroa izan ohi dute eta indar handiko haizea (orduko 200 km-tik gora), eta euri jasa handiak dituzte ezaugarri nagusiak. Itsaso epelek igortzen duten beroagatik eta hezetasunagatik sortzen dira; gero kontinente aldera hedatzen dira eta hondamendi handiak eragiten dituzte kostaldean.
Izenak
Eskualdeen arabera, zikloi tropikalek hainbat izen dituzte:
Tropiko aldean zenbait zikloi egitura bereizten dira, beren intentsitatearen arabera hiru kategorietan banatuak; depresio tropikalak, haizeen lastertasuna 60 km/h baino motelagoa denean; ekaitz tropikalak, 60-120 km/h arteko haizeak badira, eta zikloi tropikalak, orduko 120 km/h gorako haizeak direnean. Hiru egitura horien artean zikloiak dira, zalantzarik gabe, ikusgarrienak eta indar handienekoak.
Zikloi tropikal baten egitura zirkulu formako behe presio gune bat izaten da; beheragune horrek 200-500 km arteko diametroa du, eta 120 km/h gorako haizeak sortzen ditu (500 km/h haizeak ere izan dira). Urakan helduetan edo erabat osatuetan gune epel bat eratzen da erdialdean; gune horretan, hondoratuz doan aireak hodeiak desagerrarazten ditu, eta haizea ahula izaten da. Urakanaren begi esaten zaio gune epel horri, eta 10- 50 kilometro bitarteko diametroa izan ohi du.
Urakanaren begiaren inguruan indar handiko konbekzioak gertatzen dira, eta behetik gorako hodei eraztun bat eratzen da horren ondorioz; kiribil moduko zerrenda kizkurretan antolaturiko zelulak izaten ditu, eta gailurra 12.000 metrotik gora egoten da.
Urakanarekin batera indar handiko haizeak, uholdezko euriak eta olatu handiak eratzen dira, eta ondorio kaltegarriak eragiten dituzte gertaera horiek uharteetan eta kostaldeetan. Ohiko maila baino sei metro handiagoko olatuak eratzen dira, eta horixe izaten da hain zuzen urakanek sortzen dituzten gertaeren artean larrienetakoa: olatu handiak. 1991ko apirilean, adibidez, zikloi batek Bangladeshko ekialdeko kostaldea suntsitu zuen, eta milioi erdi hildako eragin zituen; 250 kilometroko haizeak izan ziren eta 8 metrotik gorako olatuak; Bengalako golkoko hamar uharte baino gehiago estali zituen itsasoak, eta Bangladeshko hiri handi batzuk desagerrarazi. Baina zikloiarekin batera euri jasa oso handiak ere izaten dira: FilipinetakoBaguio hirian, esaterako, 1911ko uztaileko egun bakar batean 1.168 milimetro euri jaso ziren. Urakanen sailkapena egiteko, intentsitatearen araberako bost kategoriako urakanak bereizi dira Estatu Batuetan.
Urakanek, esan bezala, kalte handiak egiten dituzte, ahalegin handiak egiten dira beraz kalte horietatik aldez aurretik begiratzeko, urakanen ibilbidea bai kontrolatzeko eta bai igartzeko; dena dela, hondamen handia eta arrisku larriak sortuagatik, inork ez daki zehatz-mehatz urakanak zergatik sortzen diren. Izan ere, hainbat eragilek dute zerikusia urakanen sorreran eta bilakaeran.
Batetik ozeanoak, 26-27° C-tik gorako ura duten itsas masa handiak behar baitira zikloia sortzeko; konbekzioa era horretara izaten baita, eta bai orobat hezetasun eta bero handia.
Latitudeak ere badu garrantzia: bost gradutik beherako latitudeetan ez da zikloirik eratzen, Coriolisen indarra ia baliogabea baita gune horietan eta, hortaz, ez baitago zikloia eragingo duen zurrunbiloa eratzeko bezainbateko indarrik. Ekuatoretik urrun, Coriolisen indarrak beheragune baterantz doan haize lasterra konbergentzia bidez desbideratzen du, eta kiribil moduko egitura bat osatzen da horrela. Bestalde, kontuan hartu beharrekoak dira eguratseko baldintzak ere, bitarteko latitudeetako beheraguneetako fronteek ez bezala (egurats baldintza baroklinoekin lotuak baitira horiek), egurats barotropikoa behar izaten baitu urakanak, alegia, eremu oso zabaletan presio, tenperatura, gradiente termiko eta hezetasun uniformeak behar dira urakana gerta dadin. Azkenik, aire konbergentzia handia eta zikloi motako haize lasterra behar dira lur arrasean, eta dibergentzia eta antizikloi motako haize lasterra, berriz, lur arrasetik gora; horrenbestez, zikloia perturbazio batetik sortua da, eta perturbazio hori handitzen denean, urakan bihurtzen da hasieran zikloia zena, eta perturbazioa handitzen ez bada, orduan egun gutxitan desagertzen da. Zikloi tropikala oso presio apaleko isobara itxien multzoari dagokion gertaera, tropiko inguruko lurraldeetakoa.
Zikloi tropikalak 500-800 kilometroko diametroko zurrunbilo edo bortize biribilak dira, oso presio apala izaten dutenak erdigunean (950 hPa baino apalagoa oro har). Zikloi tropikalen ondorioz indar handiko haizeak eta prezipitazio handiak gertatu ohi dira.
Kokapena
Munduan zikloi tropikalak pairatzen dituzten zazpi eskualde nagusi daude:
Urtero laurogei zikloi tropikal inguru sortzen dira, gehienak ipar-mendebaldeko Ozeano Barean. Noizean behin, beste eskualdetan ere jazo dira: hego Ozeano Atlantikoan, Mediterraneoan eta beste lekuetan.
Sasoiaren iraupena eta zikloien batez bestekoa eskualdeka[4]
Zikloien bilakaeran hiru aldi bereizten dira: hasiera aldia, heldutasun aldia, eta desagertzea edo amaiera aldia.
Hasiera aldia
Zikloia uhin perturbazio batetik sortua da; uhin perturbazioa handitu ahala behe presio gune tropikala eratzen da lehenik, eta ekaitz tropikala ondoren. Aldi honen hasieran presio apalaren inguruko haizea ahul samarra da, eta hodeiak eta prezipitazioak guztiz eratu gabe daude artean. Zikloiaren barnean presioak behera egiten duen heinean, ordea, haizea gero eta lasterrago ibiltzen da (120 km/h irits daiteke), eta kiribil moduko zerrenda kizkurreko hodei sistema bat eratzen du. Aldi berean, bero latente asko askatzen da, ur lurrunakondentsatzen delako; bero latente hori izango da, hain zuzen ere, perturbazioaren energia iturri nagusia.
Horrela, airea gero eta gehiago berotzen da, eta gero eta lasterrago goratzen; horrek haize heze gehiago erakartzen du gainaldetik, eta haize hezea gorantz igo ahala, bero gehiago askatzen da. Prozesu dinamiko bat hasten da beraz, aire heze gehiago eta gehiago erakartzen da etengabe, eta beraz energia potentziala eratzen da etengabe bero latentetik, eta energia hori energia zinetiko bihurtzen da ekaitzaren mugimenduaren eraginez.
Heldutasuna
Aldi honetan oso bizkor handitzen da zikloia, zirkulu itxura hartzen du eta orduan hartzen du gune aktiboak indarrik handiena.
Zikloiaren zurrunbiloan gune bare eta goranzko aire korronterik gabe bat eratzen da, ekaitzaren begi esaten zaiona, eta haren inguruan aritzen dira hodeiak, kiribilean biraka.
Perturbazio askotan ez da gune hori eratzen, sortu eta egun gutxitan desagertzen baitira.
Zikloia erabat osatuta dagoenean, presioa asko gutxitzen da kanpoaldetik barnealdera, eta horren ondorioz gradiente bariko nabarmen bat eratzen da, eta lastertasun handiko haizeak orobat, erdigunetik zenbat eta hurbilago orduan eta bortitzagoak. Haizeak perturbazioaren inguruan biratu ahala aireak erdigunetik gora egiten du, bertikalean ia, aire-laster handiko tximinia batean gora kea igotzen den bezala. Horrek goranzko aire masa hezea bat-batean hozten du, eta hodei eran kondentsarazten du; barnealdean kumuloninboak, eta kanpoaldean ninbostratuak, altostratuak eta zirrostratuak, hurrenez hurren. Une horretako jarduera konbektibo indar handikoa hodeiek hartzen duten eremuan ikusten da, tropopausaraino iristen baitira ia, eta baita ur lurrunaren kopuruan ere (eguneko 15 x 109 tona baino gehiago, eta horietatik erdia berriro lurrera itzul daiteke euri jasa handien bidez denbora askoan).
Zikloi begian, ordea, baretasuna da nagusi; zerua oskarbi egoten da, edo hodei gutxirekin, airea hezea eta epela da, eta bitarteko geruzetako tenperatura, berriz, inguruko airea baino 10-18 °C beroagoa. Gune epel hori kondentsaziozko bero latentearen ondorioz sortua da, eta garrantzi handia du urakana era dadin, bi arrazoi nagusi hauengatik: batetik, goi troposferan dibergentzia eragiten du, eta xurgatze bonba baten modura dihardu zikloi begiak, gorantz doan airea bereganatzen baitu, eta itsas mailako konbergentzia indar handiagokoa eta etengabea bihurtzen baitu. Bestetik, aire epela denez, eta beraz aire hotzak baino dentsitate handiagoa duenez, behe presioko gune bat osatzen da, eta lastertasun handiko haizeak erakartzen ditu gune horrek.
Desagertze aldia
Behin osatu ondoren, zikloiak astebete inguru irauten du; denbora horretan 25 km/h-tik beherako lastertasunean mugitzen da alisioen korrontearekin batera, mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko norabidean Ipar Hemisferioan, hego-ekialdeko norabidean Hego Hemisferioan. Zikloia tropiko aldean gelditzen bada eta kontinentean zehar mugitzen bada, pixkanaka-pixkanaka desagertzen da; 20-30° latitudeetara iritsiz gero, berriz, lurburu aldera okertzen da, eta mendebaldeko haizeen eraginpean geratzen bada, desagertu edo bitarteko latitudeetako depresio bihurtzen da. Kontuan hartu behar da zikloi tropikala tresna termiko moduko bat dela, gune epel baten eta inguruko gune hotzagoen arteko tenperatura aldeen arabera diharduen gailu bat hain zuzen ere; halako potentzial handia duen sistema bihurtzeko, behar-beharrezkoa du kondentsaziozko bero latentea etengabe izatea, hezetasunez kargatutako haizeek ematen diote bero latente hori, aldi berean indartu egiten dutelarik zikloia eta ekinean iraunarazten. Horrexegatik aire hezea eta beroa ematen zaion bitartean zikloiak ekinean dihardu, baina kontinente barnera sartzen denean edo ozeano hotz batetik igarotzen denean, berehala ahultzen eta desagertzen da.
Zikloi tropikal gehienak uda amaieran eta udazken hasieran gertatzen dira.
Itsasoko uraren tenperatura epelenetan handitzen dira, eta Tropiko Arteko Konbergentzia Eremuko egoerarekin dute lotura, eta Konbergentzia Eremu hori Ekuatoretik iparraldera edo hegoaldera egon, hartara agertuko dira Ipar Hemisferioan ala Hego Hemisferioan. Lotura horrek azaltzen du zergatik ez den urakanik eratzen Atlantiko hegoaldean edo Ozeano Barearen hego-ekialdean (Tropiko arteko Konbergentzia Eremua bost gradutik hegoalderako latitudeetan baitago beti) eta zergatik diren ugariak Atlantikoaren, Ozeano Barearen eta Indiako ozeanoaren mendebaldean.
Argitu beharra dago ozeanoen erdian eta ekuatore inguruko zerrenda guztian zehar kontrakotasun simetriko bat dagoela lurburuetarako ipar eta hego antizikloien artean, eta kontrakotasun horrek bi hemisferio horietako haize alisioen konbergentzia indar handiko bat sortzen duela; eta konbergentzia horrek eratzen du Tropiko arteko Konbergentzia Eremu deritzona. Eremu horretan airea tropopausaraino goratzen da indar handiz, eta kumuloninbo dorre handiak eratzen ditu; hodei horien ondorioz euri jasa handiak izaten dira.
Kalteak
Urakanen eraginez eratzen diren haizeen, olatuen edo euriteen kalte handienak kontinenteetako kostaldean izaten dira.
Ingalaterra Berriko urakanak (Estatu Batuak), adibidez, 1938ko irailean kalte ekonomiko handiak eta bostehun hildakotik gora eragin zituen. Urakana amaitzear zela gertatu zen hondamen hura, baina orduan ere indar handia zuen haizeak, 300 km/h baino gorakoa kasu batzuetan. Urakanen desagertze aldian, olatuak eta itsasaldiak ohi baino sei metro garaiagoak izaten dira, eta egun bakar batean 1.160 milimetrotik gora euri ur ere egiten du, adibidez Baguion, Filipinetan. Gilbert urakanak, ipar hemisferioan XX. mendean izan den handienak (1988), hondamen handiak eragin ditu Jamaikan eta Mexikoko zenbait eremutan, orduko 350 kilometrotatik gorako haize boladak eragin baitzituen.
Hori dela eta, 1955 inguruan urakanen jarraipena egiteko sistema koordinatu bat osatu zen, eta hainbat hobekuntza egin zaizkio azken urteetan. Radarrak, itsasoko erregistroak jasotzeko sistemak, meteorologia sateliteak (1966az gero) eta beste tresna batzuk asmatu dira, ekaitzaren nondik norakoak ia hasiera-hasieratik aztertzeko.
Sistema horiei esker hildako gutxiago izaten dira gaur egun urakanen ondorioz, baina galera materialak oso handiak izaten dira, batez ere kostaldean.