Addis Abeba[1] (amhareraz: አዲስ አበባ, Addis Abäba, «lore berria») Etiopiako hiriburua eta hiri nagusia da, politika, industria eta merkataritzako arloetan. Aldi berean hiria eta estatua da, hiri enkartatua baita. 2007an 2.738.248 biztanle zituen.[2] Hirian 80 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Afrikar Batasunaren hiriburua da.
Geografia
Klima
Addis Abebak klima tropikal leuna du (15°C) garaiera dela-eta (2.300 m). Urteko prezipitazioak 1.150 mm dira.
Iturria (2): World Meteorological Organisation (NBE) [4]
Historia
Hiria 1887an sortu zuen Menelik II.a enperadoreak, ur termalak aurkitutako toki batean, eta horregatik eman zioten Addis Abeba izena, Lore Berria. 1889an hiriburu bihurtu zuten. Hazkundea guztiz kaotikoa izan zen, eta 1917anDjiboutira egin zen trenarekin asko areagotu zen hazkunde demografikoa. 1936tik1941era bitartean, italiarrek hiria okupatu zuten, eta euren kolonien hiriburu bihurtu.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan hiriburuko biztanleen kopurua bikoiztu zen, eta hainbat industria ezarri. 1963an Afrikako hogeita hamar herrialdetako estatu buruen bilera egin zen bertan, geroztik Afrikar Batasuna dena sortu zuena.[5]
Ikustekoak
Addis Abeba Etiopiako industria eta ekonomia gunerik handiena izateaz gain, bizitza kultural oso anitza duen hiria. Erdialdiean De Gaulle Piazzan eta inguruko kaleetan, italiarren okupazio-garaiko eta lehenagoko garaietako eraikinak ikusten ahal dira, gehienak nahiko hondatuta daude, Taitu hotela izan ezik, herrialdeko hotelik zaharrena baita, bertan ikus baitaiteke eraikinaren eta barruko dekoratuaren edertasuna[6].
Merkato izeneko merkatua ere ikusgarria da, herrialdeko eta Afrikako merkaturik handiena da. Ez da aire zabaleko merkatu tipiko bat, kale arte bat baizik, dendaz betetako auzo handi bat.
Etiopiako biztanle gehienak kristauak izanik, hirian eliza ugari dago. Aipagarrienak honako hauek dira: Bet Georgis Katedrala, zeinak estilo neoklasikoaren azpian eliza oktogonal tradizional bat duen; eta ondoan museo kristau bat dago, non herrialdeko eliza guztietan ohikoak diren objektu erlijiosoak ikus daitezkeen, hala nola gurutzeak, bastoiak edo eguzkitako zeremonialak. Siddist Selassie katedrala enperadoreen eta errege familiaren gorpuzkiak dauden lekua da, baita Haile Selassie I.arenak ere. Bere sabaia Ageñehu Enredaren pinturekin apainduta dago. Azkenik, Medhane Alem Katedrala Afrikako bigarren handiena da.
Hiria inguratzen duten mendiek Entoto muinoa osatzen dute, nondik Addis Abebako bista ikusgarriak ikus daitezkeen 3.000 metrotik gorako altueratik. Entoto inguruan merkatu tradizionalak ere aurki daitezke.
Hirian dauden museoen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste: museo Arkeologiko Nazionala eta Museo Etnografikoa, non herrialdean dauden etnia ezberdinen kulturatik ibilbide bat egin daitekeen.
Banaketa administratiboa
Hiriburua hamar barrutitan (Kifle ketema) eta 99 auzoatan (kebelé) banaturik dago. Hona hemen barrutiak: