Share to: share facebook share twitter share wa share telegram print page

Armada karlista (Lehen Karlistaldia)

Nafarroako gidariak. "Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.

Armada Karlista Lehen Karlistaldian foru eta Karlos Maria Isidro Borboikoaren eskubideen alde borrokatu zuen armada izan zen.

Infanteria

Nafarroako infanteria."Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.
Gaztelako infanteria."Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.

1833ko urrian gerra hasi zenean, ez zegoen armada karlistarik berez, gobernuaren neurrien ondorioz desagertzear zeuden milizia errealistetako zenbait militar taldek eta, Fernando VII.aren erregealdiaren amaierako garbiketen ondorioz, aginterik ez zuten ofizialek gidatutako gaizki armatutako nekazariek egindako altxamendu bat izan baitzen ordukoa.

Hor zehar sakabanatutako matxinatuen talde haiek askoz zailduagoa zegoen armada liberala hirietan gotorraraztea izan zen Zumalakarregiren lorpenik handiena. Dena den, euskal lurretan borrokatu ziren soldadu karlisten kopurua infanteria liberalak zituena baino askoz murritzagoa izan zen beti. Oso zaila da kopuru zehatzik ematea, gorabehera handiak zeudelako baina, halere, 1834ko uztailean Don Karlos gerraren erdigunera iritsi zenean han aurkitu zituen 16.000 soldadu ingurutik 1836tik aurrera armada karlistak izango zituen 35.000 soldaduen artean egon zen kopuru hura.

Asko idatzi da armada karlistako boluntarioen inguruan. Zumalakarregik gidatutako gerraren lehen fasean egia da boluntarioak zebiltzala, baina erregegaia iritsi zenetik, mutil gazteen errekrutatze orokorrak egin ziren, eta desertzioak eragozteko xedapen ugari onartu ziren halaber. Beraz, agintari karlistek arazoak zituzten beren tropen artean diziplina ezartzen. Arazo hori larriagotuz joan zen gerraren iraupen luzearengatik. Egia da, bestalde, desertore liberal ugarik karlistekin bat egin zutela.

Gerra hastean, karlisten arazo handiena boluntarioentzako armak eta hornigaiak lortzea izan zen. Armada liberala bera izan zen karlisten iturri nagusia, haien konboiei egindako erasoei esker. Horrez gain, ekintza arrakastatsuetan armak berreskuratzen zituzten askotan eta Frantziako kontrabandoaren bitartez ere lortzen zituzten. Schwazenberg austriar boluntarioak idatzitako testu honetan karlisten gabeziak azaltzen zaizkigu:

« Euskal batailoiak oso trebeak dira, oro har, hildakoak lumatzen. Ganberazain iaioenak ere ez lituzke gaindituko. Borrokaldiaren ondoren, pixka batean itxoin beharra dago, berriz ere elkartu aurretik, soldaduak jantzi daitezen. Ingelesei gorbata beltzak eta galtzerdiak uzten dizkiete, karlistek ez dutelako halakorik erabiltzen. Izugarria da hilotz biluzien itxura, gorbata eta galtzerdiak beste arroparik gabe. »


Armada liberalak izugarri ekipo astun eta deserosoa zuen. Zumalakarregik, ordea, egoerara moldatzearren, motxilak beharrean olanazko zakuak eta kaskoen ordez gerora tropa karlisten bereizgarri nagusia izango zen txapela erabiltzea bultzatu zuen. Horrekin batera, bere gizonak batailoietan antolatu zituen, talde horiek liberalen erregimentuak baino txikiagoak izanik, gidatzeko eta maniobratzeko errazagoak baitziren.

Iparraldeko armada karlista sendotu ondoren, bakoitzaren jatorriaren araberako dibisioetan banatu zen infanteria. 1839an nafar dibisioak hamahiru batailoi zituen, arabarrak zazpi, gipuzkoarrak zortzi, bizkaitarrak bederatzi, kantabriarrak hiru eta Gaztelakoak lau.

Zalditeria

Nafarroako lantzariak. Albúm de las tropas carlistas del norte liburuaren margolana.
Zalditeriaren ohorezko guardia. "Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.

Zumalakarregi zalditeria gorputz txiki bat osatuz joan zen, zaldunak lantzaren erabileran trebatuz. 1834ko irailean jarri zituen lanean lehenbiziko aldiz, Vianan.

Carondelet liberalak Erregearen Guardiako 300 zaldun zituen 200 lantzari nafarrek eraso ziotenean, karlisten buruzagia bera buru zutela. Bi oldarraldi gogorren ondoren, zalditeria liberaleko eliteko talde batek ihesari eman eta Logroñon babestu zen.

Zalditeria karlistako arduradun bikainenetako bat Carlos O'Donnell izan zen. Henningsenek dioenez, hura iritsi arte, lantzari nafarrak "beduino tropel bat bezain diziplinarik gabe eta ez jakinak izan ziren beren ekintza militar guztietan". Halere, 1835ean O'Donnell hil zenean, erregimentu hura ezin hobeto hornituta eta diziplinatuta zegoen, eta erreginaren armadarik onena bezain ederki maniobratzeko gai zen.

Zalditeria karlistak ez zuen inoiz pisu handirik izan euskal lurraldeetako gerran. Ez geografiak ez tradizioak ez zuen horretara bultzatzen. Halere, zenbait eskoadroi eta errejimentu antolatu zituzten, nafar lantzariez gain. Arabarrek Arlabango husarrak sortu zituzten, eta gipuzkoar eskuadroi bat ere osatu zen. Gaztelan eskuadroi asko antolatu zituzten, espedizioen garaian bereziki, eta hauek nabarmendu ziren bereziki: Printzearena, Maroto jeneral burua zenean eskolta ematen ziotenak; Printzesarena, Kantabriar eskuadroia izandakoa; eta Ontoriako husarrenak, Balmasedak sortuak.

Dena den, zaldiak lortu ezina ere armada karlistaren egoera larriaren adierazgarri bihurtzen da. Hala nola, zalditeriaren barruan "zaldirik gabeko" bi konpainia zeuden, kostazain lanez arduratuta.

Penintsulako espedizioen aldian izan zuen protagonismorik handiena zalditeria karlistak. Gorputz hori ezinbestekoa zen mesetako zabaldietan ondo maniobratzeko. 1837ko maiatzean, 1.200 zaldun inguru Errege espedizioan abiatu ziren, erregegaiarekin batera. Saiakera hark porrot egin zuen, hondamen handirik jasan ez zuten arren, baina porrot haren ondorioz halako ekimenak bertan behera utzi zituzten, eta gorputz militar hark protagonismoa galdu zuen.

Artilleria

Aduanazainak. "Albúm de las Tropas Carlistas del Norte". Madril. 1840ko hamarkada.

Gerraren hasieran karlistek Gasteizko Boluntario Errealistenak ziren lau kanoi zituzten arren, handik egun gutxitara galdu egin zituzten, boluntarioak sakabanatzean. 1834ko amaiera arte ez zen berez artilleria karlistarik izan, harik eta Dulantzin O'Doyleri bi kanoi lapurtu eta pieza berriak egiten ibiliko zen Vicente Reina karlisten lerroetan sartu zen arte.

Bizkaiko hondartza batean kanoi zahar bat zegoela jakinarazi zioten Zumalakarregiri eta hark Urbasara eramateko agindu zuen, aukera hobeak zeudenerako lurperatuz han. Karlistek aurreneko hilabeteetan egindako gerra mota zela eta, ezin zuten kanoiekin batera eta bestera ibili, eta horregatik lurperatu egiten zituzten hurrengo aukera sortu arte. Boluntarioek Bizkaiko kanoia aurkitu zutenean, zeharo lizunduta eta herdoilduta zegoen, eta "aitona" izena jarri zioten beraz. "Aitona" Reinak egindako kanoiekin batera erabili zuten Etxarri Aranatz, Trebiñu eta Ordizia hartzeko guduetan. Lehertu egin zen hainbatetan, baina konpondu egiten zuten aldiro aldiro. Pieza berriak lortzean "aitona" erabiltzeari utzi zioten karlistek Bilboko lehendabiziko setioaren ondoren.

1835ean Joaquín Montenegro artilleriako brigadierra batu zitzaien karlistei. Artilleria gorputza antolatzeaz arduratu zen eta haien arduraduna izan zen gerra osoan zehar. Zubillagako arma lantegi eta galdategia sortu zuen Oñatin, eta artilleroentzako eskola bat ere antolatu zuen. Haren antolakuntza gaitasunei esker, karlistek 60-70 kanoi izan zituzten gerrako hilabete gehienetan zehar. Halere, Don Karlosen jarraitzaileek ez zuten inoiz Iruñea edo Donostia bezalako gotorlekurik menderatzeko adina artilleria sendorik izan, eta Bilboko setioetan artilleria liberalaren azpitik ibili ziren.

Munizioari dagokionez, gerra hastean bolbora eta bala fabrikak ibiltariak izan ziren, eta 1836tik aurrera Tolosan, Legution eta Ameskoaetan finkatu ziren. Dena den, karlistek armada liberaletik lortzen zituzten arma eta munizio gehienak. 1834ko urtarrilean, adibidez, Zumalakarregik Orbaitzetako arma fabrika konkistatu eta kanoi bat eta 50.000 kartutxo bereganatu zituen.

Osaera

Iparraldeko tropa karlista

  • Infanteriaren ohorezko guardia.
  • Zalditeriaren ohorezko guardia.
  • Zutoihalaren eskolta.
  • Buruzagi eta ofizialen eskuadroia
  • Madrilgo boluntario nabarien batailoia.
  • Nafar infanteria. 800 laguneko hamabi batailoi
  • Nafarroako gidariak. 800 laguneko batailoi bat
  • Nafarroako lantzariak. Lau eskuadroi
  • Gipuzkoar infanteria. 1.000 laguneko zortzi batailoi
  • Gipuzkoako eskuadroia. 100 zaldi
  • Arabar infanteria. 800 laguneko zazpi batailoi
  • Arabako gidariak. 800 laguneko batailoi bat
  • Arabako eskuadroia. 120 zaldi
  • Bizkaitar infanteria. 900 laguneko bederatzi batailoi
  • Bizkaiko eskuadroia. 90 zaldi
  • Gaztelar infanteria. 800 laguneko lau batailoi
  • Gaztelar zalditeria. Hiru lantzari-errejimentu
  • Granadari batailoia. 800 lagun.
  • Gudu eta mendi artilleria
  • Miatzeko artilleria
  • Lau zulatzaile-konpainia. Herrialdeko bana
  • Arlabango husarrak. 100 zaldi
  • Hiru kantabriar batailoi, 900 lagun.
  • Aduanazainak.


Aragoi, Valentzia eta Murtziako errege-armada

  • 1. Tortosako brigada. 1.,2. eta 3. Tortosako batailoiak, 800 lagun.
  • 2. Tortosako brigada. 1.,2. eta 3. Morako batailoiak, 750 lagun.
  • 1. Aragoiko brigada. Aragoiko gidariak, 5. eta Aragoiko tiratzaileak, 700 lagun.
  • 2. Aragoiko brigada. 4., 6., 7., eta 8. Aragoiko batailoiak, 850 lagun.
  • 3. Aragoiko brigada. 1.,2. eta 3. Aragoiko batailoiak, 700 lagun.
  • 1. Valentziako brigada. 1.,2. eta 3. Valentziako batailoiak, 800 lagun.
  • 2. Valentziako brigada. 4.,5., 6. eta 7. Valentziako batailoiak, 850 lagun.
  • 1. Murtziako brigada. 1. eta 2. Ciden batailoiak, 800 lagun.
  • 2. Murtziako brigada. 3. Ciden batailoi eta Morellako kondearen gidariak, 800 lagun.
  • 1. Aragoiko lantzari-errejimentua, 250 lagun.
  • 2. Tortosako lantzari-errejimentua, 490 lagun.
  • 3. Aragoiko lantzari-errejimentua, 350 lagun.
  • 1. Valentziako lantzari-errejimentua, 360 lagun.
  • 1. Ciden lantzari-errejimentua, 280 lagun.
  • 1. artilleria-batailoia, 500 lagun.
  • Trenen konpainiak, 150 lagun.
  • Zulatzaile konpainia, 390 lagun.
  • Cabreraren miñoi-konpainia, 100 lagun.
  • Cabreraren ordenantzak, 100 lagun.
  • Cabreraren gidariak 100 lagun.



Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak

Kembali kehalaman sebelumnya