Bavaria[1] (alemanez: Bayern, /ˈbaɪɐn/ ahoskatua), ofizialki Bavariako Estatu Askea (alemanez: Freistaat Bayern, /ˈfʁaɪʃtaːt ˈbaɪɐn/ ahoskatua) Alemaniako hego-ekialdeko estatua da. 70.550,19 kilometro koadroko azalerarekin, Alemaniako estaturik handiena da, azaleraren arabera, azalera osoaren bostena baita, gutxi gorabehera. 13 milioi biztanle baino gehiagorekin, bigarrena da Ipar Renania-Westfaliaren ondoren, baina bere azalera handia denez, Alemaniako batez bestekoaren azpitik dago populazio dentsitateari dagokionez. Bavariako hiri nagusiak Munich (hiriburua eta hiririk handiena, eta baita Alemaniako hirugarrena ere)[2], Nurenberg eta Augsburg dira.
Bavariak kultura berezia du, hein handi batean estatuaren izaera katolikoagatik eta bere tradizio kontserbadoreengatik. Bavariarrak tradizioz beren kulturaz harro egon dira, hizkuntza bat, gastronomia bat, arkitektura bat, Oktoberfest bezalako jaialdiak eta sinbologia alpetarreko elementuak barne hartzen dituena. Bigarren ekonomia handiena du Alemaniako estatuen artean, BPGaren zifrengatik, eta horrek Alemaniako eskualdearen estatusa nahiko aberatsa ematen dio[4].
Bavaria garaikideak Frankonia eta Suabia eskualde historikoen zati batzuk ere hartzen ditu.
Geografia
Danubio ibaiak bitan banatzen du mendebaldetik ekialdera: hegoaldean, Alpeak daude eta bertan, Alemaniako gailurrik gorenak (Zugspitze, Hochwanner eta Watzmann, besteak beste). Hegoalderago, Iller, Lech, Isar eta Inn ibaiek zeharkaturiko ordoki suabiar-bavariarra zabaltzen da; haran eta aintzira ugari (Ammersee, Starnberg aintzira, Chiemsee) dago bertan.
Danubioren iparraldean, Suabia-Frankoniako arroa dago, Main eta Danubioren eskuinaldeko adarren artean. FrankoniakoJura mendiek zeharkatzen dute eskualde hori. Ekialdean, Bavariako oihana(Bayerischer Wald) Txekiar Errepublikarekiko mugan hedatzen da Bohemiako oihanean (Böhmerwald, txekieraz Cesky Les, 1.400 m).
Artzaintzak eta nekazaritzak garrantzi handia hartu dute: esne aziendak Alpe eta ordokian, laboreek eta patatak Danubio ibarrean, mahastiek Main haranean. Petrolio findegiak daude Ingolstadt-en. Mekanika eta kimika industria, ehun langintza, janari industria (garagardoa)... Nurenberg, Munich, Aubsburgo eta Würzburg hirietara bildu dira batez ere. Turismoa garrantzitsua da: Alpeak (Garmisch-Partenkirchen, Berchtesgaden), Munichen hegoaldeko aintzirak, Bayreuth (Wagner-en operak).
Historia
Zeltak izan ziren lehen biztanleak; erromatarrak K. a. 15. urtean sartu ziren Bavarian. Danubioko haran zabalak eta Alpeetako haranek inbasioetarako bidea errazten zutela, V. eta VI. mendeetan, Bohemiatik etorritako herriek hartu zuten. Frankoen eskuetan egon ondoren, dukerri bihurtu (911) eta Saxoniaren, Frankoniaren eta Guelfoen etxeen mende geratu zen.
1180. urtean, Bavaria PalatinatukoOtton Wittelsbacheko kondearen palatinarraren gobernupean utzi zuten; 1218 arte bertako haren etxeak izan zuen agintea. Palatinatuaren barnean, lurraldeak Holanda eta Hainaut lurraldeetara zabaldu zituen Bavariako etxeak (Luis IV.a Bavariako enperadorea, 1314-1347). XVII. mendean, Maximiliano I.a Handia, Bavariako Duke eta Hauteslea (1573-1651) Liga Santuko buru bihurtu zen eta printze protestanteen aurka borrokatu zen Hogeita Hamar Urteko Gerran. Westfaliako Itunak (1648) lurraldea aitortu zion, Goi Palatinatua barne. Handik aurrera, Bavariako koroak Frantzia aldera jarri zituen begiak, eta itunak frantsesekin egin zituen. Frantziako gobernuak lagunduta, Maximilian Josef I.a Bavariako errege izendatu zuten 1805ean. Napoleonen erasoen garaian, hasieran alde egon bazen ere, azkenean frantsesen aurkako aliatuen bidea hartu zuen Bavariak eta Frantziarekiko aliantzak bukatu. Austriaren alde borrokatu zen Prusiaren aurkako gerran (1866) eta Prusiaren alde Frantziaren aurkakoan (1870). Versaillesko itunaren arabera (1870), Bavariako erreinua Alemaniako Inperioaren kide bihurtu zen, nolabaiteko autonomia gorde bazuen ere. Bavariako monarkiaren azkena 1918ko azaroaren 7an etorri zen (Weimar-ko Errepublika): land bihurtuta, eskubide gehienak galdu zituen. Nazismoa —Munichen sortu zen— aginpidera heldu orduko (III. Reicha, 1933), autonomi eskubide guztiak galdu zituen. Amerikarrek 1945ean hartua, Alemaniako Errepublika Federaleko hamar landetako bat bihurtu zen.
2008ko irailaren 28an izan ziren Baden-Württembergeko parlamenturako azken hauteskundeak. Bavariako Batasun Kristau eta Soziala (CSU) alderdi eskuindarrak erraz irabazi zuen; hala ere, 46 urteren ondoren, lehen aldiz gehiengo absolutua galdu zuen. Honako hauek izan ziren hauteskundeetako emaitzak: