- Artikulu hau beltz (argipen) buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Beltz (argipena)».
Beltza
|
Kolore koordenatuak
|
Hamaseitarra
|
#000000
|
RGB
|
(r, g, b)
|
(0, 0, 0)
|
CMYKN
|
(c, m, y, k)
|
(0, 0, 0, 100)
|
HSV
|
(h, s, v)
|
(0°, 0%, 0%)
|
Beltza kolorerik ilunena da, argi ikusgarriaren absortzio edo falta osoa dela eta ematen dena. Ez da kolore kromatikoa, hau da, tonalitaterik gabeko kolorea da, zuria eta grisa bezala. Sinbolikoki iluntasuna irudikatzeko erabiltzen da.
Tinta beltza liburuak, egunkariak eta dokumentuak inprimatzeko erabiltzen den kolorerik ohikoena da, paper zuriarekiko kontrasterik handiena erakusten duelako eta irakurtzeko errazena delako. Arrazoi ezberdinak direla eta, pantaila zurian testu beltza erabiltzea da ohikoena ordenagailuetako pantailetan ere. Kolorezko inprimazioan, aldi berean zian, hori eta magenta tintak batzen lortzen da, kolorerik ilunena ematen.
Askotan, kontrakoak adierazteko "zuria eta beltza" ideia erabiltzen da, bereziki metaforikoki egia eta ignorantzia, ontasuna eta gaiztotasuna edo "Garai Ilunak" eta Argien Garaia adierazteko. Erdi Arotik aurrera solemnitatea eta autoritatearen kolore sinbolikoa izan da eta, arrazoi hau dela eta, epaile eta magistratuek eraman ohi duten kolorea da.
Beltza izan da, gainera, neolitikoan labar-artean erabiltzen zen koloreetako bat. XIV. mendetik aurrera monarkian oso erabilia izan zen, baita apaiz, epaile eta gobernuko ofizialen artean. Ingalaterran Erromantizismoan poetek eramaten zuten kolorea zen, eta XIX. mendetik aurrera negozio eta estatuburuek, bereziki gizonek, jantzi duten kolorea izan da.
Erromako Inperioan doluari lotutako kolore bilakatu zen, eta mendeetan zehar heriotza, deabrua, sorginak eta magiarekin lotutako kolorea izan da. Gaur egun ere kolorerik ohikoena da dolua adierazteko.
Etimologia
Adituen ustez,[1] *bel («beltz, ilun») erroa eta esanahi ezezaguneko *-tz atzizkia bereizi behar dira hitzaren osaeran.
Erro bera ikus daiteke, gutxienez, arbel (*«harri beltz»), goibel (*«goi beltz»), orbel (*«orri beltz») eta ubel (*«ur beltz») hitzetan, baita gibel eta sabel-en ere, ziurrenik. Horietatik ondoriozta daiteke erroak berak bazuela «beltz, ilun» adiera (atzizkiaren funtzioa ezezaguna da).
Atzizkiari dagokionez, aldiz, bortz eta hortz hitzetan ere aurkitzen duguna omen da, nahiz eta haren esanahia ez den argitu (ikus baita ere ahuñe/ahuntz, bera/beratz «bigun» eta, beharbada, bele/belatz bikoteak, halako atzizki bat bazela argiago erakuts lezaketenak).
Nabarmentzekoa da, bestalde, *bel erroa litzatekeela, egungo aitzineuskararen berreraiketa estandarraren barruan, ondare zaharreko izenondo bakun (ez eratorri eta ez konposatu) bakarretarikoa, eta kolore bati dagokion bakarra (ikus gorri, hori, urdin, zuri).
Beste proposamen bat
Ikerlari batzuen ustez, beltz-en jatorrizko forma akitanierazko belex-en dugu (ikus baita ere iberierazko beles). Proposamen horretan, beltz hitza bele hegazti-izenaren eratorritzat hartzen da, ezohiko sinkopa baten bidez eraldatua, agian maiz hitz elkartuetako bigarren osagaia izatearen ondorioz bokal ahulena galdurik (*-beletz > -beltz).
Alabaina, kontuan hartu behar da akitanierazko idazkunetan <L> bakunaz idatzirik ageri dela, eta belex hark edo, zehazki, haren oinarrian zegokeen *bele forma zahar batek gaur egungo euskaran **bere ematea esperoko genukeela. Hortaz, akitanierazko belex haren erroa ezin liteke zuzenean egungo bele hitzarekin lotu.
Izan ere, gorago aipatutako hitz elkartu fosilduek (arbel, goibel, orbel, ubel) erakusten dute bazela *bel erro zahar bat.
Erreferentziak
- ↑ Lakarra, Joseba A.; Manterola, Julen; Segurola, Iñaki. (2019). Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200). Euskaltzaindia, 119. or. ISBN 978-84-946477-8-9..
Ikus, gainera
Kanpo estekak