Bigarren Federazioa (gaztelaniaz: Segunda Federación) Espainiako futbol liga txapelketaren laugarren maila da, bigarren B maila desagertu eta 2021-22 denboraldian abiatu zena; oraindik ere bigarren B maila edo 2. B maila deitzen zaio maiz. Sorreran, RFEF Bigarren Maila (gaztelaniaz: Segunda División RFEF) zuen izena.
Sorrera
2019-2020 denboraldian 2. B mailako 28. jardunaldia jokatu ondoren COVID-19 pandemiaren erruz txapelketa etenda gelditu zen. Igoera promozioak jokatu ziren eta ez zen jaitsierarik izan. 100 talde bildu zirenez 2020-21 denboraldian bi fasetan jokatu zen eta 100 talde horietatik lauk bigarren mailara igotzea lortu zuten. Hurrengo 36 taldeek eta bigarren mailatik jaitsitako laurek maila berria osatu zuten 2021-22 denboraldirako, Lehen maila RFEF hain zuzen ere. Gainerako taldeek eta Hirugarren mailatik igotako 54 taldeek RFEF bigarren maila osatu zuten, Espainiako futbol sistemako laugarren maila, Federazioaren ardurapeko bigarrena.
Lehia sistema
Sailkaturiko 90 taldeak 18 taldetako bost multzotan banatu ziren, gertutasun geografikoaren arabera. Liga amaitzerakoan talde bakoitzeko txapelduna zuzen igoko da Lehen maila RFEF-ra eta multzo bakoitzean 2. eta 5. postuen artean geldituko direnek play-offak jokatu eta beste bost talde igoko dira.
Hirugarren mailara jaitsiko dira multzo bakoitzeko azken bost taldeak eta azkenetik seigarrenek jaitsiera play-offak jokatuko dituzte.