Bere aita Sérgio Buarque de Hollanda historialaria zen. Eta ama Maria Amélia Cesário Alvim piano-jotzailea. Aitaren lana zela eta São Paulo eta Italian igaro zuen haurtzaroa.
1963an arkitektura eta urbanismo ikasketak hasi zituen São Pauloko Unibertsitatean, eta ikasle mugimenduan parte hartzen hasi zen.
Urte hartan bertan Balanço do Orfeu ikuskizunean parte hartu zuen Tem mais Samba abestia konposatuz. Buarquek berak onartu du hori izan zela bere musika ibilbidearen hasiera.[1]
1966an Marieta Severo aktorearekin ezkondu zen, eta harekin hiru alaba izan zituen.
Diktadura militarrak Buarqueren lana baldintzatu zuen eta bere Roda Viva espektakulua zentsuratu egin zuen.
1969an Ehun milen martxan parte hartu zuen, diktaduraren kontrako manifestazio batean. Eta ondoren Erromara erbesteratu zen.
1970ean Brasilera itzuli zen, eta zentsurarekin arazoak edukitzen jarraitu zuen. Adibidez, Apesar de Você abestia debekatu egin zuten eta dendetatik erretiratu (nahiz eta ordurako 100.000 kopia salduta zituen). 1973an berak eta Ruy Guerrak idatzitako Calabar, o Elogio da Traição antzezlana ere debekatu egin zuten.[1]
1974an bere lehen nobela argitaratu zuen: Fazenda modelo.[2] Hamarkada batzuk beranduago Buarquek onartu zuen ez zegoela liburu horretaz harro literaturaren ikuspegitik, amorruarekin idatzitako liburua zelako.[3]
1990eko hamarkadatik aurrera argitaratu zituen nobelek arrakasta handia lortu zuten.[1]