David Olaizola, frantsesez David Olaïzola (1973ko uztailaren 2a, Itsasu, Lapurdi) euskal herritar abeslari bat da, euskaraz eta frantsesez abesten duena.
Biografiak
1973ko uztailaren 2an Lapurdiko Itsasu udalerrian jaio zen, Ipar Euskal Herrian. 1996an ustekabean bere ibilbide artistikoari ekin zion. Ondoren, Pierre Oteizaren enpresako langilea zelarik, Colmar (Rhin Garaia) udalerriko euskal tabernako musika taldeko abeslaria ordezkatu eta taldeak kide bilakatzeko eskaintza egin zion, Olaizolak eskaintza onartu eta Oteizaren enpresa laga zuen. Ordutik aurrera, abestea bere lanbide bilakatu zen. Urte berean, Aquitaine sport pour tous ("Akitania, denontzako kirola") kirol erakundeak bere ekintzak atzerrian sustatu eta ezagutarazteko kontratatu zuen. Honela David Tailandia, Australia, Alemania... eta herrialde ugaritara bidaiatu zuen.
1998an Ipar Euskal Herrian osatzen ari zen gizonezko abesbatzara elkartu zen, bertan solista bilakatu zelarik. 1999an bere lehenbiziko diskoa argitaratu zuen.
2000. urtea ospati asmoz, Euskal Kultur Erakundeak San Francisco hiriko gau-ikuskizuna animatzeko kontratatu zuen. Urte hau abeslariarentzat bikaina izan zen, Akitaniako enbaxadore lanetan ere ibil baitzen. Eskualde Batzordeko kide bihurtu eta munduko hainbat hirietan barna ibili zen: Wiesbaden, Viena, Montreal, Toronto, New York, Chicago, Londres, Brusela, Amsterdam... Abeslariak egindako lanarekin gustura zegoenez, Batzordeak eskualdearen sustapenerako diskoa abestekoe eskaria luzatu zion. 2002an, Pabe hiriko Section Paloise errugbi taldearen ereserkia sortu eta idatzi zuen.
Hurrengo urteetan zehar kontzertu eta disko berriak argitaratu zituen, maiz musikari berriekin elkarlanean. 2000ko hamarkadan, Lurdako santutegiko eskaileratan egindako hiru musika emanalditan abestu zuen, haietako bakoitzean 25.000 inguru entzuleen aurrean. 2008an musika emanaldi haiei buruzko DVDa argitaratu zen.
2007an, bertako produktuak sustatu eta eskualde arteko kultura nahiz gastronomia harremana bultzatzeko asmoz, Itsasuko Gerizaren Anaidia sortu zuen. Uztailean, Itsasuko plazan emanaldi bat izan zen: Chanteurs Pyrénéens de Tarbes eta Chœurs Basques abesbatzek, Davidek berak eta Daviden musikariek eskainitako emanaldia.
2008ko azaroaren 8an Frantziako Errugbi Federazioak hala eskatuta, Frantziako errugbi selekzioaren udazkeneko birako lehen partiduan La Marseillaise ereserkia abestu zuen, hain zuzen ere, Marsella hiriko belodromoan Frantziako eta Argentinako errugbi selekzioak jokatutako norgehiagokan.
2010ean, 40 urtez frantziar eszenatokietan jardun zuen Les Compagnons de la chanson abesbatzaren ibilbidearen amaieraren 25. urteurrenean, David Olaizola eta bere taldekideek Paueko Zénith pabilioian 3.000 pertsonen aurrean omenaldia egin zioten.
Kanpo estekak