Edorta Arana Arrieta (Arrasate, 1960ko abuztuaren 7a) Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta kazetaria da. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea eta NOR Ikerketa Taldeko partaidea da. EMAN ikerketa taldeko kidea izanik, talde horren Tirabirak egitasmoan hartu du parte. Bere ikerketa lerro nagusiak honako hauek dira: komunikabideak eta nortasuna, hizkuntza gutxituak, irrati-telebista programazioa eta transmedia produkzioa.[1][2]
Euskarazko komunikabideen bultzatzaile gisa eta telebistako gaiak euskaraz ezagutarazteko testuak egiteko lanean nabarmendu da. Horren adibidea da 1994an defendatu zuen bere doktorego tesia, “Gizarte eta nazio errepresentazioa telebista-albistegietan. Euskal Herria Teleberri, Telenavarra eta Telenorte albistegietan” izenekoa, Emilio Prado zuzendaritzapean. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 75etik gora lan agertzen dira.[3]
«
|
EITB errealitate soziolinguistikoaren eta politikoaren pare joan da, aurretik tiraka izan ordez. Ez du lortu traktore lana egitea
|
»
|
—Edorta Arana[2]
|
Berria egunkarian,[4] Euskaldunon Egunkarian,[5] Jakin,[1] Argia,[6] Uztaro[7] eta hainbat komunikabidetan parte hartzen du.
Udako Euskal Unibertsitateko Kazetaritzako saileko kidea izan da hainbat urtetan.
Urteetan euskal gatazkaz komunikabideetan argitaratu izan diren binetak era masiboan batu zituen "Tirabirak" egitasmo transmedia sortu zuen EMAN Taldearekin (Josu Amezaga, Edorta Arana, Tania Arriaga, Patxi Azpillaga, Iñaki Barcena, Estitxu Garai, Sahatsa Jauregi, Libe Mimenza, Bea Narbaiza eta Mario Zubiaga). Egitasmoaren barruan hainbat elementu sartu ziren: ikerketa, erakusketa ibiltaria, artxibo interaktiboa, elkarrizketak, webdoka, ikastaroa, ekitaldiak…
Liburuak
Besteak beste, liburu hauek argitaratu ditu, gehienak euskarazko hedabideei buruz:[8]
- Euskal Herriko gizarte-mugimenduak pandemia garaian. Egoeraren ondorioak, egokitzapenak eta eszenatoki berriak. Marta Barba Gassó, Miren Guillo Arakistain, Julen Zabalo Bilbao, Marta Luxan Serrano eta Iñaki Barcena Hinojal-ekin (UPV/EHU, 2022)
- Transmedia Komunikazio Estrategiak: Gaurkotasun-edukiak diseinatzeko eta hedatzeko bide berriak Agurtzane Elorduirekin (UEU, 2015)
- Multimedia komunikazioa: gaur egungo erronkak eta estrategia berriak Agurtzane Elordui eta Txema Ramirez de la Piscinarekin (UPV/EHU, 2013)
- Euskarazko hedabideak Josu Amezaga eta Josu Azpillagarekin (UPV/EHU, 2011)
- Programaziogintza irrati-telebistan (UEU, 2004)
- Hedabideak eta Euskal Herria Josu Amezaga, Patxi Azpillaga, Jose Inazio Basterretxea , Ander Iturriotz Lauzirika, eta Juan Carlos Miguel de Bustos, Nor Ikerketa Taldea (UEU, 2000)
- Gizarte eta nazio errepresentazioa telebista-albistegietan (UPV/EHU, 1995)
«
|
Gurean, kalea tresna gisa oso potentea da. Euskarak badauka jendea mobilizatzeko gaitasuna, eta inplikazio afektibo sendoa du
|
»
|
—Edorta Arana[2]
|
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak