Eritrea (tigrinyeraz: ኤርትራ), izen ofiziala Eritreako Estatua[1], ipar-ekialdeko Afrikako Adarreko estatua da. Iparraldean Sudan du, Etiopia hegoaldean, Djibuti hego-ekialdean, eta Itsaso Gorria ipar-ekialde eta ekialdean. 117.600 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 5,8 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Asmara da.
Izena
Eritrea izena Itsaso Gorriaren grezierazko izenetik dator (antzinako grezieraz: Ἐρυθρὰ Θάλασσα, Erythra Thalassa); oinarritzat hartuta ἐρυθρός, erythros adjektiboa, «gorri» esan nahi baitu.
Lau alderdi bereiz daitezke Eritrean: Itsaso Gorriko kostalde zelaia, erdialde-hegoaldeko goi-ordokia, iparraldeko eta erdialde-mendebaldeko mendiak, eta mendebaldeko ordoki zabalak.
Itsaso Gorriaren ertzak 1.000 kilometro baino gehiago ditu. Lur-zerrenda estua da, oso euri gutxi izaten da, eta oso-oso beroa da. Danakil sakongunea, hego-ekialdean, itsas maila baino beherago dago, eta munduko tenperatura beroenetakoak izaten ditu. Kostaldetik mendebaldera lurraldeak gora egiten du bat-batean, eta 1.830 - 2.440 metro bitarteko goi-ordoki bat eratzen du. Kostan baino askoz euri gehiago egiten du han. Iparraldeko eta mendebaldeko mendiek 760-1.370 metroko garaiera dute, eta goi-ordokiak baino euri gutxiago hartzen dute. Ordoki zabalak daude Baraka ibaiaren mendebaldean eta Setit-en iparraldean.
Punturik gorena Soira da (3.018 metro), herrialdearen erdialdean. Beherena, Afarreko sakonunea (−75 metro), hego-ekialdean dago, Etiopiako mugaren ondoan[2].
Hidrografia
Mareb (edo Gash), Baraka eta Anseba ibaiak goi-ordokitik mendebaldera doaz, Sudan aldera; Falkat, Wadi Laba eta Alighede ibaiak, berriz, iparraldeko mendietatik Itsaso Gorrira. Ibai gehienek euri-sasoian bakarrik izaten dute ura.
Klima
Mendiguneetan klima epela da urte osoan; behe-ordokietan, berriz, agorra edo erdi-agorra da. Goialdeetan udan izaten da euri-sasoia, eta kostaldean, berriz, neguan.
Datu klimatikoak (Eritrea, 14 hiri oinarri harturik)
Kristautasunaren aroko lehen mendeetan, Aksumgo Erresumakoptoaren mendeko lurraldea izan zen Eritrea. Eritreako kultura K. o. VI. eta VII. mendeetan Eritrean eta egungo Etiopiaren iparraldean garatu zen. Aksumgo zibilizazioaren eragina izan zuen; zibilizazio kristau hori barnealdeko Afrikaren eta Mediterraneo aldeko zibilizazioen arteko zubia izan zen. XVI. mendearen hasieran, musulmanak jabetu ziren Abisiniako lurralde guztiez. Mende horretan bertan hasi ziren kolonizatzaile portugesak kostalde haietara hurbiltzen.
1869. urtean, konpainia italiar batek erosi zuen Eritrea; Italiako gobernuak 1882an konpainiari eskubideak erosi zizkion, eta 1935. urtean Etiopiako konkistari ekin zioten bertatik. 1890ean Eritrea italiarren kolonia bihurtu zen, eta Ekialdeko Afrika Italiarraren sei herrialdeetako bat izan zen. 1941. urtean, armada britainiarra sartu zen bertan, eta 1952. urtean Etiopia eta Eritrea federazio berean egotea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak, autonomia eta berezko gobernuz hornituta betiere.
30 urteko gerra
1961. urtean, Eritrearen Askapenerako Frontea sortu zen, Eritrearen independentziaren aldekoa eta, 1962an, Haile SelassieEtiopiakoNegus edo erregeak, erantzun gisa, Etiopiako probintzia soil bihurtu zuen Eritrea. 1970ean, Eritreako milaka lagunek utzi behar izan zuten etxea eta herria, Etiopiako armadaren napalm-bonbardaketek eragindako izugarrikerietatik ihesi. 1971n, bitan banatu zen Eritrearen Askatasunerako Frontea baina, handik aurrera, Etiopiako armadak benetako gerra bati eutsi behar izan zion.
1976an, Haile Selassie hil ondorengo urtean, Etiopiako militarrak nagusitu eta nolabaiteko bide negoziatua eskaini zieten Eritreako abertzaleei: autonomia eta amnistia. Baina, aldi berean, etiopiarrek inbasioa prestatu zuten, MarokokoHassan II.akMendebaldeko Saharan egin zuen bezala; Ibilaldi gorria izenekoa porrot handia izan zen, ordea, eta, bestalde, entzungor segitzen zuten nazioartean Eritreako genozidioa salatzen ari ziren ahots guztien aurrean. 1977tik aurrera, Sobietar Batasunak eta Kubak laguntza eskaini zioten Etiopiako gobernuari eta, negoziaziorik ezean, Eritreako talde armatuek zailtasun handiak izan zituzten Etiopiako armadaren erasoei eusteko.
Goseak eta krisiak jo zituzten Etiopia eta Eritrea eta, 1988tik aurrera, EAHF Eritrearen Askapenerako Herri Fronteak erasoari ekin eta 1991n garaipena lortu zuen. 30 urte (1961-1991) iraun zuen XX. mendeko Afrikako gerra luzeen hark, baina oraindik zalantzaz beterik dago Eritrea burujabearen etorkizuna.
Burujabetasuna
EAHFren behin-behineko gobernu berriak, nazioarteko herrialdeen eta Etiopiako gobernu berriaren onespenarekin, burujabetasunari buruzko erreferenduma deitu zuen 1993ko apirilean, eta eritrearrek burujabetasunaren aldeko erabakia hartu zuten aho batez (% 99,8). 1993ko maiatzaren 28an, Nazio Batuek beren kideen artean onartu zuten Eritreako estatua. 1994ko otsailean, EAHF alderdi politiko bihurtu zen, Demokrazia eta Justiziarako Herri Frontea eta, oraingoz, horixe da alderdi bakarra. Ondoko urteetan, lehortea eta Sudanekiko tirabirak izan dira aurrera egiteko oztopo nagusiak. Tirabira horiek Sudanen dauden milioi erdi iheslariak aberriratzea eragotzi zuten. 1995eko urrian Eritreako gobernuko buru Isaias Afwerkik armak eskaini zituen Khartumgo erregimenari aurre egingo zion edozein talderentzat. Biztanle gehienak behartasun gorrian bizi ziren bitartean, turismoa bilakatu zen diru-iturri nagusietako bat.
1999ko otsailean, berriro hasi zen Etiopiarekin borrokan, mugak zirela-eta. 100.000 pertsona hil zituen gerra horrek, eta beste ehunka milaren ihesa eragin. Gerra hori ez zen egin, Afrikako beste asko bezala, aihotz eta AK-47 fusilez, artilleriaz eta tankeez baizik. Aditu batzuek azpimarratzen dute Lehen Mundu Gerra gogorarazten zuela, lubaki borroka eta guzti[4]. Nazioarteko Justizia Auzitegiak bi estatuen arteko mugak zehaztu zituen 2002an, baina harremanak ez ziren hobetu.
Gobernua eta administrazioa
Politika
Eritrearen Askapenerako Herri Frontea (EAHF) Eritreako alderdi politiko bakarra da, gainerakoak debekaturik baitaude. Nazio Biltzarrak 150 eserleku ditu, eta 75 EAHF-ren esku daude. Herrialdeak independentzia lortu zuenetik, Isaias Afwerki presidentea da; haren agintea autoritarioa eta zapaltzailea da[2].
Are'eta, Central Dankalia, Southern Dankalia, Assab
Atzerriko harremanak
Eritrea eta Etiopiaren arteko harremanak mingotsak izan dira betidanik. Eritreak Etiopiako erresuma zaharrari Itsaso Gorrirako bidea ixten dio. Kostaldea turkiar otomandarren esku mende luzez egon ondoren, XIX. mende bukaeran italiarrek eskuratu zuten. Bigarren Mundu Gerra arte, Italiak gobernatu zituen batera Eritrea eta Etiopia. Gerra bukatutakoan, Nazio Batuen Erakundeak deskolonizazio prozesua martxan jarri eta erabaki zuen Eritreak Etiopia barruko estatu federatu bat izan behar zuela. Haile Selassie etiopiar erregeak, ordea, federazioa desegin eta Eritrea Etiopiako probintzia soil bihurtu zuen[4].
1960an gertatu zen anexioa. Urte berean hasi zuten eritrearrek askapen gerra. 1991n bukatu zen: eritrearrek —etiopiar matxinoek lagunduta— Etiopiako armada mendean hartu zuten. Garaipenaren tamaina adierazteko, hona bi zifra: 4,5 milioi biztanleko herria da Eritrea, eta Etiopiak 73 milioi ditu[4].
Demografia
Biztanleria
2016an, Eritreak 5.869.869 biztanle zituen, 51,8 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin[2]. Biztanleen % 22,6 baizik ez da hirietan bizi; gehienek artzaintza edo nekazaritzan jarduten dute, herrietan. Adinari dagokionez, berriz, biztanleria honela dago banaturik: 0-14 urte bitartekoak, % 40,7; 15-24 urte bitartekoak, % 19,4; 25-54 urte bitartekoak, % 32,3; 55-64 urte bitartekoak, % 3,7; eta 65 urtetik gorakoak, % 3,9[2]. Bizi itxaropena 64,9 urtekoa da: 62,4 urtekoa gizonezkoena eta 67,5 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[2].
Biztanle gehienak lur garaietan bizi dira, epelagoak eta euritsuagoak baitira. Etiopiaren aurkako gerrak eta XX. mendearen bukaerako gosete izugarriek biztanleak lekuz aldatzera behartu zituen. Burujabetasuna lortu zuenean, biztanleriaren % 20k bizilekuz aldatu behar izan zuen; 500.000 inguru iheslari joan ziren Sudanera, 40.000 inguru, Europara; eta 14.000, Estatu Batuetara. Emakumeek 4,07 seme-alaba izaten dituzte, batez beste. Biztanleen % 73,8 daude alfabetaturik (2015)[2].
Banaketa etnikoa
Eritrearrak bederatzi etniatan banatuta daude: tigrinyak, tigreak, bilenak, afarrak, sahoak, kunamak, narak, hedarebak eta rashaidak. Etnia nagusiak lehenengo biak dira: tigrinyak, biztanleriaren % 55[2], hegoaldean bizi dira, eta tigreak, biztanleriaren % 30[2], iparraldean. Etnia bakoitzak bere hizkuntza eta kultura ditu.
Tigrinyera hizkuntza erabiltzen duten musulmanak iparraldeko kostaldean eta mendebaldeko lur behereetan bizi dira; sahoak, berriz, Mesewatik hurbil bizi dira, kostaldean. Bilena hizkuntza erabiltzen duten herri gehienak Keren aldean bizi dira; musulmanak dira, afarak bezala, eta hego-ekialdeko kostan eta Dahlak uharteetan bizi dira. Hedarebek, ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko nomadak, beja hizkuntza erabiltzen dute, eta musulmanak dira gehienak. Narak eta kunamak hego-mendebaldean bizi dira, eta haiek ere musulmanak dira, baina hizkuntza nilotiko bat erabiltzen dute; Eritreako gainerako etniek, berriz, afro-asiar hizkuntzak erabiltzen dituzte. Aniztasun handi hori gorabehera, etnien arteko istiluak ez dira arazo handia izan; etiopiarrei elkarrekin aurre egiteak batasun handia eman die. Estatuak, beraz, ez du batasunik ez etnian ez hizkuntzan, eta italiarren mendean egon zen garaian ezarritakoak ditu egungo mugak.
Eritrean nekazaritza izan da bizibide nagusia goi-lautadan, iparraldean eta mendebaldean, euri gehiago egiten duelako horretarako baldintza egokiagoak dituzten lurretan hain zuzen. Kostalde zelaian eta iparraldeko eta mendebaldeko eremu lehorretan, berriz, abeltzaintza izan da bizibide nagusia. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, lurraldea italiarren eta britainiarren mendean egon zen garaian, lehengaien produkzio ahalik eta handienari eta esportazioari begira egin zen ekonomia. Denbora horretan, industria arina ezarriz joan zen Asmara eta Mesewa inguruetan.
1952an Etiopiarekin federazioa eratu zuenean, Eritrearen ekonomia-hazkundea Etiopiarena baino handiagoa izan zen baina Eritrea Etiopiaren mendean geratu zenean, industriaren hazkundea urrituz joan zen, lantegi asko bertan behera utzi ziren, edota Etiopiara eraman ziren. 1974. urteaz geroztik, Etiopiako erregimen marxistak estatuaren mendean utzi zuen industria gehiena. Eritreako ekonomiari, beraz, kalte handia egin dio Etiopiarekiko harremanak eta gerrak, 1960tik aurrera, eta orobat aldian behin pairatzen dituen lehorte luzeek eta horren ondoriozko goseteek ere. Herrialdeak burujabetasuna lortu zuenerako, herrialdearen industria-oinarria hondakinetan zen, eta biztanleen % 75 nazioarteko laguntzaren beharrean zegoen bizitzeko. Errepide-sarea erabat hondatuta zegoen, eta baita burdinbidea ere. Gerrako hondamendiaren ondoren, plangintza on baten premian zegoen, oneratuko bazen: zituen baliabide urriak banatu, nazioarteko laguntza jaso, biztanleei etxebizitza eman, behar beste janari lortu, garraio-azpiegitura berreraiki, eta abar. Gobernuak herrialdea aurrera bideratzeko programa bat proposatu du irizpide kapitalistetan oinarrituta eta sektore estatala pribatizatuz.