Share to: share facebook share twitter share wa share telegram print page

Feminismo

Zer da feminismoa? Kontzeptua azaltzen duen animazio bideo laburra.

Feminismoa mugimendu politikoen, ideologien eta gizarte-mugimenduen multzo bat da, sexuen arteko berdintasun politiko, ekonomiko, pertsonal eta soziala definitu, egonkortu eta lortzeko helburu partekatua duena.[1][2] Helburu honen barruan emakumeentzat gizonezkoek dituzten hezkuntza eta lan aukera berdinak lortzea dago ere. Zentzu zabalean, feminismoak matxismoaren zein patriarkatuaren aurka egiten duen mugimendua ere bada.

Mugimendu feministek emakumeen eskubideen aldeko kanpainak egin izan dituzte eta egiten dituzte, bozkatzeko eskubidea, hautatua izateko eskubidea, lanerako eskubidea, soldata berdintasunaren aldekoa, ondasunak izateko eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, kontratuak egitekoa, ezkontzan eskubide berdintasuna izatearen aldekoa edo amatasun baimena bezalakoak. Feminista askok abortatzeko eskubidea edo gizarte integrazioaren alde ere egin dute lan, emakumeak eta neskak sexu-abusu eta bortxaketengandik babesteko, edo etxeko zein kanpoko emakumeen aurkako indarkeria eta feminizidioen aurka.[3] Mugimendu feministak jantzi ohikoetan edo jarduera fisikoan aldaketa ere bultzatu izan du.[4]

Feminismoak bultzatutako kanpainek aldaketa historiko nabarmenak eragin dute emakumeen eskubideen eremuan, batez ere Mendebaldean. Ia iturri guztiek onartzen dute feminismoak lortu duela emakumeen boto eskubidea, ugaltze eskubide asko (antisorgailuak eta abortatzeko eskubidea barne) eta kontratuak zein ondasunak izateko eskubidea.[5] Honakoak dira Frantziako hezkuntzan emakume eta gizonen arteko berdintasunaren egindako progresoa:[6]

  • 1861: Batxilergoa lortu zuen lehen emakumea.
  • 1881: Jules Ferry legeak lehen hezkuntza derrigorrezko, doako eta laikoa neska eta mutilentzat bientzat zabaldu zuen.
  • 1882/1883: Nesken bigarren hezkuntzako lehen eskolak Parisen (Fenelon) eta Montpellierren .
  • 1905: Sévigné ikastetxea (erakunde pribatua) hasi zen neskak batxilergorako prestatzen: Frantziako bakarra zen.
  • 1924: ikasketa-programak eta batxilergoa berdin-berdinak ziren neska eta mutilentzat. Neskentzako institutu publikoak batxilergorako ere prestatzen hasi ziren.
  • 1965: Nesken eskolatze-tasa eta mutilena berdindu ziren.
  • 1971: Batxilergoa ikasten zuten nesken kopurua eta mutilena berdindu ziren.
  • 2000: Hezkuntza-sisteman nesken eta mutilen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko neurriak hartzen ari dira.

Eta honakoak dira 1960 eta 1970eko hamarkadetan Frantzian (Espainian ere baina hainbat urte geroago onartu ziren) emakumeen eskubideak garatzeko sortu ziren lege batzuk:[6]

  • 1965: Emakume ezkonduek eskubidea lortu zuten senarraren baimenik gabe lan egiteko, baita beren ondasunak administratzeko; eta banku-kontu bat ireki ahal izateko beren izenean eta askatasunez.
  • 1967: Neuwirth legea, pilula antikontzeptiboa baimentzen zuena.
  • 1970: Guraso-erabakiak bateratuak izatea lortu zuten, hau da, aitaren eta amaren artekoa. Familiaburuaren irudia desagertu zen.
  • 1974: Abortoa baimentzen zuen Veil legea.

Feminismoa, oro har, emakumeen eskubideetan zentratu izan da, baina badira feminista batzuk, adibidez bell hooks, proposatzen dutenak genero rol tradizionalek gizonezkoak ere kaltetu dituztela eta, beraz, gizonen askapena ere ematea beharrezkoa dela.[7] Teoria feminista, mugimendu feministatik eratutako filosofia feminista, genero desparekotasuna emakumezkoen rol sozialen ikerketatik aztertu nahi du. Teoria ezberdinak garatu izan dira genero arazoei erantzuteko asmoz.[8][9] Denborarekin, zenbait azpi talde sortu dira mugimendu horren inguruan, hala nola: feminismo kulturala, feminismo erradikala, ekofeminismoa, feminismo liberala, diferentziaren feminismoa, feminismo marxista, feminismo separatista, feminismo filosofikoa eta kristau feminismoa. Feminismoak ere izan ditu kritikak, emakume zuri eta mendebaldekoa bakarrik ordezkatzeko joera dela eta, eta horregatik sortu dira ere feminismo beltza, intersekzionalitatearen teoriak[10] eta feminismo komunitarioa.

Feminismoa XX. mendean agerikoa izaten hasi zen, baina historian zehar emakume ugari izan dira feminismoa defendatu dutenak, hala nola: Frida Kalho, Emmeline Pankhurst, Olimpia de Gouges, Clara Zetkin, Indira Gandhi, eta abar. Feministak gizonezkoak zein emakumezkoak izan daitezke eta emakume guztiak ez dira feminista.

Terminologia

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Mary Wollstonecraft ulertzeko gakoak

Askok uste dute Mary Wollstonecraft dela feminismoaren sortzailea, A Vindication of the Rights of Woman (Emakumearen eskubideen bindikazioa) 1792ko liburuagatik, non emakumearen hezkuntzaren alde egiten duen.[11][12][13][14] Charles Fourier sozialista utopiko eta filosofo frantsesari 1837an féminisme hitza sortu izana egozten zaio.[15] Féminisme (feminismo) eta féministe (feminista) hitzak 1872an agertu ziren lehen aldiz, Frantzian eta Herbehereetan,[16] Britainia Handian 1890eko hamarkadan[17] eta Ameriketako Estatu Batuetan 1910ean.[18] Oxford English Dictionary ingelesezko lehen agerpena 1895ekoa da.[19]

Euskarara askoz geroago iritsi zen hitza; Orotariko Euskal Hiztegiak emakumeketa eta etxekoandreketa[20] hitzak proposatzen zituen kontzeptua itzultzeko. Dena dela, Euskaltzaindiaren Hiztegiak feminismo[21] eta feminista[22] hitzak jasotzen ditu.

Une historikoaren, kulturaren eta herrialdearen arabera, mundu osoko feministek kausa eta helburu desberdinak izan dituzte. Mendebaldeko historialari feminista gehienek diote emakumearen eskubideak lortzeko lan egiten duten mugimendu guztiak mugimendu feministatzat hartu behar direla, baita terminoa beren buruei aplikatu ez zitzaienean ere (edo aplikatzen ez zaienean).[23][24][25][23][26][27] Beste historialari batzuek diote terminoa mugimendu feminista modernora eta ondorengoetara mugatu beharko litzatekeela. Historialari horiek protofeminista etiketa erabiltzen dute aurreko mugimenduak deskribatzeko.[28]

Jatorria

Charlotte Perkins Gilmanen artikulu bat, feminismoari buruz hizketan.
Vita Christi, Kristoren bizitza emakumeen ikuspuntutik, emakumeek Erdi Aroan valentzieraz idatzi eta argitaratua (1497).
Marie les Jars de Gournay, Égalité des hommes et des femmes (1622) lanaren egilea.

Historikoki, gizarte aurremodernoetan, emakumeak, oro har, egun eskura dituzten eremu askotatik kanpo egon izan dira (politika, ekonomia,[29] militarismoa,[30][31] eta abar). Antzinako hiri grekoan, emakumeak ez zuen bozkatzeko eskubiderik; askea zen arren, ez zuen eskubiderik hiriko gai ekonomikoetan nahasteko, bozkatzeko eskubidea izateko zergak ordaindu behar zirelako.

Emakumea, askotan, etxeko lanak egitera mugatzen zen bizirauteko baliabide gisa, etxea babestea gizonaren erantzukizuna baitzen;[32] ideia patriarkal hori, errealitatean, besterik da, emakumeek bizirauteko eta etxea babesteko egiten duten lana funtsezkoa delako familiaren biziraupenerako, herrialde, aro eta zibilizazio guztietan.[33] Ideologia patriarkalaren arabera, emakumeak, etxea kudeatzeaz arduratuta, baina, senarraren mende jarraitzen du, ezkondu aurretik gurasoen mende egon zen bezala. Izan ere, emakumeak familiako gizonei esker bizi direlako ideia patriarkala alderantzikatze tipikoa da; patriarkatua, funtsean, da emakumearen lan gaitasunaz jabetzea, gizonen onurarako: zerbitzari izatea, nekazaritzan, artisautzan, lanbide independente eta liberaletan; funtsezko lan ikusezinak betetzea (garbiketa, janaria prestatzea, jantziez arduratzea...); eta era guztietako zaintza lanen ardura hartzea (haurrak, zaharrak, gaixoak edo menpekoak). Edozein zapalkuntza bezala, klase baten esplotazio sistema da patriarkatua, hau da, emakumeen esplotazioa gizonen onurarako: bakarka (etxeko lana) eta kolektiboki (lan merkatuaren segregazio horizontala eta bertikala); zapalduen lanari esker bizi dira menderatzaileak.[34]

Gizarte askotan, emakumeek, garaiko pentsamoldeetan, ondorengotza besterik ez zuten sortzen. Horrela, historikoki, emakumeek ez zeukaten, besteak beste, boto eskubiderik, beren diru sarrerak eta kontuak administratzeko eskubiderik, dibortziorako eskubiderik eta gizonezkoentzat bakarrik ziren eremu batzuetan sartzeko aukerarik.[32]

Aro garaikidean adostasun zabala lortu baldin bada —emakumezkoei eta gizonezkoei dagokienez, genero antolaketa enpresan—, gero eta nabariagoa da ohituren eta gizarte aldaketaren arteko lotura eza. Abrahamdar erlijioetan ikusten ahal da usadioaren eta aldaketa sozialaren arteko aldea: Nazareteko Jesusek dibortzioren aurka egindako aldarrikapena,[35] batetik; eta protestantismoan emakumeei apaiza izateko aukera ematea, bestetik.[36]

Beraz, feminismoak XX. mendean egindako ekarpena izan zen emakumearen eskubideak baldintzarik gabe eta modu unibertsalean gauzatzen laguntzea; gizartearen bilakaera kontuan hartuta, itxaropen nagusietako bat bihurtu da hori.

Kontzeptu nagusiak

Patriarkatua

Feminismoak gizarteari egiten dion kritika arrazionalistan, patriarkatuaren kontzeptua funtsezkoa da. Kate Millettek erabili zuen lehenengoz kontzeptu hori testuinguru feminista baten, Sexual Politics (1970) izeneko liburuan aipatu zuenean, eta gaur egun feminismoaren ia edozein ildotan ezinbestekoa da.

Gerda Lerner historiagileak horrela definitu zuen patriarkatua The Creation of Patriarchy (1986) liburuan: Familiako emakumeen eta umeen gaineko gizonezkoen menderatzearen adierazpen eta instituzionalizazioa, eta menderatze horren hedatzea gizartearen gainerako emakumeen gain.[37]

Generoa

Generoa (emakumezkoa/gizonezkoa) ez da errealitate natural bat, kulturalki eraiki den kontzeptua da.

Era horretan, generoa sozialki eraiki diren balio multzoen ondorioa izango litzateke, zeinak emakumezkoaren berezko ezaugarriak eta gizonezkoaren berezko ezaugarriak daudela asmatzen duen. Ezaugarri biologikoak (sexua) gizartearen eboluzioaren bidez, apaindu dira jokaera, pentsamendu eta estetika jakin batzuekin, besteak beste.

Androzentrismoa

Androzentrismoa zera izango litzateke: Munduarekiko ikuskera gizonaren ikuspuntuan zentratuta. Androzentrismoak gizonaren ikuspegia ikuspegi posible bakarra bihurtzen du, eta errealitatearen ikerketa eta azterketen paradigma zehatzak ezartzen ditu.

Teoria feminista

Sakontzeko, irakurri: «Feminismoaren uhinak»

Feminismoaren barruan, zenbait korronte teoriko bereiz daitezke, feminismoaren hiru edo lau uhinetan bildu izan direnak: lehenengo uhin feminista sortu zen hastapeneko ideia feministekin, klase kontzientziaren eta eskubide berdintasunaren aldeko borrokaren korronte anarkista, marxista eta sozialisten barruan; feminismoaren borroka izan zen, hastapen haietan, emakumeen egoeraren kontzientzia zabaltzea eta legezko aukera berdintasuna lortzea. XX. mendearen bigarren erdian, teoria feministen bigarren uhina eratu zen, ondoren hirugarren uhin bat, beste borroka sozial batzuekin gainjartzen zena, eta XXI. mendean laugarren uhin bat, feminismo garaikidearen teoriak biltzen dituena.

Mendebaldeko mugimendu feminista modernoaren historia lau «uhinetan» banatzen da.[38][39]

Lehenengoak XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako mugimendu sufragistak izan ziren, emakumeen boto eskubidea sustatzen zutenak. Bigarren uhina, emakumearen askapen mugimendua, 1960ko hamarkadan hasi zen eta emakumearen berdintasun juridiko eta sozialaren alde borrokatu zen. 1992an, edo data horren inguruan, hirugarren uhin bat identifikatu zen, indibidualtasunean eta aniztasunean zentratzea ezaugarri zuena.[40] Gainera, batzuek defendatu dute laugarren uhin bat gertatu zela,[41] 2012. urtearen inguruan hasi zena eta sare sozialak erabili dituena sexu-jazarpenari, emakumeen aurkako indarkeriari eta bortxaketaren kulturari aurre egiteko.

Lehen uhina

Feminismoaren lehen uhina XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran izan zen aktibo. Erresuma Batuan eta AEBn, emakumeen kontratu berdintasuna, ezkontza berdintasuna, guraso berdintasuna eta jabetza eskubideak sustatu zituen. Legeria berriak Erresuma Batuko Adingabeen Zaintzari buruzko 1839ko Legea jasotzen zuen. Lege horrek seme-alaben zaintzarako urte samurren doktrina jasozten zuen, eta emakumeei seme-alaben zaintzarako eskubidea ematen zien lehen aldiz.[42][43] Beste lege batzuk, Erresuma Batuko 1870eko Ezkondutako Emakumeen Babes Legea kasu, 1882ko legean zabaldua, beste lurralde britainiar batzuetan antzeko legedietarako eredu bihurtu ziren. Victorian (Australia) 1884an onartu zuen legeria, eta Hegoaldeko Gales Berrian, 1889an; Australiako gainerako koloniek antzeko legeak onartu zituzten 1890 eta 1897 bitartean. Mende aldaketarekin, aktibismoa botere politikoa lortzean oinarritu zen nagusiki, bereziki emakumeen sufragio eskubidea, nahiz eta feminista batzuek emakumeen beste eskubide batzuk (sexua, ugalketa, eskubide ekonomikoak) sustatu nahi izan zituzten.[44]

Emakumeak botoa ematen, Eibarren, 1933an.
Agerpen feminista eta antikapitalista

Lehen uhinaren teorietan sartzen dira, baita ere, anarkofeminismoa, feminismo sozial-marxista, feminismo erradikala eta feminismo liberala.

Feminismoaren hastapenetan dago feminismo sozialista, marxismotik eratorritako teoria erabiltzen duena bere mugimendua justifikatzeko. Aldarrikatzen du emakumeak gizonaren mendekotasun egoeran daudela eta gizartearen behe-klasea direla, eskubide eta ekoizpen baliabide gutxien dituena baita.

Feminismo erradikala oinarri beretatik abiatu zen, baina ez du uste posible denik gizarte aldaketa. Egitura matxistak hain errotuta daude, ezen hutsetik hasi behar baita; horregatik, aldeztu izan du komunitate bereizi berriak sortzea, emakumeak alde batetik eta gizonak bestetik, pertsonen arteko harremanen arauak aldatu eta erakunde berriak sustatzeko. Batzuetan, emakumeen anarkismora iritsi izan da.

Feminismo liberalak uste du aldaketak erreforma politikoen bitartez bideratu behar direla. Sufragismoa izan zen haren hasiera. Legeak bultzatzen ditu emakumeen alde (diskriminazio positiboa barne) eta parekotasunaren alde. Alderdi politikoen programetan sartu nahi dituzten oinarrizko gaietako batzuk dira etxeko lanen ordaina jasotzeko eskubidea, haurren zaintza banatzea, ugalketa eskubideak eta emakumeen presentzia publikoa.[45]

Anarkofeminismoa mugimendu anarkistaren hasieratik ari da lanean, eta mugimendu feminista intrintsekoa da, hastapenetik jada ikusten baitzuen gizonak emakumearen gain daukan nagusitasuna dela gure gizarteen lehen adierazpen hierarkikoetako bat. Patriarkatuaren aurkako borroka, beraz, klase borrokaren zati bat da eta estatuaren aurkako borrokaren parte. Izatez, anarkofeminismo hitza geroago sortu zen, 1960ko hamarkadan. Diferentziaren feminismoak eta ekofeminismoak eraginda, desberdintasunean oinarritzen da, eta antzinako anarkismoaren ideia batzuk kritikatzen ditu, orduko modernitateak edo patriarkatuaren ikuspegi oraindik ez oso zabalak eragina izan zelakoan. Proudhonek, adibidez, lehen mailako gizartetzat hartzen zuen familia, non emakumeek zeregin tradizionala betetzeko ardura baitzuten.

Bigarren eta ondorengo uhinak

Gaztelaniaz hizkera inklusiboa erabiltzeko proposamenak, manifestazio feminista batean, Madrilen.
Egungo feminismoak emakume guztiak hartu nahi ditu aintzat.

1970eko hamarkadako bigarren uhin feministatik aurrera, teoria feministek desberdintasunean jarri dute arreta (diferentziaren feminismoa), ez berdintasunean Hirugarren uhin feminista bigarren uhinaren seme-alaben belaunaldiak egin zuen, X belaunaldiak 1990eko hamarkadan lipstick feminism sortu zuenean.[46] Azkenik, XXI. mendearen bigarren hamarkadan, oraindik ere definitzen ari den feminismoaren laugarren uhin bat sortu da, hedabideetan oso aktiboa.[47]

Uhin berri horiek legezko eskubideen berdintasunetik harago doaz, benetako berdintasun eta askatasun pertsonal, politiko eta sozialaren alde borrokatzen dira, bakeari eta zaintzari balio berri bat emanez, eta, definizioz, indarkeriatzat jotzen duten edozein menderatze mota salatzeko eta indargabetzeko asmoz. Pertsona bakoitzak nahi duen bezalakoa izateko eskubidea du, besteengandik desberdina izateko eta eskubide edo balio berberak izateko. Genero kontzeptua birdefinitu dute, LGBT aukeretara irekiz, hala nola queer teoriara, eta ikuspuntu bakar batean oinarritutako mundu ikuskerak deseraikitzen saiatzen dira: gizona, zuria, mendebaldetarra eta goi klasekoa. Baita ere, lantzen dituzte maskulinotasun berriak eta gizonak gizartean izan behar lukeen zeregina. Azpimarratu behar da horrek ez duela esan nahi pertsona bakoitzarentzat feminismo bat dagoenik; aitzitik, ideia elkartuak adostu nahi dira, ahalik eta pertsona, ikuspuntu eta kultura desberdin gehien bildu ahal izateko.[47]

Feminismo postestrukturalistak bereizkeria desagerrarazteko kultura eta sinboloak ditu ardatz. Hala, kritika feminista aplikatzen die arteei, historiaren eta erakundeen esanahiaren berrirakurketa bat proposatzen du eta hizkuntzaren erabileraz arduratzen da, Judith Butler bezalako autoreekin.

Feminismo globalak feminismo eurozentriko edo koloniala kritikatzen du, «mendebaldeko kultura» deitu izan dena inposatzen duena, edo antzinako inperio kolonialistek beste kulturei ezartzen dien feminismo mota gisa, gutxiengoekiko begirada paternalista eta errepresorea sustatuz. Adibidez, feminismo eurozentrikoak emakume batentzat iraingarritzat jo dezake buruan zapi bat eramatea Dubaiko eguzkipean, bai bularrak erakustea tanga eta apaingarriekin janzten diren komunitate batean.

Feminismo lesbikoa, nahiz eta historikoki lesbianismoak feminismoarekin eta proiektu feministekin barne harremana izan duen, hobeki uler daiteke kontuan hartzen bada bigarren uhin feministarekin eta mugimendu homosexualekin ados ez egoteagatik 1970eko hamarkadaren hasieran sortutako mugimendua dela.[48] Heterosexualitatea berrikusi eta eztabaidatu nahi du, eta, hori egin ondoren, haren «sustraiei» buruzko hipotesiak planteatu, hala nola patriarkatua, kapitalismoa eta kolonialismoa. Gainera, feminista lesbikoak lesbianismoaren alde daude, erakunde horiekiko alienazioaren eta asegabetasunaren arrazoizko emaitza gisa.[49]

2000. urtetik aurrera, feminismo lesbikotik hein batean sortutako korronte bat agertu zen, transfeminismo izenekoa. Ikerlari batzuek feminismoaren kategoria bat dela uste dute, batetik, transgeneroaren diskurtsoa aplikatzen duena feminismoan, eta, bestetik, aurrerapen feministak diskurtso transgeneroan. Beste batzuek uste dute ideia elkartruke hori ez dela osoa izan, eta uste dute queer teoriak feminismo antirrazistarekin gainjartzean gertatzen dela uhin berria.

Pro sex feminismoa deritzona korronte ideologiko bat izan zen, 1980ko hamarkadan sortua; prostituziorako eskubidearen alde egiten zuen, eta XXI. mendeko uhin berriek antifeministatzat jotzen dute. Izan ere, prostituten eta gorputz saltzaileen edo alokatzaileen (haurdunaldi subrogatua, sexua, pornografia eta abar) bizitza hobetu behar dela uste izan arren, uste dute menderatze matxistaren beste gertakari bat dela; izan ere, inork ez luke halakorik egingo inguruabar pertsonal eta sozialek horretara behartuko ez balute.[47]

Genero berdintasuna feminismoan

Genero berdintasunaren sinboloa.

Europako beste herrialde batzuen gisara, Espainiako erresuman, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerako lege organiko bat dago.[50] Espainiako Berdintasun Ministerioaren arabera, «genero berdintasuna da emakumeek eta gizonek era guztietako baliabideak baldintza berdinetan erabili eta kudeatzeko duten gaitasun legala, soziala eta politikoa».[51]

Feminismoaren eta genero azterketen arabera, «sexu desberdintasuna —bi sexu egotea mundu berean— ez da sexuen arteko desberdintasuna bezalakoa. Lehen kontzeptuak aniztasuna eta aberastasuna adierazten ditu. Bigarrenak, sexu batek bestearen gainean duen injustizia eta nagusitasuna».[52]

Sexua eta generoa

Sexua berezko ezaugarri bat da, naturak zehazten duena, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun fisikoak, biologikoak eta anatomikoak ezartzen baititu. Sexuak ugalketa sexualean duten potentzialaren arabera sailkatzen ditu pertsonak.[53]

Generoa da munduko gizarteek erabiltzen duten sistema, emakumeen eta gizonen funtzioak, jarrerak, balioak eta harremanak zehazteko. Pertsona baten sexua naturak zehazten du; beraren generoa gizarteak lantzen du.[54]

Nortasuna, berdintasuna eta diferentzia

Genero berdintasuna ez da identitate zentzuan ulertu behar, gizonekiko berdintasun zentzuan, ideia horrek gizasemeak jartzen baititu eredutzat edo desiragarria den ororen neurgailutzat. Aitzitik, berdintasuna lortu behar da diferentziaren aitorpenean oinarrituta. Hala, berdintasunaren aldarrikapena ez da nahasi behar sexu maskulinoaren identifikazioarekin.

Aukera berdintasunak esan nahi du baliokidetasuna eta parekatzea: emakumeek gizarteko leku guztietara baldintza berdintasunean sartu nahi dute, eta ez berdinak izateko, eta hori oso desberdina da. Emakumeek eskubide osoko gizakiak izan behar dute, eta, beraz, sarbidea izan behar dute zuzendaritza karguetara, zientziara, kulturara eta abarrera. Horregatik, behar dute gizonei gaur egun eskaintzen zaizkien aukera berberak ematea, eskubide osoko herritar baitira. Baina ez haiek bezalakoak izateko, hau da, emakumeen nortasunaren ordez gizonezko izateko, baizik eta berdinak izateko eskubideetan, aukeretan eta gizarteko leku guztietan.[55]

Feminismoari egindako kritikak

Feminismo erradikala gogor kritikatua izan ohi da literatura matxista edo antifeministan; horien erakusle batzuk izan daitezke, frantsesez, Élisabeth Badinterren Fausse Route, Paul-Edmond Lalancetteren La Nécessaire Compréhension, Jean-Philippe Trottieren Le Grand Mensonge du féminisme, Hélène Vecchialiren Ainsi soient-ils : Sans de vrais hommes, point de vraies femmes, edo Éric Zemmouren Le Premier Sexe. Rush Limbaugh eskuin muturreko komunikatzaileak, emakumeen eta feminismoaren aurkako erasoen artean, 1990eko hamarkadan, feminazi hitza zabaldu zuen. Donald Trump hautagai errepublikanoaren aldeko kanpainatan aritu zen, besteak beste.[56]

Elkarte antifeminista baten sarrera, emakumeen bozka eskubidearen aurkako pankarta batekin.
Sinbolo feminista zaborretara botatzen, talde antifeminista suitzar batek erabilia (2011).

Esparru politikoan, feminismoa, batzuetan, «denbora-pasatzat» jo izan da. Argudiatzen da gizarte kategoria guztiak emakumez eta gizonez osatuak direnez, emakumeek ez dutela kasta edo klase bereizirik osatzen. Hala, suposizio horri jarraiki, sexuen arteko interes gatazka batera deitzea edo sexu bat bestearekiko emantzipatzeko borroka artifizio huts bat izango litzateke, ezkutatuko lituzkeena benetako menderatze harremanak eta gizarte zatiketaren egiazko ildoak.[57]

Beste antifeminista batzuentzat, feminismoak garrantzia kentzen zien gizabanakoen bereizketa irizpideei, hala nola generoa, adina, ezaugarri fisikoak edo etnikoak, horiek baitira, beraz, diskriminazioaren eta gizarte bazterketaren funtsezko faktoreak. Era horretako irizpideek jantzi zituzten feminismoaren azken uhinak, feminismo postestrukturalista eta diferentziaren beste feminismo batzuk barne.[58]

Simone de Beauvoirren kritika feministak direla eta, zenbait egilek, hala nola Julia Kristevak, Sylviane Agacinskik edo Luce Irigarayk, uste dute sexu desberdintasunak ezabatzen dituen berdintasun abstraktuak gizonen unibertsalismoaren androzentrismoarekin jarraitzen duela.[59]

Arrazoi kultural eta politikoengatik, feminismoak zabalkunde mugatu bat eta adierazpen baliabide mugatuak ditu, emakumeak mendekotasun egoera nabarmen batean bizi diren testuinguruetan, sarritan agintariek edo beren familiek eragindako indarkeria fisikoaren biktima izanik ere. Feminismoak usadioetan eta praktika sozialen bilakaeran duen eragina oso mugatua da, giza eskubideak, oro har, baztertuak diren gizarteetan. Hala, feminismoa kritikatua izan da, joera selektibo eta etnozetriko bat delakoan, bazterrean lagatzen dituena ustez bere oinarrietan dauden balio unibertsalak.[60]

Martxoaren 8a eta mugimendu feministak

Emakumeen Nazioarteko Eguna 1909ko otsailaren 28an ospatu zen lehenengo aldiz, Ameriketako Estatu Batuetako New York hirian. Ospakizun hau AEBetako Alderdi Sozialistak antolatu zuen.

1917ko martxoaren 8an[oh 1] Errusiar Inperioko hiriburua zen Petrograden (gaur egungo San Petersburgo) oihalgintzako emakume langileek manifestazioa abiatu zuten, eta hiri guztia hartu zuten; hura izan zen Errusiako Iraultza piztu zuten ekintza nagusietako bat.[2] Egun hau batez ere herrialde eta mugimendu sozialista eta komunistek ospatu izan zuten, harik eta 1975ean Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko egun izendatu zuen arte.

Martxoaren 8ko eguna gaur egun emakumeen eskubideak aldarrikatzeko erabiltzen da. Munduari gogorazteko emakume eta gizonek eskubide berdinak izan behar dituztela.

Mugimendu feministak denborarekin indartsuagoak bilkatu dira. Euskal Herrian hainbat mugimendu feminista desberdin daude, horietako famatuena Emakunde[61] ( Emakumearen Euskal Erakundea) da. Emakunde Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da. Beraien helburua berdintasuna aldarrikatzea da eta emakumeen eskubideen alde borrokatzea. Nahiz eta Emakunde Euskal Herriko erakunde famatuena izan, Euskal Herriko herrialde bakoitzak bere talde feminista desberdinak ditu. Hala nola, Pare Deustun, Martxanterak Bergaran, Momoak Galdakon, Marienea Basaurin, Nalua Eibarren, Andramanuelak Antzuolan, Portugaleteko mugimendu feminista eta beste hainbat.

Mural feminista bat Antzuola herrian.
Mural feminista bat Antzuolan.

Sinbologia

Ekintza feminista bat Australian. Pankartak honela dio: «Justiziaren alde hiltzen» eta, elastikoetan, «Elkartasuna ahotsa altxatzen duten emakumeekin» (2012).

Triangelu beltz alderantzikatua (▼), triangelu aldekide bat da, erpin bat behera begira duena, erdian, eta goiko aldean, lurrarekin paralelo den aldea duena. Hastapenean, nazismoak erabilitako seinale eta ikur bat izan zen (ikus presoen markatze sistema nazien kontzentrazio eremuetan), erregimenaren aldarrietara egokitzen ez ziren presoentzat. Gerora, hasieran beste esanahi hori bazuen ere, emakume aktibista asko harrotasunez hasi ziren erabiltzen, bizi ziren gizartearen aurrean beren eskubideak aldarrikatzeko, pubis baten irudikapena egiten zuenez. Hala, lesbianismoak eta feminismoak erabilitako sinbolo bat bilakatu zen.[62]

Emakumeen eta feminismoaren ahalduntzearen beste sinbolo bat (postfeminismoa barne delarik) bi eskuekin egiten den keinu bat da, triangelu bat osatuz, ahurrak aurrera erakutsiz, bertikalki, eta esku bietako hatz bizkorrak eta lodiak elkartuz. Adierazpen gisa erabili ohi da, adibidez, manifestazioetan.[63]

Eskuez egindako ikur feminista.

Kolore morea (edo lila) feminismoaren sinbolo bat da. Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren webgunearen arabera, Britainia Handiko Women's Social and Political Union (WSPU, Emakumeen Batasun Sozial eta Politikoa) alderdi sufragista erabiltzen hasi zen kolore hori, zuriarekin eta berdearekin batera.[64]

Kolore morea, huts-hutsik, sinbolo feminista bat delarik, marrazki edo diseinu feminista asko margotzen dira kolore horrekin, besteak beste, alderantzizko triangelua. Ohikoenetako bat, morez margotutako emakumearen ikurra da (Venusen ispilua). Sarritan, ukabil itxi bat eransten zaio, edo ukabil itxia altxatzen ari den emakume bat. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako sinbolo bat, feministatzat ere har daitekeena, esku-ahur ireki baten arrastoa da, kolore morekoa, barruan emakumearen ikurra duena, zuria. Irudi horiek beltzak ere izan daitezke, edo beste kolore batzuetakoak.

Bandera anarkofeminista bi koloretan banatzen da diagonalean, morea eta beltza.

Feminista ezagunak

Erreferentziak

  1. 1952-, Hawkesworth, M. E.,. (2006). Globalization and feminist activism. Rowman & Littlefield ISBN 074253782X. PMC 62342167. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  2. Chris., Beasley,. (1999). What is feminism? : an introduction to feminist theory. Thousand Oaks, Calif. ISBN 9781446210420. PMC 731677122. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  3. Alice., Echols,. (1989). Daring to be bad : radical feminism in America, 1967-1975. University of Minnesota Press ISBN 0816617864. PMC 19813238. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  4. (Ingelesez) «Women’s Work» Science History Institute 2017-06-01 (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  5. 1941-, Messer-Davidow, Ellen,. (2002). Disciplining feminism : from social activism to academic discourse. Duke University Press ISBN 0822328291. PMC 47705543. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  6. a b Godeau, Eric (zuzendaria). (2009). Histoire -Geographie. Nouveau programme 2009. Bac Pro en 3 ans 1re bac pro.. Nathan, 43 or..
  7. 1952-, Hooks, Bell,. (2000). Feminism is for everybody : passionate politics. South End Press ISBN 0896086291. PMC 43836456. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  8. 1944-, Chodorow, Nancy,. (1989). Feminism and psychoanalytic theory. Yale University Press ISBN 0300044178. PMC 20789275. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  9. Gilligan, Carol. (1977-12). «In a Different Voice: Women's Conceptions of Self and of Morality» Harvard Educational Review 47 (4): 481–517.  doi:10.17763/haer.47.4.g6167429416hg5l0. ISSN 0017-8055. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  10. Gender Forum: Key Issues in Postcolonial Feminism: A Western Perspective.. 2013-12-03 (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  11. Hanley, Kirstin Collins. (2013). Mary Wollstonecraft, pedagogy, and the practice of feminism. Routledge ISBN 978-1-136-75296-4. PMC 853455196. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  12. Gordon, Lyndall. (2006). Vindication A Life of Mary Wollstonecraft.. HarperCollins Publishers ISBN 978-0-06-186600-5. PMC 1311317437. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  13. (Ingelesez) Rowlatt, Bee. (2015-10-05). «The original suffragette: the extraordinary Mary Wollstonecraft» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  14. (Ingelesez) «Feminism in the 18th century and beyond» Atria (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  15. Goldstein, Leslie F.. (1982). «Early Feminist Themes in French Utopian Socialism: The St.-Simonians and Fourier» Journal of the History of Ideas 43 (1): 91–108.  doi:10.2307/2709162. ISSN 0022-5037. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  16. Grever, Maria. (1994). Strijd tegen de stilte : Johanna Naber (1859-1941) en de vrouwenstem in geschiedenis. Verloren ISBN 90-6550-395-1. PMC 1023515437. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  17. Offen, Karen. (1987). «Sur l'origine des mots « féminisme » et « féministe »» Revue d’Histoire Moderne & Contemporaine 34 (3): 492–496.  doi:10.3406/rhmc.1987.1421. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  18. Cott, Nancy F.. (1987). The grounding of modern feminism. Yale University Press ISBN 0-300-03892-5. PMC 15654817. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  19. (Ingelesez) «feminism, n.» OED Online (Oxford University Press) (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  20. «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  21. «Euskaltzaindiaren Hiztegia > feminismo» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  22. «Euskaltzaindiaren Hiztegia > feminista» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  23. a b Spender, Dale. (1983). There's always been a women's movement this century. Pandora Press ISBN 0-86358-002-5. PMC 9083350. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  24. Lerner, Gerda. (1993). The creation of feminist consciousness : from the Middle Ages to eighteen-seventy. New York : Oxford University Press ISBN 978-0-19-506604-3. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  25. Walters, Margaret. (2005). Feminism : a very short introduction. Oxford University Press ISBN 978-0-19-151712-9. PMC 77194227. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  26. Witt, Charlotte; Shapiro, Lisa; Van Dyke, Christina; Moland, Lydia L.. (2021). Zalta, Edward N. ed. «Feminist History of Philosophy» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  27. academic.oup.com  doi:10.1086/ahr/104.4.1085. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  28. (Ingelesez) Botting, Eileen Hunt; Houser, Sarah L.. (2006-05). «“Drawing the Line of Equality”: Hannah Mather Crocker on Women's Rights» American Political Science Review 100 (2): 265–278.  doi:10.1017/S0003055406062150. ISSN 1537-5943. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  29. (Frantsesez) Michelle Zancarini-Fournel. (1996-04-01). «Une « vieille histoire » ?» Clio. Femmes, Genre, Histoire (3)  doi:10.4000/clio.458. ISSN 1252-7017. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  30. (Frantsesez) Dominique Godineau. (2004-11-01). «De la guerrière à la citoyenne. Porter les armes pendant l’Ancien Régime et la Révolution française» Clio. Femmes, Genre, Histoire (20)  doi:10.4000/clio.1418. ISSN 1252-7017. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  31. (Frantsesez) Pascal Payen. (2004-11-01). «Femmes, armées civiques et fonction combattante en Grèce ancienne (VIIe-IVe siècle avant J.-C.)» Clio. Femmes, Genre, Histoire (20): 15–41.  doi:10.4000/clio.1417. ISSN 1252-7017. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  32. a b (Frantsesez) «Les grandes dates de l’histoire du droit du travail» web.archive.org 2022-11-28 (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  33. (Frantsesez) Isabelle Guérin. (2008-10-09). «L'argent des femmes pauvres : entre survie quotidienne, obligations familiales et normes sociales:» Revue Française de Socio-Économie (2): 59-78.  doi:10.3917/rfse.002.0059. ISSN 1966-6608. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  34. (Frantsesez) Unesco. (2022-08-16). «Inégalités : la valeur du travail non rémunéré des femmes» Courrier International (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  35. «Les divorcé(e)s et l’Eglise | Eglise Catholique Romaine Genève» web.archive.org 2022-07-22 (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  36. «Peut-on être femme et pasteure ? – Regards protestants» web.archive.org 2022-11-30 (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  37. Gerda, Lerner,. (2017). La creación del patriarcado. (1? ed. en Katakrak. argitaraldia) Katakrak ISBN 9788416946082. PMC 1028563595..
  38. Humm, Maggie. (1995). The dictionary of feminist theory. (2nd ed. argitaraldia) Prentice Hall ISBN 0-13-355389-2. PMC 32432598. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  39. Chamberlain, Prudence. (2017). The feminist fourth wave : affective temporality. ISBN 978-3-319-53682-8. PMC 987438860. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  40. Kroløkke, Charlotte. (2006). Gender communication theories & analyses : from silence to performance. Sage Publications ISBN 978-1-4522-6499-8. PMC 808344326. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  41. (Ingelesez) «Feminism - The fourth wave of feminism | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  42. Wroath, John. (2006). Until they are seven : the origins of women's legal rights. Waterside Press ISBN 978-1-906534-43-1. PMC 847010346. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  43. (Ingelesez) Jane Gray Perkins. (1909). The life of the Honourable Mrs. Norton. H. Holt and Company (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  44. Freedman, Estelle B.. (2002). No turning back : the history of feminism and the future of women. (1st ed. argitaraldia) Ballantine Books ISBN 0-345-45054-X. PMC 49193867. (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  45. (Ingelesez) Bell Hooks. (2000). Feminist theory: from margin to center. Cambridge (Mass.): South End Press ISBN 978-0896086142. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  46. (Ingelesez) Young Feminist Europe. (2023-03-07). «Lipstick Feminism, Neoliberalism and the undoing of Feminism» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  47. a b c (Gaztelaniaz) Begoña Gómez Urzaiz. (2017-12-21). «Ana de Miguel: “Considerar que dar las campanadas medio desnuda es un acto feminista es un error garrafal”» ElPais.com (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  48. (Ingelesez) Elise Chenier. (2004). «Lesbian Feminism» glbtq (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  49. (Ingelesez) Cheshire Calhoun. (1994). «Separating Lesbian Theory from Feminist Theory» Ethics 104 (3): 558–581. ISSN 0014-1704. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  50. (Gaztelaniaz) Jefatura del Estado. (2007-03-23). Ley Orgánica 3/2007, de 22 de marzo, para la igualdad efectiva de mujeres y hombres. , 12611–12645 or. (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  51. (Gaztelaniaz) «Instituto de las Mujeres» www.inmujeres.gob.es (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  52. (Gaztelaniaz) Instituto de la Mujer. (2022-03-08). «Tomar en serio a las niñas» Serie Cuadernos de Educación No Sexista (web.archive.org) 17 (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  53. (Katalanez) Institut Català de les Dones. (2006). Guia per al disseny i la implantació d’un pla d’igualtat d’oportunitats a les empreses. web.archive.org ISBN 978-8439371632. (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  54. (Ingelesez) United Nations. (1995). Fourth World Conference on Women. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  55. (Gaztelaniaz) Sara Berbel. (2004). «Sobre género, sexo y mujeres» Mujeres en red (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  56. (Ingelesez) Rush Limbaugh. 2023-06-15 (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  57. (Ingelesez) The Oxford encyclopedia of women in world history > Antifeminism. Oxford [England]; New York: Oxford University Press 2008 ISBN 978-0-19-514890-9. (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  58. (Ingelesez) Giffort, Danielle M.. (2011-10). «Show or Tell? Feminist Dilemmas and Implicit Feminism at Girls’ Rock Camp» Gender & Society 25 (5): 569–588.  doi:10.1177/0891243211415978. ISSN 0891-2432. (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  59. (Ingelesez) Kate Kirkpatrick. (2020). Becoming Beauvoir: a life. London: Bloomsbury Academic ISBN 978-1350168435. (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  60. (Ingelesez) Zwingel, Sussane; Hernandez, Brianna. (2022-11-29). «Feminism and Human Rights» International Relations (Oxford University Press)  doi:10.1093/obo/9780199743292-0314. ISBN 978-0199743292. (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  61. (Gaztelaniaz) Emakunde. 2018-03-30 (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  62. (Katalanez) Grup de Lesbianes Feministes. (2001). Lesbiana?: Encantada, És Un Plaer. (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  63. (Katalanez) Agència Catalana de Notícies. (2016-01-27). Les dones de la CUP fent el símbol feminista amb les mans, a l'acte contra el masclisme. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  64. (Ingelesez) International Women's Day. What colors symbolize International Women's Day?. .

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Kembali kehalaman sebelumnya