Share to: share facebook share twitter share wa share telegram print page

Feminismoaren historia

Feminismoaren uhinak (edo olatuak edo boladak) esamoldea erabiltzen da emakumeak herritar gisa egindako aurrerapenen ibilbidea adierazteko. Feminismoaren uhinak hiru etapa nagusitan sailka daitezke: lehenik, feminismo ilustratua (Barrokotik Frantziako Iraultzara arte); bigarrenik, feminismo liberal-sufragista (Seneca Fallseko Adierazpenetik [1848] Bigarren Mundu Gerraren amaierara arte); eta, hirugarrenik, feminismo garaikidea (1968tik XXI. mendera arte).[1]

Feminismoa modernitateko tradizio politiko, demokratiko eta berdintzaile bat da.[1] Feminismoak gizarte erlazioetan aldaketak proposatzen ditu; gizarte berri bat eraiki nahi du, emakumea libre izan dadin, hierarkiak ezabatu daitezen eta sexuen arteko desberdintasuna desager dadin. Horrez gain, esan daiteke feminismoa ideia sistema orokor bat dela, eremu guztietan (familia, hezkuntza, politika, lana eta abar.) emakumearen egoeraren ikasketa eta analisia abiapuntu duena. Feminismoak, orobat, asimetrian eta sexu menderakuntzan oinarritutako erlazioak ezabatzea du helburu.[2]

Feminismoaren uhinak zer diren eta nondik datozen ulertzeko, beharrezkoa da XVII. mendeko egoera aintzat hartzea. Garai hartan, norbanakoaren nozio berria planteatu zen, filosofia politiko barrokoaren barruan. Gainera, mende hartan norbanakoa izaki abstraktu eta determinaziorik gabetzat hartzen zen. Ikusmolde sozial hori amaitu zen herritar izatearen aukera zabaldu zenean. Beraz, demokraziaren printzipioak ezartzen hasi zirenean, norbanakoa gizaki libre kontsideratzen hasi zen.[3]

Lehenengo uhina

Feminismoaren lehenengo uhina Barrokotik Frantziako Iraultzara arte (1789) hedatu zen, mende luze bat. Esan daiteke François Poullain de La Barre apaiz idazlearekin hasi zela, Frantziako Iraultzaren garaian emakumeen eskubideen alde idatzi batzuen, bereziki 1673ko De l’égalité des deux sexes, discours physique et moral où l’on voit l’importance de se défaire des préjugez liburuarekin; saiatu zen frogatzen emakumeek pairatzen zuten menderakuntza ez zela arrazoi naturaletan oinarritzen, baizik aurreiritzi kulturaletan.[4]

Aurrekariak: Feminismo ilustratua

Lehenengo uhin feministak Argien Garaian ditu oinarriak, zenbait adituren arabera. Izan ere, feminismo ilustratua, filosofia politiko modernoaren garapenean, demokratismo primitiboaren zuzenketa bezala jaio zen. Feminismoa ez zen, beraz, bikaintasunarekin lotutako diskurtso bat, berdintasunarekin lotutakoa baizik.[5]

Garaiko pentsalari garrantzitsuak

Mary Wollstonecraft-ek idatzitako Emakumeen aldarrikapena laneko lehenengo edizioa
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Mary Wollstonecraft ulertzeko gakoak

Mary Wollstonecraftek idatzitako A Vindication of the Rights of Woman (1792) obra oso garrantzitsua izan zen pentsamolde feministaren sorreran. Bertan, garaiko emakumearen egoeraren zertzeladak eman zituen Wollstonecraftek. Emakumeak historian zehar gizonen menpeko izan direla aipatu zuen, emakumeek gizonak baino hezkuntza aukera gutxiago izan zutelako. Horrez gain, azpimarratu zuen emakumeak baztertuak izan zirela, gizatasun bertuteak ukatu egin zitzaizkion eta. Beste alde batetik, emakumeen askatasunaz idatzi zuen, askatasun ezak indargabetu egin baitzituen emakumeak. Azkenik, nabarmendu zuen historian zehar egin izan zen sexu bereizketaren ondorioz emakumeari ahultasuna egotzi zitzaiola.[6] Feminismo ilustratuak izan zuen polemika lantzen du Wollstonecraften lanak. Hori horrela, feminismo idatziaren abiapuntutzat hartu izan da.[5]

Jean-Jacques Rousseau, eragin handia izan zuen pentsalaria

Ilustrazioaren garaian, Jean-Jacques Rousseau filosofaren ideiek mugarri bat ezarri zuten garai hartako pentsamendu sozialean. Izan ere, Rousseauk azpimarratu zuen gizonezkoak desberdin tratatu behar zirela, haien bizitzeko modua desberdina baitzen. Gainera, gizonezkoek eduki ahal zituzten ahuleziak gizarte «emetu» baten ondorioz sortu zirela esaten zuen, naturak gogor jo baitzuen gizonengan. Azkenik, Rousseauren aldarri garrantzitsuena izan zen gizonak gizona behar zuela bizitzeko, baina ez emakumea. Rousseaurentzat estatu ideala zen gizonezkoa familiaren buruzagia eta herritarra izatea. Horrenbestez, emakumeak mendekotzat hartzen zituen: emakumeen balioak ziren, Rousseaurentzat, gozo izatea, laguntzea, gizonarentzat atsegina izatea eta umeak zaintzea.[7]

Egoera

Rousseau bezalako pentsalarien ideiei aurre egiteko hasi zen indartzen pentsamendu feminista. Hastapenean, feminismoa eta demokrazia lotzen hasi ziren. Frantziako Iraultzaren deklarazioa Rousseauren pentsatzeko eran oinarritutako esaldiz beteta egon zenez, garaiko egoera aldatzeko beharra ikusi zuten askok. Hala, emakumeen eskubideen aldarrikapenak egiten hasi ziren. Gizarterako sentimendu igualitarista zabaldu zen batez ere. Horretarako, Frantziako Iraultzako eta Ilustrazioko ideiei aurre egitea beharrezkoa zen.[8]

Nahiz eta zenbait gauza aldatzen hasi, lorpenak ez ziren inola ere izan handiak. Rousseauren eta enparauen ideiek oso presente jarraitzen zuten eta horien arabera funtzionatzen zuen garaiko gizarteak. Oro har, egoera honelakoa zen garaiko gizarte antolamenduari dagokionez: familia hierarkikoa zen, gizona buru zela; emakumeen esparrua etxera mugatzen zen, maila pribatura; emakumeek arrazoinamendurik ez zutenez, ezin zuten gizartea aurrera atera; eta, azkenik, emakume eta herritar izatea ezinezkotzat hartzen zen garai hartan. Beraz, emakumeak ez ziren herritar, emazte eta ama zirelako. Gainera, estatua gizonezkoek sortzen zuten, gizonezkoek zituztelako eskubideak eta betebeharrak. Azkenik, emakumeek obeditu egin behar zuten eta gizonezkoekin atsegin izan. Feminitatearen eredu berriak hasi ziren sortzen, emakumea amatasunarekin, menderakuntzarekin eta sakrifizioarekin lotzen zen. Gainera, emakumeek emazte izateko baino ez zutela balio azpimarratzen zen. Emakumea naturatzat hartzen zen, gizona kulturatzat; naturak eskatzen zuen, hain zuzen ere, emakumeak egoera hartan jarraitzea.[9]

Lortutakoa

Feminismo ilustratuan edo lehenengo uhinean, azkenik, demokrazian oinarritutako gizartea hasi zen sortzen. Feminismo ilustratuaren lorpenak izan ziren herritarren legeria berria eta hezkuntza burgesa instituzionalizatzea. Lorpen urriak izan ziren, orobat, alde batetik, emakumeen adingabetasuna ez baitzen auzitan jartzen, emazte eta alaba soilik izan zitezkeen; bestetik, emakumeek gizonarekiko errespetuz, men eginez eta sakrifizioz jardun behar zuten. Azkenik, garaiko hezkuntza sistemak ere baztertu egiten zituen emakumeak; hezkuntzatik kanpo zeuden.[10]

Bigarren uhina

Feminismoaren bigarren uhina XIX. mendearen erdialdean zabaltzen hasi eta 1950eko hamarkadara arte hedatu zen. Feminismo liberal sufragista izenez identifikatzen da, garai hartan ezarri baitziren emakumeen sufragismoaren printzipioak, John Stuart Millen The Subjection of Women (1869) lanarekin.[11] Obra horretan emakumeen egoera esklabotzarekin konparatzen zuen: emakumeak gizonen esklabotzat har zitezkeen. Nolabait, gizonek osatzen dute indartsuenen legea, eta lege hori da, orobat, gizartearen antolamenduaren oinarri.[12]

Garaiko egoera

Teoria politiko liberala Rousseauren printzipioen nahaste batetik sortu zen. Horrela, liberalismoak adierazten zuen publiko/pribatu eta familia/estatu bereizketak lausoagoak zirela. Izan ere, familia oso elementu garrantzitsua bihurtu zen eta sexuen bereizketa gaizki ikusten hasi zen.

Zenbait pentsalariren eragina

Lehenengo uhineko pentsalarien aurka agertu ziren misoginia erromantiko deritzonaren zenbait partaide. Misoginia erromantikoak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak argumentatzea zuen helburu, Rousseauren ideietan oinarritutako printzipioak erabiliz. Horrela, emakumearen bazterketa filosofiaren bidez argudiatzen hasi ziren. Mugimendu horren parte izan ziren zenbait filosofo, besteak beste Hegel, Schopenhauer eta Nietzsche. Hegelek, esate baterako, azaltzen zuen emakumeek eta gizonezkoek patu desberdina dutela; hortaz, emakumeen patua familia zen bitartean, gizonezkoena estatua zen. Gainera, Rousseauk egin zuen bezala, emakumea pribatutasunarekin lotu zuen eta gizonezkoa publikotasunarekin.[13]

Seneca Fallseko adierazpena: abiapuntua

Seneca Falls-eko aldarrikapenaren adierazgarria New York-en

1848. urtean, 68 emakume eta 32 gizon liberalek Seneca Fallseko Adierazpena deiturikoa adostu zuten, Seneca Fallsen. Adierazpen horrek Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapenaren forma izan zuen, 12 erabaki izan zituen bere baitan. Erabakien artean aurkitzen ziren emakumeentzat herritartasuna, eta morala edo ohiturak aldatzeko printzipioak. Emakumea gizonaren azpian kokatzen zuten legeak naturaren aurkakoak zirela aldarrikatu zuten.[14]

Lortutakoa

Sufragismoa izan zen aldarrikapenaren beste parte garrantzitsu bat. Mugimendu hori internazionala izan zen eta helburu nagusia izan zen boto eta hezkuntza eskubideak lortzea. Garai hartan, emakumeek idazten, irakurtzen eta oinarrizko kalkuluak egiten baino ez zuten ikasten, etxea zaintzeko beharrezkoak baitziren. Feminismoaren bigarren uhin honetan, emakume asko erdi mailako hezkuntzan sartzeko eskubidea hasi ziren aldarrikatzen. Nolanahi ere, emakume ugarik goi mailako ikasketak amaitzea lortu zuten arren, titulua jasotzeko eskubiderik ez zuten izan.[15]

Beste alde batetik, boto eskubidea lortzea izan zen helburu nagusietako bat. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran boto eskubidea lortzeko hamaika aldarrikapen egin ziren. Lehen Mundu Gerran herrialde batzuetan lortu zuten boto eskubidea emakumeek. Bizpahiru hamarkadatan, Bigarren Mundu Gerrara piztu zenerako, jada lortua zuten emakumeentzako boto eskubidea Mendebaldeko herrialde gehienetan, diktadura zirenetan izan ezik.[16]

Emakumeen sufragioaren 50. urteurrena AEBn

Sufragismoak planteatu zituen bi helburuak ―hau da, boto eta hezkuntza eskubideak― lortu egin ziren, baina 80 urte behar izan ziren horretarako. Sufragismoak, bestalde, elkartasuna eta herritarren borroka adierazi zituen; XX. mendean zenbait manifestazio baketsu egin ziren. Hortaz, aktibismoa erdi-mailako klasera eta langile klasera iritsi zen.

Bigarren uhinaren teoria feministak eta, batez ere, feministek aurrera eraman zituzten ekimenek zeresan handia sortu zuten, batez ere Estatu Batuetan. Horrela, zenbait aldaketa etorri ziren gizartera: emakume gazteek askatasun gehiago zuten, aurreko belaunaldiekin alderatuz. Gainera, hori guztia kontuan hartzen hasi zen gizartea.[17]

Simone de Beauvoir: Bigarren Sexua

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Simone de Beauvoir ulertzeko gakoak

1949. urtean argitaratu zuen Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua obra. Feminismoaren obrarik garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Emakume izatea zer den hausnartu zuenean hasi zen idazten. Emakumearen inguruko egoerak azaleratzen ditu psikologiaren, antropologiaren, biologiaren eta beste zenbait arloren ikuspegitik. Beauvoirren iritziz, emakumea sozialki sortu dugun izaki kultural bat da. Gainera, ondorengo esaldi ospetsua esan zuen: emakume ez da jaiotzen, bilakatu egiten da.[18]

Hirugarren uhina

Sakontzeko, irakurri: «1970eko hamarkadako mugimendu feminista»

Ezaugarriak eta lortutakoa

1970eko hamarkadan, feministek patriarkatu kontzeptua sortu zuten. Feminismoaren hirugarren uhinaren abiapuntua 1968ko ezker kontrakulturala izan zen, politikari dagokionez. Baita ere, 1968ko maiatzean Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan izandako mobilizazio masiboek eragin handia izan zuten.[19]

Betty Friedan, Feminitatearen mistika lanaren egilea.

Garai hartako feminismoak feminitatearen mistikaren amaiera aldarrikatu zuen. Boto eskubidea, hezkuntza eskubidea eta lanbide duina izateko aukera jada lortuta bazeuden ere, oraindik hierarkia eta desberdintasunak ziren nagusi gizartean. Beraz, aurretik lortutako eskubideek ez zuten egoera sakonki aldatu.[20]

Handik aitzina, beste eskubide batzuk aldarrikatzen hasi zen feminismoa. Hortaz, askatasun sexualari buruzko eztabaidak sortzen hasi ziren: eskubide sexualak eta ugaltzekoak. Horrekin batera, ezkondu aurreko harremanak, antisorgailuak edo pilula izan ziren eztabaidagai gizartean.[21]

Garaiko mugimendu feminista mugimendu erradikaltzat hartzen zuten askok, bereziki gizonezkoek. Horrekin batera, «zergatik izan behar zara feminista?» galdera jarri zioten emakume askorik aurrez aurre. Feminismoak emakume askea aldarrikatzen zuen, mugimendu feminista forma eta antolamendua hartzen hasi zen eta erakunde berriak sortu ziren mugimenduaren.[22]

1980ko hamarkadan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak oraindik nabariak zirenez, tentsioak areagotu egin ziren. Gainera, beste zehar lerro bat zabaldu zen: klase arteko desberdintasuna. 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990koaren hasieran, eztabaida sozial handi bat sortu zen, ekonomiaz, botereaz eta harreman sozialez.[23]

Aditu askok azpimarratzen duen legez, hirugarren uhineko feministek feminismo desberdin bat aldarrikatzen zuten, ordura artekoa ez bezalakoa.  Izan ere, bigarren uhineko feminismoa esentzialismoarekin, naturalismoarekin eta unibertsalismoarekin lotzen zuten. Horren ondorioz, garaiko feminismoa kontraesankortasunean, diferentzian eta ugaritasunean oinarritzen zen.[24][25]

Feminitatearen mistika

Bigarren Mundu Gerra eta gero, Europan egoera larri hartatik etxera itzuli zirenean emakumeak, ordura arte irabazitako eskubideak bazterrean gelditu ziren, eginbehar premiazkoagoak zeudenez, besteak beste, eraitsitako etxebizitza eta azpiegitura guztiak berreraikitzea. Garaiaren iluntasunari aurre egin nahirik edo, emakumearen irudi berri bat sortu zen: emakume lirain eta zoriontsua, aske etxekoandre izateko aukera hartzeko. Aldizkari femenino deitutakoak sortu ziren orduan, emakumearen irudi estereotipatu berria hura hedatzeko xedez.[26]

Interpretazio desberdinak

Feminismoaren uhinen kronologian beste interpretazio batzuk egon dira, ikerlarien artean ez baitago aho bateko adostasunik, feminismoaren aroak deskribatu eta bereizterakoan.

Aditu batzuen iritziz, lehenengo uhin feminista Seneca Falls-eko aldarrikapenarekin hasten da. Beraz, Simone de Beauvoir eta bere Bigarren sexua lehen uhin horretan kokatzen dute. Bigarren uhina, berriz, Betty Friedanen Feminitatearen mistika (1963) lanarekin hasten da eta 1970eko hamarkadako amaierara arte luzatzen. Azkenik, hirugarren uhina 1990eko hamarkadan hasi eta XXI. mende hasiera arte kokatzen dute askok. Azkenik, ikerlari batzuen iritziz XXI. mendearen lehen hamarkadatan feminismoaren laugarren uhin bat sortu zen, bereziki transfeminismoaren eta beste korronte feminista berrien eraginez.[27][28]

Erreferentziak

  1. a b (Gaztelaniaz) Amelia Valcárcel. (2012). Feminismo en el mundo global. Cátedra ISBN 978-8437625188. (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
  2. (Gaztelaniaz) Susana Gamba. (2008). «Feminismo: historia y corrientes» Mujeres en red (web.archive.org).
  3. (Frantsesez) «Déclaration des Droits de l'Homme et du Citoyen de 1789» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  4. (Gaztelaniaz) Celia Amorós. (1990-05-30). «El feminismo: senda no transitada de la Ilustración» Isegoría (1): 151–160.  doi:10.3989/isegoria.1990.i1.383. ISSN 1988-8376. (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
  5. a b (Gaztelaniaz) Amelia Valcárcel. (2001). La memoria colectiva y los retos del feminismo. CEPAL (web.archive.org) ISBN 978-9213218095. (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
  6. (Gaztelaniaz) Mary Wollstonecraft. (1989). «Vindicación de los derechos de la mujer» Asparkía 9 ISSN 2340-4795..
  7. (Frantsesez) Jean-Jacques Rousseau. (1762). De l'éducation des femmes (Émile, ou de l'Éducation). BNF (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  8. (Frantsesez) Odile Nguyen. (2018). Rousseau et les femmes. Fondation Berliet (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  9. (Frantsesez) Verena Ehrich-Haefeli. (2001). Stistrup Jensen, Merete ed. Nature, langue, discours > Nature et féminité : l’élaboration d’une idéologie bourgeoise des sexes de Rousseau à Schiller. Presses universitaires de Lyon  doi:10.4000/books.pul.6953. ISBN 978-2-7297-0678-4. (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  10. (Frantsesez) Martine Sonnet. (2011). L'éducation des filles au temps des Lumières. Les Éd. du Cerf ISBN 978-2271072764. (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  11. (Gaztelaniaz) Montserrat Barba Pan. (2019-11-01). Las tres olas del movimiento feminista. Desde la Ilustración hasta las corrientes actuales. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
  12. John Stuart Mill; (itz. Alberto Gabikagojeaskoa). (2004). Askatasunaz; Emakumeen menpekotasuna; Sozialismoari buruzko kapituluak. Klasikoak.
  13. (Frantsesez) Jean-Baptiste Vuillerod. (2020). Hegel féministe. Vrin (web.archive.org) ISBN 978-2711629602. (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  14. (Ingelesez) Library of Congress. (2022-10-26). Seneca Falls and Building a Movement, 1776–1890. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  15. (Ingelesez) Brooke Faulkner. (2016). Women And Higher Education: A Brief History. .
  16. (Ingelesez) British Library Learning. (2018). Women's suffrage timeline. web.archive.org.
  17. (Ingelesez) Natasha Pinterics. (2001). «Riding the feminist waves: in with the third?» Canadian Woman Studies I Les cahiers de la femme bol. 20/21, zk. 4/1.
  18. Simone de Beauvoir. (2022). «Bigarren sexua: ‘Ondorioa’» Jakin (web.archive.org) 248-249 (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
  19. (Frantsesez) Radio France Cullture. (2018). Combats de femmes : de mai 68 à #MeToo. web.archive.org.
  20. (Ingelesez) «The Feminine Mystique» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  21. (Ingelesez) Ellen Willis. (1982). «Toward a Feminist Sexual Revolution» Social Text (6): 3–21.  doi:10.2307/466614. ISSN 0164-2472. (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  22. (Ingelesez) Jone Johnson Lewis. (2019). «Top Feminist Organizations of the 1970s» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  23. (Ingelesez) Gabrielle Griffin. (1995). Feminist Activism in the 1990s. CWASU (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  24. (Ingelesez) Gillis, Stacy, ed. (2007). Third Wave Feminism.  doi:10.1057/9780230593664. (Noiz kontsultatua: 2018-06-02).
  25. (Ingelesez) Stacy Gillis, Gillian Howie, Rebecca Munford. (2007). Third Wave Feminism: A Critical Exploration. SpringerLink (web.archive.org)  doi:10.1057/9780230593664. ISBN 978-0230593664. (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  26. (Frantsesez) Laura Fournier-Finocchiaro, ed. (2021-07-06). «26 | 2021 Voix et parcours du féminisme dans les revues de femmes ...» Laboratoire italien (26)  doi:10.4000/laboratoireitalien.6880. ISSN 1627-9204. (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  27. (Gaztelaniaz) «Breve cronología sobre el movimiento feminista» Revolución Femen 2013-11-13 (Noiz kontsultatua: 2018-06-02).
  28. (Gaztelaniaz) Revolución Femen. (2023-06-20). «Breve cronología sobre el movimiento feminista» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Kembali kehalaman sebelumnya