Goian: Gdańskeko erdialdea. Erdian: Motlawa ibaia eta Hiri Zaharra gauez, Leihoko emakumea eta Neptuno iturria. Behean: Długi Targ plaza eta Hirugarren milurteko Joan Paulo II.a zubia.Irudi gehiago
Monumentu ugari ditu, besteak beste, udaletxea, XIV-XV. mendeetakoa, armategi handia, XVII. mendekoa eta Andre Mariaren eliza, XIV-XV. mendeetakoa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren eraberritu egin dira gehienak, hiria suntsiturik geratu baitzen. Kultura, jakintza, merkataritza eta industria hiri garrantzitsua da.
Ekialdeko Pomerania edo Pomereliako dukerriko hiri nagusia izan zen X. mendetik aurrera. Poloniako koroaren esku geratu zen 1295ean, eta 1309. urtean Ordena Teutonikoak hartu zuen bere mendean. 1350eanHansako hiri bihurtu zen, eta 1454an, germaniarrak egotzi ondoren, Poloniako erregearen agintepeko estatu libre bilakatu zen (1466, Torungo Bakea). Handik aurrera, Baltikoko portu nagusietakoa izan zen. Erreformaren aldera jarri eta gero (1523), Poloniako errege katolikoaren aurka jazarri zen, baina Eztebe Báthory erregeak zapaldu zuen matxinada.
Poloniaren bigarren banaketaren ondoren (Grodnoko hitzarmena, 1793), Danzig Prusiako koroaren eskuetara igaro zen. Frantsesen mendean egon zen 1807-1814 bitartean eta, 1878an, Mendebaldeko Prusiako hiriburu izendatu zuten. Versaillesko hitzarmenaren ondoren (1919), Danzig hiri aske bihurtu zen, Poloniak aduanetako abantaila batzuk mantendu zituen arren. Danzigeko igarobidea deitu zuten lurralde hura (Danzig itsasoarekin lotzen zuena, alegia) Alemania eta Poloniaren arteko liskar ugariren sorburu bihurtu zen.
1933. urtean, Hitlerren aldeko naziak nagusitu ziren Danzigeko dietan eta arazoak areagotu ziren. 1939ko irailean, alemaniar armada Danzigen sartu eta Polonian barneratu zen: Bigarren Mundu Gerraren hasiera izan zen. Aire bonbardaketek (1941-1945) erabat suntsitu zuten ia eta sobietarren osteek hartu zuten 1945ean. Poloniako errepublikako hiria da 1946tik aurrera, Gdańsk izenaz.
1970. urtean, Gdańsken, Sopoten eta Gdynian langileak matxinatu ziren eta errepublikako lehendakari Gomulka kargutik kentzea lortu zuten. 1980an hasitako greben ondorioz, langileek aginte komunista eraistea lortu zuten. Lech Walesa nabarmendu zen borroka horietan langileen buruzagitzan.
1Kolonia eta Dortmund westfaliar zirkuluaren hiriburuak izan ziren, garaiaren arabera. 2Anberes nagusi bilakatu zen, behin Brujas, Zwingo ubidea zela eta, helezin bilakatu zenean.