Gustavo Francisco Petro Urrego (Ciénaga de Oro, Kolonbia, 1960ko apirilaren 19a) kolonbiar ekonomialaria eta politikaria da. Kolonbiako presidente karguaren zina egin zuen 2022ko uztailaren 7an eta herrialdeko historiako lehen ezkerreko presidentea da.
Ekonomian graduatua da Kolonbiako Externado Unibertsitatean.
Bizitza
1960ko apirilaren 19an jaio zen Ciénaga de Oron. Andrés Gustavo Petro Sierra irakaslearen eta Clara Nubia Urregoren semea.
1977an M-19 gerrillako kide egin zen. Gerrillari garaian Aureliano komandante aliasa erabili zuen Gabriel García Márquezen Cien años de soledad eleberriko Aureliano Buendía koronela pertsonaiarengatik. 1984an, M-19aren su-etenarekin eta baketze-elkarrizketekin (Corintoko akordioak) batera, M-19ko kide zela ezagutzera eman zuen, Zipaquiráko zinegotzia zenean . 1985ean Kolonbiako Armada Nazionalak atxilotu zuen armak eramateagatik eta konspiratzea egotzita. 1987an aske utzi zuten.
Bake-prozesuarekin gerrillatik desmobilizatu ziren beste kide batzuekin M-19 Aliantza Demokratikoa sortu zuen. 1997an Bide Alternatiboa mugimendura joan zen M-19 Aliantza Demokratikoko beste kide batzuekin batera. 2006 eta 2010 bitartean Polo Demokratiko Alternatiboa alderdi politikoko kide izan zen. 2011n Aurrerakoiak Mugimendua sortu zuen, ondoren Kolonbia Gizatiarra izena hartu zuena.
2012 eta 2015 bitartean Bogotako alkatea izan zen.[1]
2018ko Kolonbiako Presidentetzarako Hauteskundeetan Kolonbia Gizatiarra alderdiaren presidentegaia izan zen. Kolonbiako Zentro Demokratikoko Iván Duque Márquezek irabazi zituen hauteskundeak eta Petroren hautagaitzak bigarren egin zuen. Hauteskundeen ondoren senatua osatu zenean, Kolonbiako Errepublikako senatari-karguan zin egin zuen.
2022ko Kolonbiako Presidentetzarako Hauteskundeetan Kolonbia Gizatiarra alderdiaren presidentegaia izan zen.
Erreferentziak
Kanpo estekak