Telebistan hasi zen Hilary Swank. Beverly Hills, 90210 telesaioan bi urtez agertzekoa zen, baina 16 atal ostean kanporatu zuten. Lur jota bazen ere ("Beverly Hills, 90210 saiorako balio ez badut, ez dut ezertarako balio" pentsatu zuela aitortu du), Boys Don't Cry filmeko castinean aurkeztea ahalbidetu zion kanporatzeak. Paperak izar bihurtu zuen eta emakumezko aktore onenaren Oscar Saria irabazi zuen. Berriro irabazi zuen Million Dollar Baby filmari esker 2005ean. Vivien Leigh, Helen Hayes, Sally Field, eta Luise Rainer aktoreekin batera, Hilary Swankek ere birritan emakumezko aktore onenaren Oscar Sariaren izendapena jaso eta birritan irabazi du.
Biografia
Hilary Ann Swank umetan aurkitu zuen produktore batek, eta bere haur-ibilbideaz arduratu zen. Handik aurrera, bere hiriko eta eskolako antzokietan agertu zen. Kirolari bikaina izan zen, halaber, igeriketako Olinpiada Juniorretan lehiatu zen, eta bosgarren postua lortu zuen Nebraskako atleta jubenilen kategorian. 16 urte zituela, eta gurasoen dibortzioaren ondoren, amarekin Los Angelesera (Kalifornia) joan zen, arte dramatikoa ikasi zuen eta antzerki-lanak egiten hasi zen.
Bere prestakuntza fisiko ona baliagarria izan zen bere bigarren filmean, Karate Kiden jarraipen batean. Ehunka hautagairen artean aukeratu zuten eta aktore famatua bihurtu zen. Ordutik eskaintza ugari jaso zituen, eta film batzuek arrakasta handia izan zuten. Boys Don't Cry lanean transgenero gazte baten papera egiten du, eta 1999an aktore protagonista onenaren Oscar saria jaso zuen.[1] Paper hori interpretatu ondoren, Swankek nortasun-krisialdia izan zuen: «Filmaziorik gabeko egunetan, etxera iritsi eta gonak eta makillajea jartzen nituen, baina ispilura begiratzean, izaki androgino bat baino ez nuen ikusten», esan zuen aktoreak, trantzea gainditu ondoren.
Paper horren ondoren, ez zitzaion kalitate oneko eskaintzarik iritsi, eta etsipenagatik lanbidea uztear egon zen, harik eta Clint Eastwoodek Maggie Fitzgeraldek Million Dollar Babyn zuen papera interpretatzeko deitu zion arte. Hala, Swankek aktore nagusi onenaren Oscar saria irabazi zuen.[2]
Swank 1997ko irailaren 27an ezkondu zen Chad Lowerekin (Rob Loweren anaia gazteena). Hala ere, 2006ko urtarrilaren 9an (astelehena), 8 urte baino gehiago ezkonduta egon ondoren, bikoteak banantzearen berri eman zuen.
Gero, Brian de Palmaren The Black Dahlia, Stephen Hopkinsen The Reaping, Freedom Writers eta Away seriea bezalako proiektuetan lan egin du.
Filmografia
Zinema
Taula honetan ikus daitezke filma bakoitzaren zuzendaria, enpresa ekoizlea eta beste izenburuak (gaztelaniaz, frantsesez):