Jean Dausset (Okzitaniako Tolosa, 1916kourriaren 19a - Palma Mallorcakoa, 2009koekainaren 6a) frantses sendagile eta immunologoa izan zen. Bigarren Mundu Gerran, odol-transfusioen unitatean aritu zen, eta interes berezia jarri zuen transfusioek eragiten zituzten erreakzioetan. 1946an, Parisko Medikuntza Fakultateko klinika-buru izendatu zuten eta, 1963an, San Luis ospitaleko hemato-serologia-immunologia zerbitzuko arduradun. Ohorezko Legioarekin eta Merituaren Ordena Nazionalarekin kondekoratu zuten. 1950eko hamarraldian ohartu zen 0 taldeko odola ez dela egokia hartzaile guztientzat. Baldin odol-emailea tetanoaren edo difteriaren aurkako txertoa hartu berria bada, odolean sortutako antigorputzek talka anafilaktikoa deitzen zaiona eragin dezakete transfusioa egitean. Geroago aurkitu zuen odol-transfusio bat baino gehiago izandako gaixoek leukozitoen aurkako antigorputzak sortzeko joera zutela. Daussetek aurkitu zuen, halaber, HLA (Giza antigeno leukozitario) deitu zaion sistema, zeinaren arabera gizabanakoaren berariazko antigenoen geneak biltzen baitira. Aurkikuntza hori funtsezkoa izan zen organo-transplanteak egiteko orduan, arbuio-arazoak askoz hobeto kontrolatzeko bidea eman baitzuen. 1980an, Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen, B. Benacerraf eta G. D. Snell doktoreekin batera, geneen bidez zehaztutako zelula-egituretan eta erreakzio immunologikoak kontrolatzen dituzten geneen arloan egindako aurkikuntzengatik.