Mendikatea euren artean antzekoak diren bata bestearen atzean doazen mendi taldea da. Gune tolestuak edo tolesten ari direnak dira. Geosinklinal edo kontinenteen ertzetan dauden gune luzeetan, sedimentu lodiera handia biltzen da; material hauek, alboko bultzaden ondorioz, trinkotze indartsua jasaten dutenean, tolestu eta altxatu egiten dira, mendilerro edo mendikateak eratuz. Mota honetakoak dira mendilerro edo mendikate kontinental gehienak, Alpeak, Himalaia eta Andeak kasu. Planetaren barne indarrez gain, erliebearen modelatzean, kanpo faktoreek ere parte hartzen dute, ura edo haizea kasu, baita klima, landaretza eta lurzoruarekin lotuta dauden prozesuek ere.
Plaka tektonikoak
Mendikate bat plaka tektonikoen mugimenduen ondorioz sor daiteke. Adibidez, Asiako Himalaia, Indiako plaka eta Asia hegoaldeko plakaren arteko talkaren ondorioz sortu zen, talka gunean altxatze bat eragin ondoren. Batzuetan, honek, sumendi bat ere sor dezake. Hau da Vesuvioren kasua.
Sumendi aktibitatea
Mendi bakartiak, sarri, prozesu bolkanikoen emaitza dira, baina, tokiren batzuetan, Hawaiin kasu, prozesu hauek, emaitza bezala, mendilerrotzat har daitekeen mendi talde bat eman dezakete.
Higadura
Gune altu eta bolkanikoek, higadura jasan dezakete, emaitza bezala, mendi guneak emanez. Urak eta izotzak eragindako higadura da esanguratsuena, haranen sakonera eta forma hazarazten baitu, gune beheretan sedimentuak pilatzen dituen aldi berean.
Klima
Mendiak, toki bateko kliman eragina duten faktoreetako bat dira. Modu nabarmenean eragiten dute euri kopuruan. Haizeak itsasoaren gainean jotzen duenean, aire heze beroa altxatu eta hoztu egiten da, euri orografikoa eratzeko. Orduan, aire lehor hotza alboaren gainean mugitzen da, haizebe aldera.
Tenperaturak ere badu eragina. Modu orokorrean, lurra zenbat eta altuago egon, hainbat eta hotzagoak dira tenperaturak. Magalen orientazioak ere badu bere eragina, ipar hemisferioan, iparraldeko aurpegiak hegoaldekoak baino hotzagoak baitira (eta alderantziz hego hemisferioan).