Montenegroren jatorrizko izen Crna Gorak "Mendi Beltza" esan nahi du, lehen, itsasotik ikusita, oihan ilunek Alpe Dinarikoetako magalak betetzen zituztelako. Mendebaldeko Europako hizkuntza gehienetan, halere, venezierazkoMonte Negro hitzak ("Mendi Beltza") hartu dira herrialdea adierazteko. Izan ere, Erdi AroanVenezia Errepublikak eremu horien gaineko boterea zeukan. Nolanahi ere, beste hizkuntza batzuek, batez ere aldamenekoek, beren era darabilte: albanieraz, Mali i Zi; grezieraz, Μαυροβούνιο; errumanieraz, Muntenegru; turkieraz, Karadağ eta islandieraz, Svartfjallaland (hau da, "Mendi Beltzetako Herria").
Izenak dioen bezala, Montenegro oso herrialde menditsua da, Balkanetan gehien higatua izan zen eskualdea azken Izotz Aroan. Herrialdeko gailurra Zla Kolata da (2.534 m), Prokletije mendietan. Lurraldea Serbiaren eta Albaniaren mugako mendi garaietatik hedatzen da, kostaldeko ordoki esturaino. Ordoki hori, bi eta sei kilometro artekoa, iparraldean supituki eteten da Lovcen eta Orjen mendiak itsasora iristen diren lekuan. Eskualde karstikoa 1.000 metro inguruko garaieran dago, zenbait mendi ia 2.000 metroraino iristen baitia, Orjen mendia bezala (1.894 m). Behereen dagoen eskualdea Zeta ibaiaren ibarra da, 500 metro inguruan.
Montenegroko lehenengo biztanleak iliriarrak izan ziren. K. o. 9. urtean erromatarrek konkistatu zuten, eta Iliricum probintzian sartu zuten. Historialarien arabera, IV. menderako erabat erromatartuta zegoen, eta latina zen eguneroko hizkuntza.
Tribu eslaviarrek eta iliriar erromatartuen ondorengoek Dukljako dukerria sortu zuten. 1077an Gregorio VII.aaita santuak dukerria onartu zuen eta Mihailo Vojislavljević bihurtu zen bertako errege. Bertatik sortu zen Serbiako Printzerri Handia, Stefan Nemanjaren gidaritzapean, eta Zeta Printzerria izena eman zitzaion. 1360 hamarkadarako estatu independentea zen eta Inperio otomandarrak inguruan eragin handia zuen arren, ez zuen inoiz Zeta Printzerria bereganatu. Kostaldea, hala ere, Veneziako Errepublikak kontrolatu zuen 1470etik 1797ra arte. Garai horretan Montenegro izena sortu zen.
1516anĐurađ Crnojević printzeak abdikatu zuen, Vavil artzapezpikuaren alde, eta Montenegro estatu teokratiko bihurtu zen. 1851an Danilo II.a zen artzapezpiku printzea, baina ezkondu eta apaizgoa utzita, Montenegro sekularizatzeko bidea hasi zuen. 1878an printzerri guztiz independente bihurtu zen. 1910eanerresuma izendatu zuten, Nikolas I.aren agintepean. 1912anOtomandar Inperioari gerra deklaratu zion. Horren ondorioz, lurralde batzuk irabazi zituen, baina gerra garaian lortutako Shkodër hiriari uko egin behar izan zion. Hiri garrantzitsu hori Albania estatu sortu berriaren esku geratu zen.
Lehenengo Mundu Gerran aliatuen alde agertu zen. Austria-Hungariako inperioak bere kontrolpean izan zuen 1918ra arte. Urte horretan Montenegro eta Serbiako erresumaren arteko batasuna bultzatu zen Podgoricako batzarrean. Bigarren Mundu GerranItaliak bereganatu eta Kotor eremuan sartu zuen. Lurralde horietan jatorri italiarreko populazioa zegoela eta, Italiako erresumara anexionatu zuen.
1945etik1992ra Montenegro Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren barnean egon zen. Federazioa osatzen zuten sei errepublika subiranoetako bat zen eta Podgorica hiriburuak, garai hartan, Titograd izena izan zuen, Jugoslaviako agintari Josip Broz Titoren omenez. 1992anJugoslavia desegin zen eta Montenegroko biztanleek erreferendum bidez Serbiarekin batera segitzea erabaki zuten, Serbia-Montenegro deituriko estatuaren baitan. Erreferendum horretan parte hartzea txikia izan zen, musulmanek, albaniarrek eta gutxiengo katolikoak abstentzioaren alde egin zuten eta. Batasunaren aurkakoen arabera, propaganda ofiziala desegokia izan zen, federazioaren aldeko botoa emateko deia ezkutatzen baitzen horren azpian.
1996an Serbiarekin jarraitzea erabaki zuen bertako gobernuak. Hala ere, ekonomia eta moneta politika berezia erabili zuen, lehenik marko alemaniarra eta geroago euroa hartuz. Montenegroko gobernuan gero eta argiago izan zen independentziaren aldeko jarrera, Montenegroko Aliantza Liberalak gehiengoa zeukan eta. 2006komaiatzaren 21ean egindako erreferendumean herritarren % 55ek Serbiatik bereiztea erabaki zuten. Independentzia hori Serbiak eta NBEko kide gehienek onartu zuten. 2006koekainaren 28anNBEko partaidetza onartu zitzaion.
2008koapirilaren 6an bere lehendabiziko hauteskunde-presidentzialak egin zituen.
Montenegroko biztanle gehienek serbieraren ijekaviar dialektoaz hitz egiten dute. Hala ere, 2004tik montenegroera hizkuntza beregaintzat hartzearen aldeko mugimenduak piztu ziren, eta 2007an, herrialdeak independentzia lortu eta urtebetera, Konstituzioak montenegroera lehen hizkuntza ofizialtzat hartu zuen. Horrekin batera, serbiera, bosniera, kroaziera eta albaniera ere onartzen ditu. Albaniera ez beste hizkuntzak serbokroazieraren dialektoak dira eta erabilera arruntean ez dira ia bereizten.
2003ko erroldaren arabera, Montenegroko hizkuntzen ezagutza datuak hauek dira: