Oihal industriako enpresari baten semea zen. Sevesoko seminario txikian ikasten hasi zen, geroago Monza eta Milango handietara igaro eta, azkenik, Erromako Lombardo ikastetxean ibili zen. 1879an apaiztu zen. Hortik aurrera, Liburutegi Anbrosiarrean lan egin zuen eta teologian, filosofian eta zuzenbide kanonikoan doktoratu zen.
Naupactuseko artzapezpiku eta Poloniako nuntzio izendatu zuten. 1921ean Italiako elizbarruti nagusietako baten buru jarri zuen Benedikto XV.ak, Milango artzapezpiku izendatu baitzuen.
Aita santu
Aita Santu izendatu zutenean, Ratti kultura handiko gizona zen, ikasketa maila oso altuak lortu zituena, eta, gainera, Vatikanoko eta Elizaren administrazioko kontuetan aditua zen. Hala ere, pastoraltza kontuetan ez zeukan hilabete gutxi batzuetako esperientzia laburra besterik.
Bere koroatzea publikoa izan zen, San Petri basilikaren kanpoaldean. Italiako batasuna burutu zenetik jendeari irekita egin zen lehen koroatzea izan zen, aurrekoak jende kopuru mugatu batek jarraitu ahal izan zituen eta.
Pio XI.ak Italia onartu zuen, 1871tik zetorren gatazkari amaiera emanez. 1929ko otsailean Mussoliniren gobernuarekin Letrango akordioak sinatu zituen. Horien ondorioz, Elizak Italiako estatu modernoa onartzen zuen, katolikoei bere zilegitasuna onartzeko eskatzen zitzaien eta Vatikano Hiria deituriko estatu berria sortu zen, Aita santuaren menpe. Garai hartan Vatikanoak bere interesak defendatzeko faxismoaren aurrean jarrera malgua agertu zuen.
Alemaniarekin ere konkordatua izenpetu zuen, nahiz eta 1937anMit brennender Sorge (euskaraz Ardura biziz) deituriko entziklika kaleratu zuen. Bertan nazismoa gaitzetsi zuen, arraza, herria, estatua edo gizarteko bestelako elementuren bat jainko bihurtzea Jainkoak berak ezarritako ordenaren aurka joatea zela zeritzan, erabat.
Pio XI.a beste entziklika bat prestatzen ari zen, kasu horretan nazien antisemitismoa gaitzesteko. Baina garai horretan gaixorik eta azkenetan zegoenez gero, ez zen kaleratu.
Pio XI.aren garaia azaltzeko beste dokumentu garrantzitsua Quadraggesimo anno da, gizarte gaiei buruzko entziklika. Leon XIII.arenRerum Novarum entziklikaren 40. urteurrenean kaleratu zuen (1931) eta bertan langile mugimenduaren aurrean Elizak zuen jarrera azaldu zuen. 1929ko krisialdi ekonomikoari erantzunez, ekonomia justizian eta karitatean oinarritu behar zela defendatu zuen, gizarte batasuna lortzeko. Merkatu askea ona zela zioen, baina ezin dela gizakien duintasuna merkatuen gorabeheren arabera aldarazi ere aipatu zuen.
Beste idatzi batzuetan komunismoa (Divini Redemptoris), jaiotza erregulazio artifiziala (Casti Donnubii) eta Espainiako errepublikazaleek Elizaren kontra zuten jarrera (Dilectissima Nobis) gaitzetsi zituen.
Haren agintaldian Eliza katolikoa mundu mailako eragile garrantzitsu bihurtu zen, baita alor diplomatiko eta politikoan ere. Komunikabideetan ere aurrerapausoa eman zuen Giuliano MarconiriVatikano Irratia sortzeko agindu zionean (1931).
1939ko otsailaren 10ean hil zen, Europarentzat eta mundu osoarentzat garai latz baten atarian. Urte bereko irailean II. Mundu Gerra hasi zen.