Joaquim Torra i Pla, ezagunagoa Quim Torra izenez, (Blanes, Selva, 1962ko abenduaren 28a) kataluniar abokatu, argitaratzaile, idazle eta politikaria da.
2011. urteaz geroztik Assemblea Nacional Catalana erakundeko kidea da. 2015ean Òmnium Cultural erakundeko lehendakaria bilakatu zen, Muriel Casals ordezkatuz, 2015ean Jordi Cuixartek ordezkatu zuen. 2017an Junts per Catalunya alderdiko parlamentari aukeratu zuten[1]. 2018ko maiatzaren 10ean Carles Puigdemontek Generalitateko Presidente izateko izendatu zuen[2]. Maiatzaren 14an Kataluniako Generalitateko 131. presidente izendatu zuten[3]. 2020eko irailean kargugabetua izan zen Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia baten ondorioz.
Biografia
1962ko abenduaren 28an jaio zen, Gironako probintziako Blanes herrian.[4] 1985ean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (BUA) zuzenbide arloan lizentziatu zen.[5]
1987 eta 2007 urteen artean, azken bietan Suitzan, Winterthur aseguru-etxean lan egin zuen.[6][7][8] 2007. urtetik literaturari eta testuen edizioari esker bizi da, argitaletxe bat ere badu, A Contra Vent Editors izenekoa. Argitaletxe hori baliatuz, aintzinako kataluniar literatura eta kazetaritzari buruzko lan eta datuak berreskuratzen hasi zen, gehienbat, Espainiako Bigarren Errepublikaren garaikoak eta diktaduraren garaian erbestean sortu zirenak.[7]
2009an Reagrupament-era batu zen, Esquerra Republicana de Catalunya alderdiaren zatiketa baten ondorioz sortutako alderdia, Joan Carreterok gidatuta.[6][9]
2009ko urriaren 8an saiakeren Carles Rahola saria irabazi zuen, Viatge involuntari a la Catalunya impossible lanari esker, Gironako Literatur Sariak banatu zirenean lortu zuen, sari-banaketa honetan Prudenci Bertrana saria ere ematen zaio eleberri onenari. Aipatutako saiakeran, Espainiako Bigarren Errepublikako garaietako hainbat kazetari kataluniarren ibilbideak eta lan nagusiak berreskuratzen ditu, hala nola, Just Cabot, Francisco Madrid, Angel Ferran, Luis Capdevila eta Manuel Fontdevila kataluniarrenak.
2011ko apirilaren 30ean Assemblea Nacional Catalanako (ANC) kontseilu iraunkorreko kide izateko hautatua izan zen eta Òmnium Culturaleko lehendakariordea ere izan zen.[10] 2012an Born Kultura Zentroko zuzendari postua eskuratu zuen.[9] Aipatutako postuan zegoela, merkatu zaharra zenaren lurrean mantentzen diren hondakinak museo bihurtzeko prozesua martxan jarri zuen.[Oharra 1] Esquard izeneko aldizkari digitalari ere laguntza ematen dio. 2015ean Òmnium Cultural elkarteko lehendakari izendatu zuten, Muriel Casals ordezkatzeko. Urte horretako abenduan ordea, Jordi Cuixartek lekukoa hartu zion.
2017ko abenduko Kataluniako hauteskundeetan, Junts per Catalunya (JxCat) koalizioaren eskutik, Bartzelonako zerrendan 11. postua zuelarik, herrialde horretako XII. legealdian diputatu gisa hautatua izan zen. Beraz, 2018ko urtarrilaren 17tik aurrera Kataluniako legebiltzarreko diputatu bihurtu zen. Oraintxe aipatu dugun urteko maiatzaren 10ean, 2016 eta 2017 urteen artean Kataluniako lehendakari izandako Carles Puigdemontek, Kataluniako lehendakari izateko hautagai gisa proposatu zuen.[11] Carles Puigdemont lehendakaria Espainiako Gobernuak bere postutik kendu zuen herrialde horretako konstituzioaren 155. artikulua baliatuz.
Politikan duen ikuspegia
Quim Torrak kataluniar independentistatzat hartzen du bere burua,[12] bere esanetan, «bizitza osoan zehar egon da bere herriaren askatasuna lortzeko borrokan». El Periódico espainiar komunikabideak 2015ean Torraren aurkako hainbat artikulu oso kritiko argitaratu zituen, gizon honen ibilbide politikoa eta izaera politikoa eztabaidatu eta gaitzesteko asmoarekin. Torrak hainbat argitarapen egin ditu twitterren espainiar abertzaletasuna goraipatzen dutenen aurka.[13][14] 2013an Josep eta Miquel Badia anaiak goraipatu zituen. Gizarteak gizon hau kataluniar abertzaletasunaren gune sendoeneko kide gisa hartzen du[15] eta badaude hurrengo Carles Puigdemont dela esaten dutenak ere. 2009an Reagrupamenten sartu zenean ondorengo argudioa eskaini zuen: «katalanismoa ez da inoiz gehiago ezker edo eskuinekoa izango, ez liberalismoa edo sozialdemokrazia, demokrazia kristaua edo sozialismoa ere ez, gaur egun, borroka independentismoaren eta unionismoaren artean dago».[6]
Torrak interes handia agertu izan du XX. mendeko kataluniar abertzaletasunaren inguruan eta Acció Catalanaren miresle gisa hartzen du bere burua. Hala ere, Francesc-Marc Álvarok Estat Catalá alderdiaren ideiekin lotuago ikusten du aipatu dugun beste alderdiaren ideiekin baino.[9] Guillem Martínezek 2018an esentzialista eta supremazista zela esan zuen.[16]
Ikus, gainera
Oharrak
- ↑ Kargu horretan zegoenean aipatutako hondakin arkeologiko horiek «herri baten arimara hurbilketa magikoa, ia telurikoa» eskaintzen zutela adierazi zuen.
Erreferentziak
- ↑ (Katalanez) Gabarró, Jordi. (2015-12-19). «Jordi Cuixart és proclamat nou president d'Òmnium» Òmnium Cultural (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
- ↑ «Carles Puigdemont 🎗 on Twitter» Twitter (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
- ↑ Berria.eus. «Kataluniako Generalitateko 131. presidente izendatu dute Quim Torra» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) Región, La. «Torra, un independentista sin carné de partido ungido para una etapa provisional» La Región (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Quim Torra, un indepedentista irreductible fiel a Puigdemont» RTVE.es 2018-05-10 (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ a b c (Katalanez) «La Catalunya impossible de Quim Torra» Ara.cat (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ a b (Katalanez) «Joaquim Torra i Pla | enciclopèdia.cat» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Geli, Carles. (2018-05-11). «Quim Torra, un interino nato contra todo lo español» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ a b c «Quim Torra, un activista cultural de los años treinta» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ (Katalanez) «Òmnium reclama que la propera legislatura ha de ser l'"última d'un Parlament autonòmic"» Ara.cat (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ Berria.eus. «Puigdemontek Quim Torra proposatu du presidente izateko» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Objective, The. «Quim Torra, un “independentista emocional” para la Generalitat» The Objective (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Regué, Júlia. (2018-05-10). «Quim Torra, azote del españolismo» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Periódico, El. (2018-05-10). «Los polémicos mensajes de Quim Torra en Twitter» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La oposición rechaza la designación de Quim Torra como candidato a la presidencia de la Generalitat» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Martínez, Guillem. «Besamanos» ctxt.es | Contexto y Acción (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).