Reggae[1] (ingelesez, /ˈɹɛɡeɪ/ ahoskatua) 60ko hamarkadako jamaikar jatorriko musika generoa da, eta honela banatzen da: ska (1960-1966), rocksteady (1966-1968) reggae (1969-1983) eta dancehall (1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, nahiz hasiera 70eko hamarkadaren amaieran hasi prozesu mailakatu batean, non «deejay»ek ospea kentzen joan zitzaizkien abeslari tradizionalei). Rastafari mugimenduari oso lotuta dago[2][3].
Zentzu hertsian, reggaea 1969 eta 1983 bitartean garatutako musika da, aurrekoen aldean musika-aniztasun handiagoko garaia, non baxu elektrikoak rol zentralagoa hartu eta, denborak aurrera egin ahala, rasta mugimenduaren eragina handitu baitzen letretan eta soinuan[3].
Etimologia
1977ko Ingeles jamaikarraren Hiztegiaren edizioak «reggae» hitza rege-rako berriki ezarritako esamoldetzat zekarren, rege-rege hitzaren baliokidea, «trapu, arropa zarpailtsu» zein «borroka edo liskar» adieraz zezakeena. Reggae hitza zentzu musikalarekin agertu zen, bai Desmond Dekkerren, bai 1968ko The Maytals taldearen Do the Reggay hit rocksteady-an, baina, dagoeneko, Kingston-en (Jamaika) erabiltzen zen rocksteady-a dantzatzeko eta jotzeko modu geldoago bat izendatzeko. Derrick Morgan reggae artistak honako hau dio:
«
Ez zitzaigun rocksteady izena gustatzen; beraz, Fat Manen bertsio ezberdinak probatu nituen. Erritmoa aldatu zen, organoa harritzeko erabili zen. Byron Lee ekoizleari gustatzen zitzaion. Hark sortu zuen soinua organoarekin eta gitarra erritmikoarekin. «Reggae, reggae» soinua ematen zuen, eta izen hori aurrera atera besterik ez zen egin. Byron Lee reggae hitza erabiltzen hasi zen, eta, berehala, musikari guztiak «reggae, reggae, reggae»' esaten hasi ziren[4].
Jamaikan, bada erabili ohi genuen hitz bat, «streggae». Neska bat aurretik pasatzen bada eta mutilek begiratu eta esaten badute: ei, «streggae» bat da! esan nahi du ez duela ondo janzten, reggay (zarpailtsu) dela. Neskek ere gauza bera esango lukete gizon bati buruz. Gaur goizean, lagun batzuk jolasean ginen, eta nik esan dut: «ongi, egin dezagun reggaya». Burura etorri zaidan zerbait baino ez da izan. Hala, «do the reggay, do the reggay» kantatzen hasi gara (egin reggaya, egin reggaya), eta «beat» bat sortu dugu. Jendeak, gero, soinuari izen hori eman geniola esan zidan. Hori baino lehen jendeak «blue-beat» eta mota guztietako izenak ematen zizkion. Orain, Errekorren Guinness Liburuan dago[5]
»
Batzuek diote Bob Marleyk «erregearen musika» izendatzeko erabiltzen zen gaztelaniazko termino bat ematen zuela reggae hitzaren jatorritzat[6].
Aitzindariak
Tradizioko mento, kalipso, jazz estatubatuar eta lehen «rhythm and blues»aren eragin handia badu ere, reggaea, jatorrian, 1960ko hamarkadan Jamaikan skak eta rocksteadyak izan zuten garapenaren zordun zuzena da. Count Ossie izan zen garapen horretan gehien lagundu zuenetako bat[7][8].
Reggaea Erresuma Batura iristen da Jamaikatik (Britainia Handiarenkolonia izandakoa) datozen milaka etorkinen kontura, zeinak beren musika zabaltzen eta musika hori hartzen duten langile zuriekin harremanak izaten hasten diren. Are gehiago, skinhead mugimenduak ska eta ondoren reggaea bere musika propiotzat hartu zituen, eta, horretan, «Reggaearen gerra handia» sortzen da.
Ska 1959 inguruan sortu zen. Mentotik[9] abiatuta garatu zen. Ska «walking bass» edo «baxu azkarra» izeneko baxu linea mota bat da, «offbeat»ean nabarmentzen diren gitarra edo piano erritmoak, eta, batzuetan, jazzaren antzeko haize «riff»ak. «Rude boy»enazpikultura jamaikarraren barruan oso ezaguna izateaz gain, 1964 inguruan, audientzia handia irabazia zuen «mod» kultura ingelesean ere.
Rude boy-ak, nahita, ska diskoak abiadura erdian jartzen hasi ziren, nahiago baitzuten mantsoago dantzatu tipo gogorren irudia azaltzeko[9]. 1960ko hamarkadaren erdialdean, musikari asko ska jotzen hasi ziren tempo motel horrekin, aldi berean, walking bass eta offbeatak nabarmenduz. Soinu motelenari rocksteady izena jarri zioten Julio Pita Rey eta Encarnación Iglesiasen single baten ondorioz[erreferentzia behar]. Jamaikako musikaren fase horrek 1968ra arte iraun zuen, musikariak, berriro, musikaren abiadura handitzen hasi ziren arte, beste efektu batzuk ere gehituz[10]. Horrek reggaea sortzera eraman zuen.
Historia
Sorkuntza
Reggaea, gaur egun ezagutzen dugunaren aitona, 1960ko hamarkadan jaio zen. AEBko R&Ba eta Jamaikako momentuaren arteko maitasun harremanak skaren sorrera ekarri zuen. Urte alaiak ziren haiek: Jamaikak britainiar kolonia izateari utzi zion, formalki behintzat, 1962an independentzia lortu zuenean. Etorkizun hobearen esperantzarekin sortu zen ska musika, alaia eta dantzagarria. Ez zuen asko iraun: kolonialismo batetik bestera igaro ziren, eta, berehala, AEBko dirudunek, eguzki izpien egarri, uhartea bereganatu zuten. Rocksteady deitu zioten, turistentzat aproposak ziren erritmo eta letra goxoak eta azukrez gainezka zituen musikari.
Urteak pasa eta familia boteretsu batzuk salbu, miseria gorrian eta esperantzarik gabe bizi ziren jamaikarrak. Independentziak ez zien espero zuten bizimodua ekarri, eta musika bihurtu zen, erlijioa eta ganjarekin batera, aurrera egiten lagundu zien euskarria. Marcus Garveyren esanek begiak ireki zizkien, eta beltza izatea ona zela eta beltz izateagatik harro sentitu behar zirelako mezuak reggae musikaren bidez zabaldu ziren, irrati eta sound systemen bozgorailuak lagunduta. Garai berri baten sorrera zen.
Urrezko aroa
1970eko hamarkada reggae musikaren urrezko aroa izan zen, bai musikaz eta baita eduki eta sentimenduei dagokienez ere. Musika jaioberriaren indarra geldiezina zen, eta, Bob Marley gisako abeslari eta musikari apartei esker, mundu osora zabaldu zen, zeharkatzen zuen mundu hori eraldatzeko gogo biziarekin. Diskogintza alorrean, garai ilunak izan ziren reggaearentzat, baina, zorionez, egun, hainbat reggae zaletu eta diskoetxeen arkeologi lan izugarriari esker, ustez galduta zeuden edota lortzeko oso zailak ziren garai hartako altxor ugari berreskuratzen ari dira. Azpimarratzekoa da diskoetxeak egiten ari diren lana, hala nola Blood & Fire, Pressure Sounds edota, azken aldian, Trojan.
1980ko hamarkada
1980ko hamarkadaren etorrerarekin eta Bob Marleyren heriotzak ekarritako kolpearekin, gauzak nahasten hasi ziren reggaearen munduan. «Sound system»etan animatzaile gisa hasi ziren hizlariek edo «toaster»ek beren estiloa sortu dute, eta, dagoeneko, U-Roy, Big Youth, Dennis Alcapone eta antzeko aitzindariek belaunaldi berriaren etorreraren berri dute: Dillinger, Scotty, Yellow Man, Charlie Chaplin, etab. Jarrerak aldatzen hasi dira. Dancehall-ak lehen pausoak eman ditu, eta produkzio berriak nagusitzen dira: Sugar Minott, Don Carlos, Barrington Levy, Triston Palmer, Michael Prophet... Hamarkadaren azken urteekin batera eta teknologia berrien aurrerapenekin, reggaeak janzkera berria izan zuen: erritmo kaxak, sintetizadoreak, samplerrak...
Gaur egun
Gaur egun ere, Bob Marleyren doinuak nonahi entzun daitezke, mundu osoan. Bestalde, reggae musikaren adarra den raggamuffin edo ragga estiloak badu zabalkundea zenbait herrialdetan, nahiz eta Euskal Herrian (Hegoaldean bereziki) ia ez den entzuten.
Reggae musikak lotura estua du rastafari erlijioarekin. Erlijio gehienekin gertatu den moduan, rastafarismoak ere interpretazio asko ditu, eta urteekin aldatuz joan dira. Aldaketarik gabe mantendu direnak ere egon badaude, eta rasta gehienek errespetatzen dituzte, gehiago edo gutxiago. Adibidez, rastafariek alkohola edatea debekatuta dute, baita tabakoa erretzea eta arraina edota haragia –bereziki txerrikia– jatea ere. Gatza ere debekatuta dute. Gorputzaren eta arimaren garbitasuna adierazteko Ital hitza erabiltzen dute, naturala, garbia ez den guztiak izpiritua zikintzen duelako, eta ezin dute onartu. Rasta erlijioaren jarraitzaileen paradisuak Zion du izena. Hiltzen direnean, beraz, Zion izeneko lurraldera doazela uste dute.
Elikadura kontuetan dituzten debekuez gain, rastafariek debekatua dute ilea, bizarra edota gorputz-atalak moztea ere. Hori dela eta, ilea neurrigabe hazten uzten dute, eta beltzek ilea oso kizkurra dutenez, «dreadlock» izeneko txurroak sortzen zaizkie.
Arau eta betebehar horiek zintzo betetzea, konpromiso erlijiosoaren eta fededun zintzoaren adierazgarri dira. Hala ere, azkenean, bakoitzak ahal duen neurrian edota nahi duen heinean betetzen ditu, eta ezin da orokortu. Txurroak daramatzaten guztiak ez dira rastafariak. Haien estetika gustatzen zaielako eramaten dituzte askok, eta gauza bera gertatzen da marihuanarekin. Erretzaile guztiak ez dira rastak, eta belar «sakratua» erretzen duenari, ez zaio derrigor reggae musika gustatu behar. Eta alderantziz, reggaearen zale guztiek ez dute nahitaez erretzaile amorratuak izan beharrik, nahiz eta askok hala uste duen. Ukaezina da, ordea, reggae musikak, rasta erlijioak eta marihuanak lotura estua dutela.
Ganja
Rastafarien iritziz, marihuana jakinduriaren belarra da, eta, belar hori erretzea, Jainkoarekin harremanetan jartzeko bitartekoa da, erritu erlijiosoa. Erretzeaz gain, belarrari erabilera ugari ematen diote: janariari botatzeko, infusioak egiteko, sendabelartzat...
«
Belarra erretzen duzunean, zeure burua nolakoa den erakusten duzu. Belarrak, izan ere, egiten dituzun gauza txar guztiak erakusten dizkizu. Zure kontzientzia da. Zeure buruaren argazki zehatza erakusten dizu. Belarrak pentsatzen jartzen zaitu; meditatzen jartzen zaitu. Agian, pertsona lasaia eta orekatua bazara, posible duzu belarrik gabe meditatzea. Mendira bazoaz, txorien kantuak entzungo dituzu. Baina belarra erretzen baduzu, txorien kantuak ederragoak irudituko zaizkizu, eta meditatzen lagunduko dizute. Belarra gauza naturala da; zuhaitzak bezala hazten da. Biblian, liburu santuan, idatzita dago gizakiak behar bezainbeste belar erre behar duela Jainkoarekin komunikatzeko.
»
Bob Marley
Reggaearen ezaugarriak
Reggaearen berezitasunen artean nabarmentzen da musikarekin zerikusirik ez duten kontuekin duen lotura estua. Reggaea rastafari mugimenduarekin lotu ohi da, eta mugimendu horren jarraitzaileek uste dute Haile Selassie I.a (Etiopiako azken enperadorea) Jainkoaren berraragiztatzea dela. Mugimendu horren arabera, beltzak eta haien ondorengoak Zion mendia deituriko promes-lurrera gidatuak izango dira.
Trentzak edo rastak erabiltzea (askotan «tam» izeneko txano ehundu batez estaltzen direnak), Etiopiako banderaren koloredun janzkera (berdea, horia eta gorria) eta marihuanaren kontsumoa dira rastafari idiosinkrasiaren eta reggaearen beraren parte.
Azpigeneroak
Early Reggae
Early reggae, skinhead reggae izenez ere ezaguna, langile klaseko azpikultura ingeles horretan zuen ospeagatik, Rocksteady-aren ondoren izan zen lehen reggaea izan zen; 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen, Stax gisako zigilu estatubatuarren funk musikaren eragina reggae musika jotzaileen estiloan sartzen hasi zenean. Rocksteadya early reggaetik bereizten duen ezaugarria Hammond organo «burbuilatsua» da, jotzeko perkusio estiloa, groove-aren barruan zortzi zortziduneko azpizatiketara arreta handiagoa erakarri zuena. Gitarraren «skank»ak konpasaren bigarren eta laugarren notetan, sarritan, estudioan «bikoizten» ziren oihartzun-efektu elektronikoak erabiliz, horrela organoaren denbora-bikoitzaren sentsazioa osatuz. Oro har, musikaren groove-ari enfasi handiagoa ematen zitzaion. Garaian, gero eta joera handiagoa zegoen «single»aren B aldean «bertsio» bat grabatzeko, eta horrek, gainera, ezin konta ahala instrumental produzitu zituen haizeak edo organoak gidatuta.
Skinhead reggae talde nagusien artean daude: John Holt, Toots & the Maytals, The Pioneers eta Symarip. Halaber, ohikoak ziren Motown, Stax eta Atlantic Records zigiluen soul kantuen bertsioak, zeinak skinheaden eta mod-en artean soul musikaren ospea islatzen baitzuten.
Roots reggeae
Roots reggae musika espiritual mota bat da, eta bere letrak Jah (Jainkoa) goraipatzera zuzentzen dira. Gehien errepikatzen diren gaien artean daude pobrezia eta gobernuaren eta arraza zapalkuntzaren aurkako erresistentzia. Bob Marleyren eta Peter Toshen abesti asko roots reggaetzat har daitezke. Roots reggaearen sormen gailurra 1970eko hamarkadaren amaieran eman zen, besteak beste honako abeslari hauekin: Burning Spear, Gregory Isaacs, Freddie McGregor, Johnny Clarke, Horace Andy, Ijahman Levi, Barrington Levy, Big Youth eta Linval Thompson, eta Culture, Israel Vibration, The Meditations eta Misty in Roots gisako taldeekin, eskuz esku Lee Scratch Perry eta Coxsone Dodd gisako ekoizleekin.
Dub
Duba, izan ere, estudioko ekoizleek, hala nola Los Pericos[erreferentzia behar] edo Lee Perry[erreferentzia behar], bere lehen garaietan garatutako reggae genero bat da. Aurretik grabatutako materialaren nahasketan (remix), eta bateriari eta baxu-lerroari garrantzi berezia ematean oinarritzen da. Erabilitako teknikek sentsazio biziak eragiten zizkioten entzuleari; Tubbyk «zure buruan sumendi bat balego bezala» deskribatu zituen[11]. Augustus Pablo eta Mikey Dread izan ziren estilo horretako beste proposatzaile garrantzitsu batzuk.
Rockers
Rockers estiloa 70eko hamarkadaren erdialdean sortu zuten Sly & Robbiek. Reggaea jotzeko estilo arin, mekaniko eta oldarkor gisa deskribatzen dute rockerra[12]. Artikulu batek «reggaearen urrezko arotzat» jotzen du rockerra[13].
Lovers rock
Lovers rockaren azpigeneroa Londres hegoaldean sortu zen 1970eko hamarkadaren erdialdean. Letrak, normalean, maitasunari buruzkoak izaten dira. rhythm and bluesen antzekoa da. Lovers rockeko artista esanguratsu batzuk dira: Gregory Isaacs, Freddy McGregor, Dennis Brown, Maxi Priest eta Beres Hammond. Bob Marleyk, Kaya diskoan, lovers rock prototipo bat egin zuen bere reggae balada erromantikoekin, horien artean Waitin in Vain.
Dancehalla, lehenago rub-a-dub izenez ezagutua, 1980 inguruan garatu zen Yellowman, Super Cat eta Shabba Ranks artisten bidez, besteak beste. Deejayak bezala kantatzea eta erritmo gordin eta azkarren gainean rapeatzea edo toasting-a egitea izan ziren estiloaren ezaugarriak. Ragga (raggamuffin izenez ere ezaguna) eta reggae fusion dancehallaren azpigeneroak dira, eta instrumentazioa musika elektronikoaren eta samplingaren bidez egiten da, nagusiki (lehen erritmo % 100 digitala Under My Sleng Teng izan zen, Prince Jammys ekoizlearen eta Wayne Smith abeslariaren eskutik, 1984. urtean, eta, lehen agerraldian, Jammy's-en sound garaitu zuen Black Scorpioren aurkako «clash» batean)[erreferentzia behar]. Raggaren aitzindarien artean daude: Shinehead eta Buju Banton[14][erreferentzia behar].
Reggae fusioa
Reggae fusioa reggae edo dancehallaren eta beste genero batzuetako elementuen arteko nahasketa da, hala nola hip-hop, R&B, jazz, rock, drum and bass, punk edo polka.
Latinoamerikako reggaea
Latinoamerikako reggae interprete eta talde nagusiak dira:
Txile: Gondwana, Movimiento Original, Quique Neira eta Zona Ganjah.
Argentina: Los Cafres, Los Pericos, Dread Mar-I, Resistencia Suburbana, Nonpalidece, Abed Nego, Lumumba y Sessiones Reggae.
Mexiko: Los Rastrillos, Ganja, Antidoping, La Comuna, Los Yerberos, Golden Ganja.
Venezuela: Desorden Público, King Changó, Rawayana, Mulato y Aguamala Reggae.
Brasil: Os Paralamas do Sucesso, Cidade Negra y Natiruts.
Kolonbia: De Bruces A Mí,La Tifa, Alerta Kamarada, Lion Reggae y La Curva Reggae.
Beste herrialde batzuk: Puerto Ricoko Cultura Profética; Peruko Tierra Sur, Semillas, Laguna Pai; Paraguaiko Pipa Para Tabaco, La Siega Roots, Cultura Nativa; Boliviako Matamba; Ekuadorko Alma Rasta (1995ez geroztik), Dj Plucky (Panama jatorrikoa, Dancehall egiten du 90eko bukaeratik) et Sudakaya (2002 urtez geroztik); Panamako Raíces & Cultura; Costa Ricako Mentados, Fuerza Dread, Un Rojo Reggae Band.
Regeton
Latinoamerikan, Panamako artistek sartu zuten regetona, eta horien artean daude: Renato (1987ko Lo que el D.E.N.I. piede hacer abestiarekin), Nando Boom (1987ko bere lehen kanta arrakastatsuarekin: Mi mujer habla así) eta El General (Pu Tun Tun (1990). Jarraitzaile gehien irabazi dituen dancehall estiloa rapa presente dagoena da.
Regeton gehiena artista jamaikarren abestien zati instrumentalaren gainean egin izan dute, hala nola Super Cat, Shaba Ranks, Sister Nacy, Chaka Demus & Pliers (Murder She Wrote), Bobo General & Sleepy Wonder (Latinoamerikan, bere Pounder abestiaren zati instrumentala da regetoia egiteko erabiliena) eta Cutty Ranks (munduko regeton gehiena, bere limb by limb abestiaren pista instrumentala oinarri hartuta egiten da).
1980ko hamarkadaren erdialdetik 2000ko hamarkadaren hasierara arte, regeton gehiena Panamako artistek egiten zuten. Haien musika, gero eta ezagunagoa izan arren, musika marjinaltzat hartzen zen, Jamaikan, generoaren hasieratik, bere letretan presente zeuden gai sexual, kalezuloko, dantzako eta umoretsuengatik. Gaur ez bezala, garai hartan, gaztelaniaz hitz egiten zuten artista gehienak ez ziren ausartzen generoarekin harremanak izatera gaizki ikusiak izateko beldurrez.
Puerto Ricon, generoak 1990eko hamarkadaren lehen urteetan irabazi zuen ospea, Panamako artisten musikaren hedapenari esker. Izan ere, artista horiek irrati, diskoteka edo kontzertuen bidez iritsi ziren jendearengana. Panamako El General, Nando Boom eta beste artista batzuen eraginaren ondoren, genero berri baten adierazleez osatutako mugimendu borikua sortu zen uhartean, gerora regeton deituko zitzaiona, eta milioi asko irabaziko zituen musika-industria bihurtu zen. Latinoamerikan, hainbat generotako artista komertzial asko eraman ditu jamaikar genero horren osagai erritmiko handia erabiltzera beren musika-sorkuntzetan.
Latinoamerikan, regetona nonahiko osagai bihurtu da masa-musikan eta herri-musikaren nortasunaren zati batean, eta horrek publikoa kendu die tokiko eta bertako musika-adierazpenei.
Reggaeren Nazioarteko Eguna
Urtero uztailaren 1ean, Reggaearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Jatorrian, 1994an ezarri zen, modu lokalean, Winnie Mandelak 1992an Kingstonera, Jamaikako hiriburura, egindako bisitan emandako hitzaldian bulkatuta. Bertan goraipatu zuen Reggae musikak Hegoafrikako herriari, apartheidaren aurkako borrokan, arnasa emateko, inspiratzeko eta batzeko zuen gaitasuna. Ekitaldiaren jatorrizko ideia zen jamaikar irratiak animatzea generoaren sustraiak eta adarrak ezagutzera ematea musika eta komunikabideen kalitate arauak sustatzeko, Jamaikako Musikaren Ospearen Aretoa sortzeko eta herrialdeko jendeari berdintasun sozialaren alde borrokatzen eta gizartearen onena erakusten laguntzeko.
Baina 1996tik aurrera, ospakizuna nazioartera zabaldu zen generoaren munduko komunitatea batzeko, inspiratzeko eta hauspotzeko helburuarekin; hala, musikaren, hedabideen eta teknologiaren boterearen bitartez, Kingston hiria, Jamaikako hiriburua, Jamaikako musikaren sorlekutzat erakutsiko zen, eta Jamaikak, Reggaeak eta Rastafari erlijioak munduko hezkuntzan duten eragina nabarmenduko[15].
Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial
2018ko azaroaren 29an, UNESCOkGizateriaren Kultura Ondare Immaterial[16] izendatu zuen Jamaikako reggaea, hainbat gairi buruzko nazioarteko hausnarketari egindako ekarpenagatik, hala nola bidegabekeriari, erresistentziari, maitasunari eta giza izaerari buruzko gogoetari. Horrez gain, agerian utzi zuen indar intelektuala, soziopolitikoa, espirituala eta sentsuala, eta, aldi berean, ukitu gabe uzteagatik musikaren oinarrizko funtzio sozial batzuk, hala nola gizarte-iritzien eramaile praktiko bat izatea, praktika katartiko eta laudorio erlijiosoa eta jamaikar guztien kultura-adierazpide izatea[17][18].
Jérémie Kroubo Dagnini (2008). Les origines du reggae: retour aux sources. Mento, ska, rocksteady, early reggae, L'Harmattan, coll. Univers musical. ISBN 978-2-296-06252-8Txantiloi:Hizkuntza
Jérémie Kroubo Dagnini (2011). Vibrations jamaïcaines. L'Histoire des musiques populaires jamaïcaines au XXe siècle, Camion Blanc. ISBN 978-2-35779-157-2Txantiloi:Hizkuntza
Potash, Chris, ed. Reggae, Rasta, Revolution: Jamaican Music from Ska to Dub. Schirmer Books ISBN978-0-8256-7212-5..
Baek, Henrik; Hedegard, Hans. (1999). Dancehall Explosion, Reggae Music into the Next Millennium. Samler Borsen Publishing, Denmark ISBN978-87-981684-3-0..
Chang, Jeff. (2005). Can't Stop, Won't Stop: A History of the Hip-Hop Generation. St. Martin's Press, 2005 ISBN978-0-312-30143-9..
Beste iturri batzuk
Bradley, Lloyd (1996). Reggae on CD: The Essential Collection. London: Kyle-Cathie. 368 p. ISBN 1-85636-577-8. The ISBN is from the back cover; the ISBN on the verso of the t.p. is incomplete.