Rhonda Fleming (Hollywood, 1923ko abuztuaren 10a - Santa Monica, Kalifornia, 2020ko urriaren 14a), benetako izena Marilyn Louis, estatubatuar antzezlea izan zen, zineman eta telebistan lan egin zuena.
Bizitza
Rhonda Fleming Hollywooden jaio zen 1923ko abuztuaren 10ean. 1940ko eta 1950eko hamarkadetan egin zituen lan interesgarrienak, eta 40 film baino gehiagotan aritu zen. "Technicolorraren erregina" deitu zuten, hain eder agertzen zen horrela egindako filmetan.[1] Gazte ekin zion zineman lan egiteari, eta hainbat filmetan figurazio txikiak eginda, Alfred Hitchcock zuzendariarekin aritzeko aukera izan zuen 1945eko Spellbound pelikulan. Urte berekoa da Robert Siodmakek sinatutako The Spiral Staircase, eta handik gutxira, Robert Mitchumen ondoan, Out of the Past (1947) zinema beltzeko klasikoan ere agertuko da. 1949an Bing Crosby abeslari eta aktorearen ondoan azaldu zen A Connecticut Yankee in King Arthur's Court musikalean, eta bertan kantatzen ere jardun zuen; Technicolorrean egin zune lehen lana izan zen[2].
Honako lan hauek ere aipagarriak dira: While the City Sleeps, (Fritz Lang, 1956), Dana Andrewsen ondoan; Slightly Scarlet, (Allan Dwan, 1956), John Paynerekin; Gunfight at the OK Corral (John Sturges, 1957), Burt Lancaster eta Kirk Douglas lagun; eta The Big Circus (Irwin Allen, 1959), Victor Mature eta Vincent Pricerekin. Flemingek egindako azken lana 1990eko Waiting for the Wind ekoizpena izan zen.[3]
Filmografia
Erreferentziak
Kanpo estekak