Nekazarien familia batean jaioa zen, eta ondo ezagutzen zuen laborarien mundua. 1916an argitaratu zuen lehen poema-liburua. Iraultzak zekarren bizitza berria kantatu zuen: Inonia (1918), "Errusia Sobietarra", "Martxa Handiko kanta", "26en balada" (1923-1928).
Isadora Duncanekin ezkondu zen, eta harekin Mendebaldera egin zuen bidaiaren ondoren, ideia berrien eta izpirituaren eta izadiaren edertasuna suntsitzen zuen industrializazioaren kontra agertu zen: "Lapur baten aitortza" (1921). Gero eta etsiago, edaten hasi zen; "Gizon beltza" (1925) bere azken obra idatzi eta bere buruaz beste egin zuen. Haren obrak harrera ona izan zuen gazteen artean, baina alderdi komunistak langileriarengandik urrutikotzat jo zuen, eta debekatu egin zuen.