Udalerritik hainbat erreka igarotzen dira: Latsa erreka (hara isurtzen da Zubizabaleta erreka) eta Urotzeko erreka. Biak Errobira isurtzen dira, beherago, udalerritik kanpo. Antzara errekaren ibaiadarra den Urloko erreka ere Ezpeletako lurretatik igarotzen da. Urdazuri ibaira isurtzen den Larreko errekak ere udalerria zeharkatzen du, bai eta haren ibaiadar diren Farendeiko eta Erdiko errekek ere.
Giro atsegineko herria da eta, horko Ezpeletako piperren bidez, bizitasuna eramaten dute “ahogozo”ko Frantziara.
Herriak bi auzo ditu, eta Kanbora doan errepideak bi auzo horiek banatzen ditu. Goialdean udaletxea (herriko etxea) dago, Errenazimentu garaiko Jauregia gazteluan. Bailaratxoaren atzealdean, San Esteban eliza sendoa altxatzen da. Lapurdiko dorre klasikoa du eta XVII. mendearen hasieran eraiki zuten, baita haren erretaula nagusia ere. Alboetan, berriz, alde batean, eseritako Ama Birjina dago, Michelangeloren estilokoa; beste aldean, Kristo bikain bat. Riberaren olio-pintura bat dago, Ezpeletako baroiaren dohaintza. Halaber, badira ere bertan Errenazimentuko ur bedeinkatuko ontzi bitxi bat eta kantore barroko bat.
Hilarrien bilduma oso interesgarria da, baita lau esbastika dituen hilobi‑harria ere bai. Hilerri horretan bertan, absidearen ondoan, Agnès Soureten hilobia dago, historian lehendabiziko aldiz, Frantziako neska ederrena edo "Miss France" hautatua, eta 1902an Ezpeletan sortua.
Bertako piper gorri minak oso ezagunak dira eta oso aintzat hartuak sukaldaritzan, saltsak, barrubeteak eta abar prestatzeko.
Adibidez, bixigarria ematen die dela pil-pilean egindako bakailaoari, dela marmitakoari, dela axoari. Ezpeletar esapideak dioenez: «Euskaldun, fededun, biperdun».
Urtero urrian izaten da Ezpeletako Biper Gorriaren Eguna, herrira milaka bisitari dakartzana.[3]
Demografia
XIX. mendearen erdialdean 1.700 biztanle baino gehiago izatera iritsi zen Ezpeleta, baina hurrengo hamarkadetan lagunak galtzen hasi zen eta 1960ko hamarkadan behea jo zuen, 1.200 biztanle inguruan. Ondoren hazkunde nabarmena izan zuen udalerriak, eta XXI. mendearen hasieran 2.000 biztanleen maila gainditu zuen.
Uda‑garaian Donibaneko ekimen‑sindikatuak jaialdiak eta ikuskizunak antolatzen ditu. Herriko festak ekainaren 24ean hotsandiz ospatzen dituzte, San Joan Bataiatzailearen egunean. Bezperako sua festen hasiera izan ohi da.
Kirolak
2018ko Frantziako Tourreko azken aurreko etapa erabakigarria bertan amaitu zen, uztailaren 28an; Geraint Thomas galesak maillot horia berretsi zuen eta, ondorioz, itzuli frantseseko garaile litekeena bihurtu.
Euskara
Ezpeletan[6] Sara-Ainhoa inguruko euskara[7] mintzatzen da, nafar-lapurtarraren aldaera bat.