Fabaren Errege-erregina egun batez haur bat errege edo erregina moduan koroatzeko nafar ohitura eta ospakizuna da.
Nafarroako Errege Gorteko antzinako instituzio bat izan zen. Epifaniaren egunean, ume txiro bat koroatzen zuten, eta errege-erreginek errege balitz bezala tratatzen zuten. Gorteak nahiz herriak ospatzen zuen festa honen jatorria Xanpaina Etxearen garaikoa da, Tibalt I.aren eskutik (1234-1253) Frantziako Gorteko ohitura batzuk ezarri zituelako. Nolanahi ere, agirietan Karlos II.aren erregetzan (1349-1387) ageri da aurrenekoz, eta Karlos III.aren garaian (1387-1425) lortu zuen ospe handiena.
Errege Egunean, erregea eta gortea zeuden tokian, Erriberrin, usu, ume txiro batzuk biltzen zituzten, jauregiko zerbitzarien seme-alabak gehienetan, eta opil bat ematen zieten jateko. Opilak baba bat zuen barrenean, eta hura aurkitzen zuena zorioneko bihurtzen zen; izan ere, arropa dotoreak jantzi eta arrandiaz koroatzen zuten “Fabaren errege”, Nafarroako errege-erreginen koroatzearen antzeko zeremonia batean. Oturuntza handi bat eta hainbat ospakizun egiten ziren egunean zehar, nobleekin eta errege-erreginekin, nobleen entretenigarri. Egunaren bukaeran opariak eta dirua edo garia ematen zizkioten umeari. Festa hau Erresumako hiri nagusietan ospatu izanaren testigantzak daude: Iruñean (1439), Zangozan (1413), Tafallan (1424), Lizarran (1381), Tuteran (1423), denboran zehar izen desberdinak erabiliz. Adibidez, 1381eko agiri batean "el petit Rey" izenaz aipatzen da. Ohitura herri batzuetan ere ezarri zen; Fiteron, XVI. mendean, “enperadorea” izenaz ezagutzen zen festan, ume koroatua herriko agintari gorena bihurtzen zen egun batez. Nafarroak Gaztelako Koroak konkistatu zuenetik aurrera ospatzeari utzi zitzaion, baina, ospakizun herrikoi bihurtuta, festa handia egiten zen Iruñean XVIII. mendean (su artifizialak, musika, kantuak), hainbestekoa non Errege Kontseiluaren aginduz debekatu baitzuten (1765).
Jatorria
Urruneko jatorria ErromakoSaturnaletan legoke. Jaiegun haietan nagusiak gatibuen zerbitzari bihurtzen ziren, otorduak ematean eta abar.
Europako leku askotan, Erdi Aroan haurren bat egun batez abade ez ezik Aita Saindua ere izendatzen zituzten. Beste batzuetan, errege-opilean baba tokatzen zitzaion lagunari egun hartan errege plantak egitea zegokion. Ohitura honen moldaketa zen Tibalt-ena.
Gaur egun
1920an, Ignacio Baleztena idazle eta politikari karlistak egin zituen Fabaren Erregearen ohitura berreskuratzeko lehen saiakerak, Fabaren Erregearen tradizioa eta Nafarroako Errege-erreginen koroatze zeremonia ospakizun kostunbrista berri batean bildu nahian. Iruñeko Muthiko Alaiak peñak 1932an hartu zuen bere gain festaren antolaketa. 1964tik aurrera urtero Nafarroako herri batean ospatzea erabaki zen, jatorrian egiten zen bezala, tradizioa ezagutzera emateko. Aldez aurretik herriko eskola-ume batzuen artean banatzen da errege-opila; bere zatian faba edo baba aurkitzen duena izendatzen da errege edo erregina, eta aurrerago, antolatzaileek zehazten duten egunean egiten da koroatzeko zeremonia, Karlos III.a Noblea 1390ean koroatzeko egin zena imitatuz. Bufoiak, juglareak, andereak, zaldunak, apaizak eta Erdi Aroko gorte osoa aurretik doazela, Fabaren Erregea edo Erregina elizara laguntzen dute Zuria I.a erreginak eta Vianako printzeak; errege edo erreginari eskatzen zaio nafar foruak eta askatasunak zin egiteko eta "goardar et defender el regno a nuestro poder", bedeinkapena eta errege edo erregina izendatzeko ikurrak jaso aurretik. Orduan, "real, real, real" oihukatzen den bitartean, pabesaren edo armarriaren gainean altxatzen dute errege edo erregina izendatu berria.
Beste ohitura batzuk
Nafarroako zenbait herritan Errege Egunaren garaian egin ohi diren beste ospakizun batzuek ohitura honen aztarnak dituzte: esate baterako, “Echar el reináu” izenekoan, Errege Egunaren bezperan, afal ondoren, familiako buruak jokorako kartak banatzen zituen etxekoen artean; errege urrea hartzen zuena “etxeko errege” bihurtzen zen urtebeterako, eta familiako guztiek bibaka omentzen zuten, ezkilak, joareak, eta bestelakoak jotzeaz batera. Haurrak zarataka ibiltzen ziren kalez kale.
Altsasun, Errege Egunean kartak banatuz aukeratzen dituzte gaur egun ere Agate Deunaren ospakizunetan kintoen errege-erreginak izanen diren gazteak.