Waterford (gaelerazPort Láirge, antzinako eskandinavierazVeðrafjǫrðr), Irlandako Errepublikaren bosgarren hiririk handiena eta izen bereko konderriaren hiriburua da, herrialdeko hegoaldean kokatutakoa, Munster probintzian. 46.747 biztanle ditu (2011) hiriak, baina metropoli eremuak 64.000 inguru hartzen ditu. Irlandako hiri zaharrena kontsideratzen da.
Industria (ehungintza, elikagai industria, beiragintza, papergintza) da herriko ekonomia jarduera nagusia. Era berean aipagarriak dira harresi zaharraren aztarnak, XI. mendeko dorrea eta XVIII. mendeko bi katedralak.
Izenak
Vikingoek sortu zuten hiria eta Veðrafjǫrðr izena eman zioten, "ardien fiordoa". Irlanderazko izenak (Port Láirge) "Láragen kaia" esan nahi du eta Waterford izen ingelesak "uretako pasabidea".
Geografia
Suir ibaiak muga egiten du Kilkenny eta Waterfordeko konderrien artean. Waterford ibaiaren hegoaldean dago baina hiria hedatuz joan den heinean Ferrybank auzoa ibaiaren beste aldera zabaldu da. Hiritik kilometro gutxitara Suir ibaiaMuir Cheilteach badian uretaratzen da.
Historia
Esan bezala vikingoak izan ziren hiria sortu zutenak. 853an Waterforden ondoan eratu zuten asentamendu txiki bat baina irlandarrek 902an bertatik bidali zituzten. 914 itzuli ziren Ottir Iarla-ren gidaritzapean eta Veðrafjǫrðr eratu zuten. Hau da beraz Waterforden fundazio data. Irlandan sortu zuten lehenengo hiria izan zen.
Ingelesek Dublin hartu eta Leinsterreko erregea bere lurretatik bidaltzean, honek Waterford eskuratu nahi izan zuen 1167an baina ez zuen lortu. 1171ean Richard FitzGilbert de Clare ("arku indartsua") ingelesak ere Waterford erasotu zuen eta horrela Ingalaterrako Koroaren Hiri bihurtu zen.
Suir ibaiaren ertzean egonik hiriak hazkunde nabaria izan zuen eta Dublin hiriburuaren ondoren herrialdeko bigarren hiri bihurtu zen. Erreforma Protestantearen aurrean Waterfordek katoliko izaten jarraitu zuen eta Irlandako Konfederazio Katolikoarekin bat egin zuen 1642an. Honek 1649 arte iraun zuen, Oliver Cromwell iritsi eta ingelesen nagusitasuna berrezarri arte. Waterford bera 1650an eskuratu zuen Henry Iretonek, Cronwellen ilobak.
XVIII mendean goraldi ekonomikoa izan zuen, garai hartakoak dira alde zaharreko etxe ugari, eta XIX mendean beiragintza eta untzigintza industriak errotu ziren. 1922an Irlandako Gerra Zibilaren borroka latza izan zen Waterforden.
Irlandako beste herrietan ez bezala, Waterfordeko kirolik arrakastatsuena futbola da. Waterford United F.C. da bertako taldea eta sei Liga eta bi Kopa irabazi zituen 60 eta 70. hamarkadetan, garai hartako talde irlandarrik garrantzitsuena bihurtuz. Europako txapelketetan ere aritu zen.
Waterfordeko kirolik zaharrena berriz arraunketa da. 1878an eratu zen Waterford Boat Club elkartea.
Klima
Klima ozeaniko epela du. Prezipitazioak 1021 mm-koak dira eta batazbesteko tenperaturak 20 °C ingurukoak izaten dira udan eta neguan berriz 3 °C-tara jeisten dira. Irlandan "hego-ekialde eguzkitsua" ezizena ematen zaio inguru honi.