Korrikaeuskararen alde Euskal Herrian zehar lasterka egiten den ekimen erraldoia da, arineketan egiten den manifestaldi baten modukoa. Pertsona helduen euskalduntzea eta alfabetatzea zeregina daukan AEK erakundeak antolatzen du, hainbat euskaltegi elkartzen dituena.[1] Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
Bi urtez behin egin ohi da eta 11 egun inguru behar izaten du lurralde guztia zeharkatzeko. Urtero ibilbidea aldatu egiten da, baina beti 2.300 kilometro inguru izan ohi da. Ateratzen denetik amaitu arte, lekukoa eskutik eskura, herriz herri aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera klimatologiko txarrengatik ere. Lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean idatzi eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Lehen Korrika 1980an egin zen; eta 2019. urtean 21. ediziora iritsi zen. 22. KORRIKA, aldiz, atzeratu behar izan zen koronabirusak eragindako pandemiaren eraginez. 2022an martxoaren 31tik apirilaren 10a arte izan zen.[2][3]
1999tik aurrera, Euskal Herritik at ere Korrika ekimenak burutzen dituzte, atzerrian bizi diren euskaldunek edo euskal diasporako kideek bultzatuta. 2022an mundu osoko 45 hiritan antolatu zuten.[4]
Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hil batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia izan arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.
Franco hil eta lehenengo bozketetan Ramon Rubial atera zen garaile, eta AEK-k laguntza polita hartu zuen hala Gobernutik eta beste erakunde publikoetatik: diru-laguntzak gehi euskararik ez zekiten irakaskuntzako irakasleen prestaketa... Baina arrazoi politikoak tarteko EAJ nagusitu zenean diru-iturriak agortuz zihoazkion, batzuek eta besteek emandako laguntzak urrituz joan baitziren. AEK-k, ikusita elkarrizketaren bidetik ez zuela ezer lortzen, protestari ekin zion: Lakua aurrean bilketak, HABEn eta Legebiltzarrean itxialdiak... Bide horretatik ere ezer ez zuen lortzen; alderantziz, era ezberdinetako oztopoak jartzen zitzaizkion. Udalen bidea ere zarratu zitzaion, eta beste bide batzuk lantzea erabaki zuen, eta herriarengana jotzea erabaki zuen.
Arazoei aurre egiten
AEKren biltzarra hasi zen aztertzen zein ziren arazo nagusiak, eta erabaki zuen:
AEK-k diru premia handia zuela; beraz, bideak aurkitu behar zirela.
Euskararen irakaskuntza Euskal Herri osora hedatu behar zela euskaldunek ez zutelako izan euskaraz alfabetatzeko ez euskara ikasteko aukerarik. Horiek alfabetatzeko edo euskalduntzeko eskubidea zutela eta eskubide hori eman behar zitzaiela ikasi nahi zutenei.
Euskal Herria benetako Euskal Herri bihurtzeak eta Erdal Herri bihurtzeari mugak jartzeak presa handia zuela.
AEK-ko kideek bere helburuak lortzeko bi publizista talderekin harremanetan jarri ziren: bata, Euskaltzaindiak duela gutxi euskararen alde egindako kanpaina prestatu zuena, eta bestea, Bilboko Txomin Barullo inguruko talde publizista. Bi taldeei azaldu zieten zer nahi zuten eta zein ziren AEKren helburuak kanpaina hartan. Proposatu zieten errelebo-lasterketa bat izan zitekeela egokia.
Lasterketa Euskal Herri osoko itzulia izango litzateke; horrela Euskal Herri osoa alfabetatu eta euskaldundu beharra zegoela adieraz daiteke. Erreleboa kilometroka egingo litzateke; beraz, kilometroa egiten duen korrikalariak zerbait ordaindu beharko du (berak edo bere taldeak), beraz, diru pixka bat ateratzeko egokia. Arineketan egiten zenez, jendea alfabetatzeko eta euskalduntzeko presa zegoela eta erdalduntzeari galga jarri behar zitzaiola adieraz zezakeen. Errelebo-lasterketari "Korrika" deitzea onartu zuen AEK-ko biltzarrak.
Euskaltzaindiaren kanpaina prestatu zuen taldea lekukoaz arduratu zen, eta Remigio Mendibururi eskatu zion egiteko. Barrua hutsik zeukan lekukoa egin zuen. Talde honek jakinarazi zien kanpaina hartako txorixoak arrakasta handia izan zuela eta ea zergatik ez genion Euskaltzaindiari eskatzen Korrikan erabiltzeko baimena. Villasanterengana joan ziren Urtsa Errasti eta Julen Kaltzada, baina debekatu egin zien txoria erabiltzea. Mezuari dagokionez, luzaroan aritu ziren asmatzen lekukoan zein mezu sartu. Nafarroako arduradunak (Lurdes Mendinueta) esan zuen Jose Mari Satrustegiri azaldu ziola AEKren asmoa eta Satrustegik esan ziola Rikardo Arregik alfabetatze-lana babesteko eskatuz Euskaltzaindira bidalitako gutuna izan zitekeela mezua, eta kopia bat zeukala Rikardok berak bidalita. Beraz, Villasanterengana jo beharrik ez zuten izan gutuna lortzeko.
Prestaketa
Euskal Herri osoko AEK-koen eta iritzi guztietako herritar askoren laguntzaz prestatu zen kanpaina, bilatu ziren korrikalariak, eta Korrika Oñatin —Euskal Herriko lehenengo Unibertsitatea egon zen herrian— hastea eta Bilbon amaitzea erabaki zen. Hasi aurretik, aurkezpenak egin ziren hainbat tokitan. Horietako bat Bilbon, nora EGIko burua zen Urkullu gaztea eta ELAko ordezkaria zen Uzturre ere etorri ziren. Zarautzen, Argiñanok prestatutako bazkarian aurkeztu zitzaien kazetariei. Amaiera lehenengo Arregiren mezua eta gero AEK-ko batzordeak prestatutako idazkia irakurrita eman nahi zitzaion. Horrela hasi zen antolatzen, lehenengo Korrika.[5]
Martxaren buruan, lekukoa duen pertsona joaten da. Kilometro oro, lekukoa erakunde edo pertsona zehatz batzuek eramaten dute. Erakunde edo pertsona horiek kilometroa "erosi" egiten dute, euskararen aldeko erakundeak ekonomikoki laguntzeko. Lekukoa Korrikaren lehen ediziotik gordetzen den zur tailatuzko makila eta ikurrina dira.
Testiguaren atzean, martxaren burua osatzen da, non urte bakoitzeko leloa dakarren pankarta ikus daitekeen. 2005ekoa, 14. Korrikan, Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! izan zen; 2007koa, berriz, Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. 2009koa, 16. Korrikan, Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira. Pankarta horren atzean gainerako jendea biltzen da, musikarekin lasterka.
Lekukoa
Korrikaren ikurra den lekukoa.Remigio Mendiburu artistak diseinatu eta egin zuen 1980. urtean. 1988 arte pieza hau ibili zen Korrikan.
Testigua edo Korrikaren lekukoa, eskuz esku doan makila Remigio Mendiburu artistak diseinatu eta egin zuen 1980. urtean. 1988 arte pieza hau ibili zen Euskal Herrian barrena. 1988az geroztik, Juan Gorriti eskultoreak eginiko kopia da herriz herri dabilena.
Remigio Mendibururen artelana, 1980ko Korrikaren lekukoa alegia, Donostiako San Telmo Museoaren erakusketa iraunkorrean dago ikusgai, "modernitatearen hasiera" deritzon atalean.[6][7]
Korrika Kulturala
Ibilbide guztian zehar, ospakizun kultural ugari izaten da. Izan ere, Korrikaren inguruan, ekimen kultural ugari (kontzertuak, tertuliak, hitzaldiak, antzezlanak, erakusketak...) egiten da herriz herri. Korrika Kulturalaren barnean biltzen den kultur programazioa da. Korrika hasi baino hilabete pare bat lehenago hasten dira ekintzak. Korrika kulturalarekin batera ekitaldi horretako abestia eta bideoklipa ere aurkezten dira.
2020ko udaberrian, KORRIKA-AEK.Kultur sorkuntzarako BEKA aurkeztu zen: AEK-k, KORRIKA kulturalaren bidez, lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta, 23. KORRIKAtik aurrera, KORRIKA kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea.[8][9][10]
Korrikaren edizioak
Hona hemen edizio bakoitzeko datu garrantzitsuenak taula batean laburbilduta:[7]
Honetaz gain, Korrikarekin batera Ziberkorrika izeneko ekimena ere garatzen da. Munduko txoko desberdinetatik ziberkilometroak erosten dituzte, interneten Korrika birtual eta paralelo bat osatuz.
Hala Bedi.eus - "Korrika takoiekin" artikuluari laguntzeko argitaratutako argazkia.
Arabako Errioxako kuadrillan antolaturiko ekitaldia da, Korrika bertatik pasatzen ez denean burutzen dena. AEK-k Korrikaren ibilbidean Arabar Errioxa bazterrean utzi zueneko haserreak eraginda hasi zen egiten protesta gisa[19]. 2013an izan zuen lehenengo ekitaldia eta ondoren 2017koa eta 2022koa etorri ziren[20].
Korrika atzerrian
Atzerrian dauden euskaldunek ere antolatu izan dituzte Korrikak. Lehenengo aldia 1999an izan zen eta Bartzelona eta Londresko euskaldunek antolatu zituzten. Urtetik urtera gero eta gehiago izan dira horrelako ekintzak. 2017an esate baterako honako leku hauetan egin zen:[21]
Ameriketan: Buenos Aires, Chicago, Santiago Txile, Lima, Sao Paulo, Mexiko Hiria, Washington, Necochea, Montreal, New York, Boise, La Plata, La Habana
Bidaia intimoak: Korrikaren 16. ekitadirako Jon Maia bertsolariak Bidaia intimoak dokumentala filmatu zuen.[28] Jatorria edozein dela ere euskarara etortzeko egindako bidaia egin duten guztiak omendu nahi izan zituen. Lau pertsonaren bizipenak kontatzen dira, beraiek euskarara egindako bidaiaren nondik norakoak, barru sentipenak, bidaiak eman diena...