Larragoa[4] ([laraɣo.a]) Nafarroa Garaiko mendebaldeko udalerri bat da, Lizarrako merindadekoa. 116 biztanle ditu,
2014. urteko erroldaren arabera. Iruñea hiriburutik 74 kilometro mendebaldera dago. Gaztelerazko forma du herriak izen ofizial bakartzat: Larraona.
Udalerri osoan ez da klima bera: mendebaldeko gune menditsuetan klima atlantikoa da nagusi, urtean batez beste 1.600 mm-tik gorako prezipitazioak eta 8 ºC dituela. Udalerriaren erdialdean eta ekialdean, berriz, klima azpimediterraneoa da, prezipitazioak urriagoak dira, 1.200 eta 1.400 mm bitartekoak, eta tenperatura 10 °C ingurukoa izaten da. Urteroko egun euritsuak 130 izaten dira batez beste.
Jatorrizko landaredia haritzek eta pagoek osatzen dute; pagoak, batez ere, mendebaldeko gune menditsuetan ageri dira. Lizarrerriko udalerri askotan ez bezala, Larragoak jatorrizko landarediari dagozkion hainbat zuhaitz espezie gordetzen ditu oraindik ere.
2008ko erroldaren arabera, herrian ez da etorkinik bizi.
Politika
Udaletxea
Errepidearen ondoan dagoen beheko solairu eta gainean solairu bakarreko eraikina da. Margoturiko hiru fatxada dauzka eta eraikinaren arkitektura inguruko eraikin tipikoen berdina da. Udalak alkatea eta lau zinegotzi dauzka. Larragoako udaleko idazkaria, Aranaratxe eta Eulateko idazkari ere bada.
HELBIDEA: Zuria Kalea, z/g
Udal hauteskundeak
Herri txiki honetan beste batzuetan gertatu den bezala[6], 2007an ez zen udal hauteskunderik izan Larragoan, ez zelako inongo talderik aurkeztu[7].
2008an izendatutako alkatea, María Flora Gabiria Andueza alegia, 2011ko hauteskundeetan karguan berretsi zuten, kasu honetan Agrupación Electoral Larraona (AEL) taldearen izenean. Beste 4 zinegotzi ere aukeratu zituzten.
Antzin-Ameskoako Zerbitzu Sozialen Mankomunitatea, zaborra bildu, ura hornitu eta bestelako zerbitzuez arduratzen da Larragoa eta eskualdeko beste hainbat herritan.
Andre Maria Zuriaren baseliza, XVIII. mendeko nabe laukizuzeneko eraikina da, kanoi erdiko estaldura eta harlanduzko kanpoaldearekin. San Benitoko baseliza bestalde, XVI. mendeko eraikina da.