Zornotza (Euskaltzaindiak onartutako izena) edo Amorebieta-Etxano (izen ofiziala) Bizkaiko erdialdeko udalerri bat da, Durangaldea, Arratia, Nerbioi ibarra eta Busturialdea eskualdeen artean dagoena. Gaur egungo udalerria 1951ko urtarrilaren 26an eratu zen, Zornotza eta Etxano udalerriak batuta. Udalerriak 58,46 km2 ditu, eta 2023. urtean 19.570 biztanle zituen.
Izena
Tradizioan, euskaraz, Zornotza (edo Zorrontza) erabili izan da, eta gaztelaniaz Amorebieta. 1979ko irailean, bietako bat ofizialtzat hartu behar zela eta, udalak Amorebieta hautatu zuen, eta horrela, udalerriaren izen ofiziala Amorebieta-Echano bihurtu zen. Gerora, euskal ortografiara ekarrita, Amorebieta-Etxano bihurtu zen, 1997ko ekainean.
Euskaltzaindiak, berriz, Zornotza hautatu du herriaren euskarazko izentzat argudio historikoetan oinarrituta.[4][5] Herriaren jatorria den Zornotzako ibar-jaurerriaren sasoian, XII. mendetik aurrera, bi elizate zeuden Ibaizabal ibaiaren bi aldeetan, bata bestetik oso hurbil, Amorebietakoa egun eliza nagusia dagoen lekuan eta Etxanokoa handik metro batzuetara. Biak ala biak, eta gainerako etxeak, Zornotza deitutako ingurunean zeuden. Horretan oinarrituta, Euskaltzaindiak logikotzat hartu zuen udalerriari Zornotza deitzea.
Hala ere, frankismoa amaitu ondoren, udalak ez zuen Euskaltzaindiaren iradokizuna aintzat hartu, eta gaztelaniatik datorren Amorebieta-Etxano izen ofiziala darabil. Herritarrek, berriz, euskaraz hitz egitean, Zornotza esaten diote herriari.
Geografia fisikoa
Zornotzako udalerria Bizkaiaren erdigunean dago eta itxura luzatua du, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera.
Ibaizabal ibaiak udalerria zeharkatzen du eta ondoko mendiak inguratzen ditu: Betzuenburu (792 m), Kañometa (760 m), Gorritxueta (757 m), Belatxikieta (662 m), Bizkargi (563 m), Urrimendi (425 m), Arrezuriaga (329 m) edo Torreburu (326 m).
Urkiolako Parke Naturala: 5.958,3 hektarea-ko zabalera dauka, eta Zornotza udalerria barne hartzen du.
Zornotzaren jatorria Zornotzako ibar-jaurerrian bilatu behar da. XII. mendean Zornotza leinukoek (Salcedo-Aialatarren ondorengoak) inguraldea populatu zuten, lekuari izena emanez. Izan ere, Pedro García de Salcedori eman zioten opari Navas de Tolosako guduan izan zuen parte-hartzearen esker onez. Sasoi hartan Nafarroako erresumaren eta Bizkaiko jaurerriaren arteko muga zegoen bertan, eta oraindik ere herriko gune bati Nafarroako zelaiak deitzen zaio. Pedro García de Salcedok zornotzarren leinua finkatu zuen ingurune hartan, Zornotzako ibar-jaurerria sortuz.
Zornotzako dorretxea, XII. mendearen erdialdean eraikia, 1445. urtean "Castroko fraideak" deituriko gudari talde batek erre egin zuen. Talde militar horrek, Pedro de Avendaño jauntxoak ordainduta, su ematen zien inguruetako beste ahaide nagusien etxeei, Erdi Aroan Euskal Herrian egon ziren banderizoen gerratan. Dorretxe horretan, ibar-jauna edo Ibar-jaurerriko epaile nagusia bizi zen eta haren lana epaiketa penalak eramatea izaten zen.
Sasoi haietan, Zornotzako elizatea Bizkaiko Jaurerriko aberatsenetakoa zen Iturrizaren hitzetan. (" ...mendi asko zituen ikatz eta etxe eraikuntzak egiteko; gaztiñadiak ta otatzak sua eta karea egiteko; abereentzako larreak, senda-belarrak,iturri eta zubi ugari,gehienak zurezkoak eta bat harrizkoa Bilbora doan Ibai urtsua zeharkatzeko; arrantza ugaria eta 149 baserri lur arlo handiekin"). Baserri hauen ekoizpena, Zubiaurren, astean hiru aldiz egiten zen azokan saltzen zen. Astepe inguruan kokatzen ziren olak eta burdindegiak ere oso ezagunak ziren. Bidegurutze baten egoteak eta lurralde aberatsak izateak bultzada ekonomiko handia eman zion Zornotzari garai haietan.
Erdi Aroan, haren inguruetan, Larrea, Alzaibar, Aretxaga, Belaustegi eta Nafarroa dorretxeak sortu ziren. Nafarroa dorrearen ondoan zegoen Nafarroako Erresuma eta Bizkaiaren arteko mugarria. Bizkaitarrek, akordioz, 1150eko urtarrilaren 28an kendu egin zuten. Larreako dorrea Nafarroako Iñigo erregeak eraiki zuen 877. urtean eta haren alferez nagusia zen Iñigo de Larari eman zion.
Zornotzako ibar-jaurerriak Gernikako Batzarretxean 29. jarlekua zuen eta bi buruzagik ("fieles regidores") bere izenean jarduten zuten. Etxanoko elizateak 30. jarlekua izan zuen Gernikako Biltzar Nagusietan.
Aro modernoa
1808kourriaren 31n, Frantziako armadak, Villatte jeneralaren agindupean, Zornotzari eraso egin zion. Herriko defentsa Joaquín Blake teniente jeneral irlandarrak zuzendu zuen soldadu ingelesekin eta, erasoaren ondorioz, 6.000 pertsona hil ziren (gehienak zibilak) eta Amorebieta eta Etxano aldeak suntsituta gelditu ziren. Soldadu ingelesek eta espainiarrek ez zuten galera handirik izan ihes egiteko aukera izan baitzuten. Borroka hura Napoleonen soldaduek irabazi zuten baina ez zuten lortu erresistentzia guztia apurtzea.[6][7]
Ibar-jaurerriak lau elizate barne hartzen zituen: Amorebieta, Etxano, Ibarruri eta Gorozika. Azken biak, herriaren iparraldean eta Ibaizabalen arroan egon ordez Oka ibaiaren arroan egonik, Muxikako auzo bihurtu ziren.
karlistaldietan Zornotzak zerikusi handia izan zuen. Belaustegigoitia etxean (gaur egun berriztatu eta hotel moduan erabilia "Konbenio kalean"), karlistek eta liberalek Zornotzako ituna sinatu zuten 1872an, Hirugarren Gerra Karlistari amaiera emateko asmoz.
1936koEspainiako Gerra Zibila zela eta, Zornotza herria sute handi batek suntsitu zuen eta 1940. urtean gaur egun ezagutzen den herri berria eraiki zuten.
Industria (metalurgia, kimikoa, ehungintza, papergintza) da ekonomi jarduera nagusia; zerbitzuak ere garrantzitsuak dira, merkataritza-gunea baita. Nekazaritzak (barazkiak berotegietan) eta abeltzaintzak garrantzi gutxiago dute. Beharrean dabiltzan herritarren ia % 60ek bigarren sektorean dihardute eta %40 inguruk hirugarrenean.
Demografia
Zornotzak 18.491 biztanle zituen 2016. urtean. Hazkunde nabarmena eduki zuen 60-70eko hamarkadetan, industrializazio prozesuagatik biztanleria bikoiztu zuela (1960: 8.346 biztanle; 1978: 15.791 biztanle). Laurogeiko hamarkadan populazioak hazteari utzi zion, baina XXI. mendearen lehen hamarkadetan hazteari ekin zion berriro.
2015eko maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz Andoni Agirrebeitia Abendibar (EAJ) da Zornotzako alkatea, David Latxagaren (EAJ) ondotik. Agirrebeitiak alkatetza lortu zuen bere taldearen baiezko botoei esker, gehiengo sinpleaz.
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
Ondarea
Erlijio ondarea
Andra Mari eliza nagusia, X. mendean, etxanotarrek eraiki zuten eta XVI. mendean berriztatu eta handitu. XVII. mendean, berriz, Arteagako etxeak izan zuen patronatua eta elizaren hamarrenak hartu zituen.
Etxanon elizaz gain, beste bost baseliza zeuden: Santa Luzia, Larreako San Juan Bataiatzailea, San Bartolome, San Antolin eta Bizkargiko Santi Kurutz. Horrez gain, 1712. urtean, Juan de Larreak komentu bat eraiki zuen.
1544. urtean, Ziortzako abatak Bernagoitiako Mikel Deunaren elizaren patronazgoa eman zion Martin Ruiz de Avendaño jauntxoari eta honek bere semea zen Prudencio de Avendaño eta Ganboari. 1599. urtean berriztatu zuten.
Larreako Juan Bataiatzaile Deunaren eliza, pizkundetar estilokoa, Juan de Larrea eta Henayok eraiki zuen 1697. urtean, eta haren osaba zen Juan de Larrea eta Larreak 1647an baseliza bat eraiki zuen toki berean. Eliza 1704. urtean kontsagratu zen eta 1713kootsailaren 3an Karmeldarrei eman zieten komentu bat sortzeko asmoz.
Baseliza horiez gain, baziren beste batzuk ere: Ofrendoko Joan Deuna, Larriñetako Pedro Deuna, Gumuzioko Juan Deuna, Pardoko Urbano Deuna, Dudeako Mikel Deuna,Ibarreko Lorentzo Deuna, Irazangoko Santikurutz, Elgezabaleko Antonio Deuna, Aranoko Martin Deuna, Bediagako Bizente Deuna, Bediagako Santikurutz, Austoako Santikurutz eta Saratsuko Pedro Deuna.
Ondare zibila
Cancelada jauregia: Sabino Arana kaleko 21. zenbakia XIX. mendean neoklasiko estiloan eraikia, lau solairutakoa. Diseinua apaingarri handirik gabekoa izanda ere, materialen kalitate ikusgarri egiten du.
Canuto Basterraren etxea: Fidel Iturrizaren proiektuaren arabera, 1921ean eraikia, Barroko garaiko apaingarriz horniturik badago ere, baserriaren ezaugarririk berezkoenak gordetzen ditu.
Lopez jauregia: Castor Uriarteren proiektuaren arabera 1926an eraikia neoklasiko estiloan.
Hirigunean kale-eskultura batzuk ditugu, haien artean garrantzia berezia duteneko bat Amorebietako Andra Mari Eliza dugu.
Hirigunetik kanpo ikustekoak dira: Bernagoitia, Boroa, Etxano, Larrea edo San Antonio.
Euskara
Herriko eta inguruko jatorrizko euskalkia Mendebaleko euskararen aldaera bat da, durangaldekoa hain zuzen. Durango da eskualdeko herririk handiena, baina euskalki honen parte dira Abadiño, Atxondo, Iurreta eta Elorrio, besteak beste.
Jauregibarria parkea eta interpretazio zentroa
Jauregibarria parkea hirigunetik hurbil dagoen parke zabala da, eta paseatzeko, kirola egiteko edota naturaz gozatzeko aukera ematen du. Urte bakoitzaren hasieran, nazioarteko atletismo-proba antolatzeko erabiltzen da. Proba horrek tradizio luzea du herrian. Aisialdirako parkea izateaz gain, natura hobeto ezagutzeko aukera ere ematen du, bereziki inguruko zuhaitz-espezieak . Parkeak ibilbide zabalak eskaintzen ditu, paseatzeko edo ariketa fisikoa egiteko. Erdiguneko urmaelaren inguruan ahateak daude, bai eta koartzaren bat ere.
Bideaurretik parkera sartzean, Jauregibarria baserria dago. Eraikin hori orain dela gutxi birgaitu dute eta interpretazio-zentro modura erabiltzen da.
Baselizen ibilbideak
Amorebieta-Etxanoko udalerriak, hiriguneko monumentuen ondareaz gain, baditu herriaren inguruan ere eraikinak, erlijiosoak zein zibilak. Eraikinok interes handikoak dira, inolako zalantza barik; baina zoritxarrez, zornotzar gehienek ez dute horien berri zehatza edo ez dituzte ezagutzen. Zornotza Ezagutu izeneko ekimenaren asmoa ondare hori lau ibilbide desberdinekin ezagutaraztea da. 17 baselizen katalogoan XV-XVI mendeetako baseliza talde bat aurki dezakegu, hau da, aldaketen garaiko baselizak, Etxanoko elizaren garaikoak gutxi gora-behera eta ezaugarri berak dituztenak: ez daude gangaz estalirik, aparailu eskasekoak dira baina puntu erdiko sarbidekoak edo puntudunak ditugu, estilo historikoen artean sailkatzen laguntzen digutenak. Aipatzekoak dira Dudeako San Migel, Boroako San Pedro -beste baselizen gainetik dauden kofradia administratzaileak dira- Elgezabalgo San Antonio, Arkotxa-Bediagako San Bixente, e.a. Horiez gain, gaur egun narriadura handia duen bat ere aipatu beharko litzateke: San Juan Ofrendorena; izan ere, Amorebieta-Etxanoko gainontzeko baselizetan beharrezko berrikuntza handia egin da azken urteotan auzolanei esker. Auzolan horiek auzoen elkarteak egin dituzte eta Amorebieta-Etxanoko Udalak diruz lagundu die materialak jarriz.
Gurtzarako egoitzako arkitekturaren barruan, Zubiaur eta horren inguruetatik kanpora, estiloko eraikinak ia ez direla egin ematen du - ezer gutxi gelditzen da XX.
Harritzekoa da, ostera, benetako kalitate historiko eta arkitektonikoko baserri ugari izatea. Euskal baserria, Amorebieta-Etxanoko iraganaren enborra eta denboran atzera egiteko modurik onena eskaintzen duen aztarna bizia, ez zen izan artista bakar baten inspirazioa edo aparteko lan bikaina. Hargin maisuek arkudun baserri handiak sortu zituzten, bost mendeko prozesu luze baten ondoren: ingurunera eta baliabide tekniko eta ekonomikoetara egokitu behar izan zuten, baita moda estetikoen joan-etorrietara ere.
XVI. mendeko baserri garrantzitsuak gorde dira. Ergoiengo Zabale Bekoa dugu adibiderik aipagarriena. Aldanako Aurtenengoa eta Boroako Etxebarri baserriak, azken hori zurezko armazoia duten baserrien azken eredua, XVII. mendera arte izan den bilakaeraren frogak dira.
Jaiak
Zornotzako Karmengo jaiak
Herriko jaiak Karmengo jaiak dira, eta uztailaren 15etik (Karmengo Andra Mariaren egunaren bezpera) uztailaren 27ra (Santanatxu eguna) ospatzen dira.
Argi dago oso jai luzeak direla, baina aipatutako egunek (Karmen eta Santanatxu egunek) tradizio handia daukate herrian eta, hori dela eta, oso zaila edo ezinezkoa da jaien iraupena aldatzea.
70. hamarkadaren herrialdean bihurtu ziren herriko jai. Izan ere, koadriletako kideek osatutako Jai Batzordea izan zen jaiei azken bultzada eman ziena, udala alde batera utzita.
Udal demokratikoak osatu zirenetik, Koadrilen Batzordea eta udala bera lankidetzan aritu dira, herriko jaiak antolatzeko.
Egiten diren jarduera guztien artean, danborrada (helduena zein umeena) eta koadrilen desfilea nabarmendu behar dira. Santanatxu eguna berezia da zornotzarrentzat, eta herriko biztanleek asko estimatzen dute.
Azken urteotan lehiaketa bat antolatu da, jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko.
Etxanoko jaiak
Gaur egun Etxano auzoa legez ezagutzen dugunak 50eko hamarkadara arte bere udaletxea izan zuen.
Etxano beste auzo bat baino zerbait gehiago da. Esan bezala, bere udaletxea izan zuen, eta gaur egun Etxanon bizi direnek harreman berezia daukate auzoarekin. Harreman hori auzo-izaeraz harago doala esan daiteke. Hori dela eta, ahalegin berezia egiten dute Etxanori bere nortasunarekin bat datozen jaiak emateko.
Zornotzar ospetsuak
Juan Otxoa de Galartza, Bizkaiko Jaurerriko Sindiko prokuradore jenerala eta Inkisizioaren laguntzailea.
Juan Larrea Larrea (??-1662), Juan Bautista Larrearen semea, Larreako dorretxeko jauna, Filipe IV.a erregearen idazkari eta aholkularia. Santiagoko Ordenako kidea.
Juan Larrea Henayo (1642-1713), Juan Larrea Larrearen iloba, Karlos II.a erregearen idazkaria.
2000. urtetik Zornotzan ez dago semafororik[10] eta horren ordez biribilguneak jarri dira. Hala eta guztiz, 2000. urtetik aurrera istripuak %80a gutxitu dira. Arlo ekonomikoan semaforoak ez egoteak udaletxeari gastu hori aurreztea eragin dio[11].